Gutako bakoitzaren esku dagoena egin

Gutako bakoitzaren esku dagoena egin –

Amatiñok, Euskadi Irratiko Faktorian.

Genero-berdintasuna bermatzeko hainbat erabaki hartu dira, aurrerantzean, zalantzan jarri ez ezik, areagotu beharrekoak. Nago, ordea, inork hartu beharreko erabaki handien aitzakiaz, ez ote ditugun gure esku daudenak errazegi ahazten.

Nire adinekook joan zen mendeko berrogeiko hamarkada gorrian jaio ginen. Hezitu-edo, hezitu gintuzten neskatilarik gabeko eskolan eta, zenbait maisu eskua sartzen saiatzen zen bitartean, beste hainbatek besoa jasoarazten zigun diktaduraren espiritu nazionalaren agurretan.

Hura zen gure normaltasuna: neskarik eza, erdara hutsean, maisuaren esku arina dantzan eta Francoren argazkia aurrez aurre. Egia esan, ez dakit nola arraio atera ginen hain normalak.

Geroztik, hizkuntzaz zein ideologiaz, ikasi omen dugu bizi izaten gizarte demokratiko eta mixtoan non, jendaurrean behintzat, inork ez du genero-berdintasunik ukatzen. Hala ere, aitortu beharko, txikitako lagunak elkarrekin biltzen garenean, gure orduko joerak azaltzen zaizkigula. Oraindik ere, gizonen artean jarraitzen dugu egiten, emakumeen aurrean egingo ez genituzkeen komentarioak, eta elkarri bidaltzen dizkiogu, whatsappez, neskei igortzen ez dizkiegunak.

Sumatzen dut, zaharrenoi behintzat, ez zigutela gure emazteek askorik irakatsi, eta alabei zein bilobei esker dihardugula, orain, ikastaro lasterrak egiten. Adibideren bat jartzekotan, niri beti iruditu izan zitzaidan normala, euskal tradizio jatorra-edo, nire txoko gastronomikoaren bazkideen artean emakumerik ez izatea. Garrantzirik gabeko anekdota tipikoa besterik ez zen. Baina, jubilatu nindutenean, alabari aitaren soziedadeko karneta pasatzeko ordua heldu eta… ezetz, alabak ezin zuela bazkide izan, suhinak behar zuela izan. Nola? Nire begietako alaba kanpora eta kanpotik etorritako senarra barrura? Zelan izan leike hori?

Gutako bakoitzaren esku dagoena eginBaina, aizu, ez al zen ba euskal tradizio tipikoa? Ez al zen ba, garrantzirik gabeko anekdota hutsa? Beste modu batez esanda… inoiz egin al nuen nik neuk ezer arau hori konpontzeko?

Parlamentuek eta gobernuek ezarri beharreko legeak ondo daude. Beharrezko dira, zalantzarik gabe. Baina, horrez gainera, zer egiten dugu guk geuk, gutako bakoitzak, geure esku dagoena egiteko?

Gutako bakoitzaren esku dagoena egin

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.