Gustatzen zaizkigun gauzak

Gustatzen zaizkigun gauzak –

Maite Berriozabal Berrizbeitiak Bizkaiko Hitzan.

Piztu eta itzali egiten da pandemiarekiko konexioa: batzuetan, estaldura handiz konektatzen gara, eta, besteetan, ez dugu seinalerik hartu ere egiten.

Askok ez dakigu triste egoten, eta amorratu egiten gara. Haserrea ei da energiarik eraldatzaileena, baina su guztiek izaten dituzte itzalaldiak. Triste egotea barrurantz egotea da; kanpokoa hautsi beharrean, norbera nola hausten den ikustea. Nekatuta nagoenean jan egiten dut batzuetan, eta arduratuta nagoenean logura sartzen zait. Martitzen goiz euritsu batean hiru errei dituen errepidean erditik gidatzen duenari esan nahiko nizkiokeenak beste baterako utziko ditut. Izan ere, alboetara begiratuta, badira barrua pozten didaten gauzak ere.

Gustatzen zait ezagutu gabe agurtzen zaituen jendea. Gustuko dut egia minik eman gabe esaten ahalegintzen dena. Atsegin ditut orkatilara gerturatzen diren katuak eta asko desbideratzen ez diren erosketetarako orgak. Gogoko ditut taldean kantatzen dutenak. Maite dut telebistari edo irratiari erantzuten dion jende klasea. Asko gustatzen zaizkit bordele kolorea eta lixiba usaina eskuetan. Miresten dut prokrastinatzen ez duen jendea. Lasaigarriak iruditzen zaizkit itsaso nahasia eta egunkariaren usaina. Ederrak dira neguko eguzkiaren epela bizkarrean eta croissant egin berria.

Gustatzen zaizkigun gauzak

Gustura luzatuko nituzke parrandatik bueltan etxeko atariaren aurrean sortzen diren ezinbesteko elkarrizketa mamitsuak. Gustatzen zaizkit digestio errazak eta sandaliak. Gozatzen dut antzerkiaz eta mingotsak ez diren arbendolez. Gogoko ditut balkoietako limoiondoak eta ilobentzako Kinder arrautzak erosten dituzten amamak. Asko lasaitzen nau itoginaren soinuak eta bihar larunbata dela jakiteak. Plazera eragiten didate kafe usainak eta itzali berri den kandelarenak. Maite ditut azkar izetzen diren ordenagailuak eta barre egiteko erraztasuna duen jendea.

Errealitatea horren astuna dugun garaiotan, zaila egiten zait imajinazioa aske uztea. Hasten naiz horretan eta hartan pentsatzen, eta zeinen irrealak diren gauzak, zeinen urrunak. Zeinen garrantzi txikia duen guztiak orain, eta zeinen beharrezkoa den ustez garrantzirik ez duen hori guztia. Pandemiak imanak bezala erakartzen gaitu, bere muga eta bere beldur. Hasten gara telesail bat ikusten, eta aldiro pentsatzen dugu protagonistek ez daramatela maskararik, eta, nahi gabe, asaldatu egiten gara ezezagun biren besarkada baten aurrean. “Fikzioa da”, esaten diozu zeure buruari, baina buruaren auto-babeserako planak martxan jarraitzen du.

Ondo dakigu imanari buelta emanez gero beste mundu bat irekitzen dela: maskararik gabea, buruko korapilorik gabea eta begietako grisik gabea. Piztu eta itzali egiten da pandemiarekiko konexioa: batzuetan, estaldura handiegiz konektatzen gara, eta, besteetan, ez dugu seinalerik hartu ere egiten. Joan-etorri horretan ereiten dira ideiak eta landatzen dira gurariak. Egoerari buelta ematen asmatzen dugunetan ohartzen gara oraindik imanaren beste aldean daudela gustatzen zaizkigun gauzak. Bertan aurkitu ditut nik oliba beltzak, galtzen ez diren aterkiak eta zoriontsu egiten nauen musika.

Gustatzen zaizkigun gauzak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.