“Gureek” espaloitik jaitsarazten gaituztenean

espaloiEuskalgintza eta euskaltzaleak ez dira inoiz kaletik urrun ibili. Leku batzuetan (ekialdean) mendebalde autonomoan baino gehiago irten behar izan du protestara azken urteotan, baina Erkidegoan ere ez da mugimendurik falta aspaldion: EHEk “Ez gara espaloitik jaitsiko” lelo ederrarekin egin zuen aldarrikapen eguna Gasteizen, eta atzerriko inposizio, debeku eta auzipetzeengatik protestak deitu zituzten atzo.

Espainiak hartu duen bide zentralistaren ondorio da, udalen autonomiari erasotzea eta euskara normaltzeko bidean adostutako neurriei helegiteak jartzea. Protesta beharrezkoa da, euskarak nekez egingo zukeen aurrera kaleko pultsuari eutsi ezean, baina berehalako helbururik ez dago lortzerik: inoiz esan izan dudan legez, Frantziak bere jakobinismoan badu malgutasunik, eta Iparraldeko euskaltzaleak eredu izan dira berriz ere suprefetak Beskoitzen atzera egin dezan. Espainia baina, atrofiak jotako munstroa da orain bertan, Estatu haren ordezkariari helegiteetan atzera eginaraztea baino errazagoa da Estatu hori bera uztea. Argi esan dezagun: udalen edo beste edozein erakundetan Espainiak muturrik ez sartzeko modu bakarra -eta geroz eta egingarriagoa, eskerrik asko Katalunia- sezesioa da. Euskal estatu bat sortu, eta egoki irizten diegun neurriak hartu euskara benetako estatu-hizkuntza bihurtzeko. Eta hor hasten zaizkit zalantzak pizten. Atzoko protestek konponbide bakarra dute: Espainiako estatutik irtetea eta euskal estatu berri bat sortzea. Baina estatu horrek zer egingo lukeen errezeloak ere ezin uxatu. Aspaldion inoren kalte ez liratekeen zenbait neurri ezin harturik ikusten baititut gure hautetsi eta agintari independentista zenbait.

EUSKAL ESTATUA (ETA ERDALDUNAK)

Ezaguna da Txillardegirena: estatua ez da euskara salbatzearen berme, baina estatu-falta bada haren heriotzaren ziurtagiri. Bigarren alde bat ere badu horrek, horratik: euskarak estatua behar du, baina sezesioak erdaldunak behar ditu. Gurpil-zoroa hori da: Euskal Herria euskalduntzeko estatua behar, baina euskal herritarren % 70 erdalduna izanik, haien babesa behar.

Horregatik, diskurtsoak doitu egin behar dira. Gezurrik ez esan, Euskal estatuak euskara izan behar du estatu-hizkuntza, baina erdal hiztunek eskubide guztiak izango dituztela bermatuta. Batzuetan geure teilatuetara harriak botatzeko joera daukagu, eta euskararen erabileraren inguruan dagoen diskurtsoak horretatik asko duelakoan nago: euskararen egoera (txarra) euskaldunon errua da, ez dugulako erabiltzen. Ez izan zalantzarik, sezesioaren bidean serio aurrera egiten badugu, besteak beste euskararen mamua haizatuko dutela unionistek: “euskal estatuan derrigorra izango da euskara ikastea”, “euskaraz ikasten ez dutenak kanporatu egingo dituzte”, eta antzeko mehatxuak. Herritar guztientzako estatua behar dugu, argi barneratu behar dugu hori. Euskarak estatua behar du, baina erdaldunen babesik lortu ezean ez da euskal estaturik izango. Diskurtso barneratzaile oso doitua erabili beharko da.

Erabileraren diskurtso arriskutsuaren ordez (euskararen osasun makala hizkuntza ez darabilgun euskaldunona da, administrazioak bideak jarri bai eta guk gero erabili ez), beste leku askotan ez dagoen errealitatea onartu behar dugulakoan nago: milaka erdaldunek euskararen aldeko apustua egin dute, batzuek euren buruak eta ia denek seme-alabak euskalduntzearen alde egin dute eta, beste herri batzuen aldean (Frantziako nazioetan, Irlandako hainbat lekutan), euskarazko irakaskuntzak gurasoen atxikimenduari esker egin du aurrera. Beraz, herri honetako gehiengo zabal batek euskalduntzeko daukan borondatea ez nuke gutxietsiko. Hortik aurrera, oztopoak asko dira: hizkuntza komunikazioa da, hegemonikoa den hizkuntza handi bat daukagu, eta denok dakizkigun arazo errealak daude.

ESTATUA ETA KEZKAK

Estatuak eta haren legediek muga batzuk ezartzen dizkiote euskararen normalizazioari: esate baterako, Espainiako dendetan diren produktu guztiek espainierazko etiketatua behar dute, baina ez euskarazkoa. Estatua dugularik, beste estatuen gisan ezarriko dugu (espero), Euskal estatuan merkaturatzen diren produktuek euskarazko etiketa izan beharra. Gaur hori eginez gero, berehalakoa litzateke Estatuaren helegitea, hainbat udalen euskara-eskakizunen aurka ezarri duten legez.

Baina besterik ere ikusten dut: Estatuaren inposizioaren aurrean eta hura salatu beharrez, ez garela ezer esaten ari gure erakundeek har ditzaketen neurri errazak hartu ez eta euskaldunak baztertzera jotzen dutenean. Eta kezka, hortik: zer egin gure erakundeek jaitsarazten gaituztenean espaloitik? Espainiako Estatuaren aitzakiarik ez dutenean, euskal estatua eraikitzean, ez ote dute berdin egingo? Zergatik ez dira hartzen inolako helegiterik ekarriko ez lituzketen neurriak?

Administrazioa, udalen harremanak eta horrelakoak beste eremu batzuetan aski landutakoak direlakoan, ikusentzutekoen eremua dut berriz ere hizpide. Aisialdiaren garrantziaz jakitun, inor edozein hizkuntzatan lasai murgildu eta bizitzeko, hizkuntza horretan gozatu behar duelako, aisialdia eta plazera hizkuntzan horretan egindako esperientziek ekarri behar diote. Etxeko edozein hizkuntza edozein dela ere, Estatu Batuetara bizitzera doazen umeei berehala bihurtzen zaie lehen hizkuntza ingelesa, etxean besteren bat jasota ere.

ESPAINIERA SUSTATZEN GURE ERAKUNDEETATIK

UEMAko udalerrietan ditu euskarak gure arnasguneak. Euskaraz biziko direla adierazi dute publikoki behin baino gehiagotan. Baina gero sartu gara Tolosa, Ondarroa, Bermeo, Zarautz, Azpeitia eta beste udal batzuetako kultur etxeetako zinema-karteldegietara… eta espainolez jasotzen dute mundua (Azpeitiko gaztetxea salbuespena, biba zuek). Gure arnasguneetan ere, espainola da munduarekin lotzeko mintzaira. Euskarazko salbuespenak, jatorriz euskaraz diren filmak dira. Are gehiago, arestian aipatutako udaletako pare batean gutxienez, umeentzako zinema ere egoten da, eta espainolez hori ere. Zinema komertziala espainolera bikoiztuta, zine-foruma espainolezko azpidatziekin, haurrei espainol bikoizketarekin. Horixe gure arnasguneetako panorama. Eta inori ez dio kontraesanik sortzen. Euskaraz bizi nahi dugu, baina ez beti-beti nonbait, tarteka espaloitik jaistea ere ez dago txarto.

Akaso exajeratzen ari naiz, akaso ez dauka konponbiderik ikusentzunezkoen mundu globalizatuan, baina zuloa daukan botilaren itxura hartzen du, gure bizitzetan geroz eta garrantzi handiagoa dauzkate ikusentzutekoetarako salbuespena ezinbestekoa dela onartzen badugu. Beste edozein kultur-adierazpenen gainetik baitago, eta beste guztiak barne hartzen dituzte eguneko telebistako lau orduek.

Baten batek esan lezake aski arazo dutela zinema-aretoek bestela ere, baina udal aretoez ari naiz, udaletatik kudeatutako programazioez. Eta beste horrenbeste berriki aipatu ditudan zinema-festibaletan: udalek antolatu edo sustatutakoak, eta euskararik bat ere ez. Donostian Giza Eskubideen lehiaketako filmetatik bi baino ez euskaraz azpidatzita. Hau da, Udalak kultur egitasmo bat antolatu, eta euskaraz edo gutxienez bi hizkuntzatan egin ordez, espainol hutsez egitea erabakitzen du. Funtzionamendua argi azaldu ziguten Zinegoak-ekoek, gurean dagoen festibal ausartenetako bati kritika egin genielarik euskararen leku eskasagatik:

 

@Sustatu @urtziurruti Gaztelerara baino ez du apititulatzen Zinegoak-ek, bestelako hizkuntzetako azpitituluak banatzaileak txertatzen ditu

— Zinegoak (@Zinegoak) January 24, 2014

Hau da azpidaztearen ardura festibalak berak hartzen du, eta espainol hiztunentzat egitea erabakitzen du, eta euskal hiztunentzat ez egitea. Hori bera nabarmentzerakoan, are argiago aipatu ziguten:

 

@Sustatu @urtziurruti Gaur egun, lanean gabiltza euskarara azpititulatzeko finantzazioa lortzeko. Eskerrik asko denei aportazioagatik.

— Zinegoak (@Zinegoak) January 24, 2014

Eztabaidak puntu positiboren izan bazuen, zintzotasuna izan zen. Baina agerian gelditu da hor jazotzen denak ez daukala inongo zentzurik; itxura guztien arabera, gainontzeko festibaletan berdin izaten da. Hau da, gure udalek ematen duten laguntzarekin, espainolezko azpidatziak sortzen dira; baina hori bai, prest daude, finantziazioa igoko balitz, euskarazkoak ere egiteko. Beraz, gure erakundeetatik ordaintzen den diruarekin espainola sustatzen da, eta euskara baztertu. Logikoena, denon dirua hizkuntza ahula sustatzeko baliatzea litzateke, eta filma aurkezten duena arduratu dadila espainolera itzultzeaz. Azpidatzi horiek, espainolezkoak, gerora ere baliagarri izango baitzaizkio beste festibal batzuetan. Baina ez, abertzale xuri zein gorriek, salbuespena egiten diete zinemaldiei. Donostian eta Bilbon, deitu zinema ikustezina edo Giza Eskubideena, bietan espainolez jakitera behartzen, bilbotarrek/donostiarrek ez eze sevillar batek ulertzeko eran, baina ez baigorriarrak. Short Term 12k Giza Eskubideena irabazi duela jakinarazi zuten atzo. Bertako herritarrek festibala antolatu eta ordaindu eta beren hizkuntzan ezin ikusi film irabazlea, horixe gure errealitatea.

Bikoizten dituzte programak, eta behar izanez gero, aparteko euskarazko zikloa edo montatuko dizute, argi uzteko hori bera, apartekoa zarela. Lehendabizi kulturaz arduratuko gara, eta gero euskaldunei emango diegu euskarazko kultura. Apartekoa. Geuk ere espaloitik jaitsarazten ditugula ohar ez daitezen.

Euskarak prestigioa, erabilera, gozamena behar ditu. XXI. mendean, ikusentzunezkoak orain arte ez bezala zabalduko dira, telebistan, interneten eta hainbat euskarritan. Dena ez da euskaratuko, dena espainolez ematen ez den legez, hain da handia ekoizpena. Baina euskaldunok kontsumitzen dugun ikusentzutekoa, Europaren batez bestekoa bada, asmatu beharko dugu gure hizkuntzan ematen, inor espainolera behartzen ibili barik. Areago, geuk antolatzen ditugunean ekimenak. Normalak bagina bezala.

Zer duzu buruan ““Gureek” espaloitik jaitsarazten gaituztenean”-ri buruz

  • Andoni Errazkin Beratzadi 2014-04-12 12:48

    Agur Urtzi Urrutikoetxea jauna:
    ///
    Gauza antzerakoa egin du Jon Benito jaunak bere Memory Dump saioan. Edukia bikaina da, baina arrazon, etika eta estetika koloniala erabili dute. Liburuen izenburuak espainiaraz daude, zergatik ez euskarazkoren bat? Angalarazkoren bat ere izan zitekeen, zerrendan Koldo Almandoz jauna dago, euskara eta angalara erabiltzearen pioneroa da. Iduritzen zait guztia erreakzionarismo kontrairaultzaile bat dela. Alegia, nik Gonzala Etxague jauna eta Jon Benito jauna errebatitu nituenez gero, urduri dabiltza. Ezin dute jasan dialektika antikolonialista.
    ///
    Zuk, adibidez, Urtzi Urrutikoetxea jaunak, ez duzu inoiz ere dialektika antikolonialista erabili, baina aitzineko artikuluan kolonizazio mediatikoari erreferentzia egin diozu. Bikaina! Zorionak! Zu zara, Jule Goikoetxea anderearekin batera, dialektika estatalista hoberen erabiltzen duzuenak. Gero, hor daude Zelai Nikolas anderea eta Mario Zubiaga jauna. Oraingoz, dialektika antikolonialistarekin ausartu den bakarra Pako Aristi jauna da. Pako Aristi jauna polemista haundia da. Hasier Etxeberria jaunaren mailan dago.
    ///
    Nire proposizioa hau da: Jule Goikoetxea andereak EEEa edo Euskal Estatu Erakundetzea proposatu du. EEEaren mugimenduan, nire iritzian, ezinbertzekoa da, Jule Goikoetxea andereak berak proposatzen duen BERSORKUNTZA ariketa. Alegia, egoera kolonialak Espainiar 2. Errestaurazioa sortzen du, hau da, Estatu inperiala eta monarkia kirastun bat. Udalbiltzak ongi idatzi duen gisa berean, guk, euskal herritarrok, Euskal Estatu Erakundetzearen BERSORKUNTZA etengabearen ariketa egikaritu behar dugu: Euskal 1. Errepublika sortzea, hau da, Estatu euskalduna eta nepotismoaren abolizioa. Baina, gero, era berean, Frantziar 5. Errepublikan bizi gara, eta munduko Errepublika aitzineratu eta zaharrenari ezin zaio bertze Errepublika batekin erantzun. Erantzuna Estatu meritukratikoak, edo Politeiak, behar du izan. Soilikan Politeian eskainiko digu deskolonizazio osoa.
    ///
    Izan ongi, Urtzi. Artikulu bikaina. Goiti euskara. Euskal Estatua, euskaraz elikatu Estatua. Estatua euskara da. Segi bizkor.
    ///
    Post Scriptum: https://www.facebook.com/arkhitektoonbiltzarra.architectsassembly?fref=photo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude