Gure nazioaren egoeraz

Gure nazioaren egoeraz –

Estatua duten nazioetako ordezkariak -bereziki menderatuak dituzten nazio txikiagoen lepotik nazio handi direnenak-, eta are soilik autonomia duten erkidegoetako ordezkariak ere, okasio berezietan parlamentuetan mintzatu ohi dira nazioaren egoeraz, eta halako eztabaidetan datu sozioekonomikoak, eta hertsiki gai politikoak aztertu ohi dituzte nagusiki. Artikulu honetan, aldiz, gure nazio txikiaren politika eta kultura izango ditut mintzagai, datu sozioekonomikoetan sartu gabe, ez garrantzirik ez dutelako, baizik eta idatzi honen asmoa mugatuagoa delako.

Gure nazioaren egoeraz

Euskal Herri penintsularreko azken hauteskundeetako emaitzak ez dira txarrak izan, EAEn batez ere. Berriki irakurri ahal izan dugu euskarazko egunkari bakarrean, Euskadi nazio gisa ikusten duten hiritarrak gehiengoa direla berresten dutela boz horiek, eta estatus berriaren inguruan barne adostasun zabalak lortzeko baldintzak badirela, eta horretaz gainera, erabakitzeko eskubidea epe erdian gauzatzeko estrategian estatu gabeko beste europar nazioekin batera elkarlanean jarraitzeko oinarriak sendoak direla.

Oso ikuspegi baikorra da. Jeltzaleek eta bilduzaleek estrategia aski bateratua dutela bistakoa balitz, eta Europan ere elkarren eskutik dabiltzala, bat etor gintezkeen, baina denok ikusten dugu epe laburrera behintzat -laburrera bakarrik?- adostasun zabalenak jeltzale eta espainiar obedientziapeko eusko sozialisten artean gertatzen ari direla gurean, eta segur aski gertatuko ere direla, eta autonomi estatutuan jasotako eskumenen transferentzian zentratuko direla -erpina Gizarte Segurantzaren eskumena izan liteke (eskumen harribitxia)-, eta pauso bat aurrera emateko eskumenen transferentzian, bat atzera egiteko eskatuko dutela sozialistek erabakitzeko eskubidean. Europa politikoari dagokionez ere, ez ditugu abertzaleak batera ikusten, sakabanatuak baizik.

Boto-emaileek moderazioa saritzen dutela dirudien honetan, ez al du aurrera egingo eskumen borroka instituzionalak, hots, estatuaren deszentralizazioaren aldekoak EAEn, eta epe luzeagora Katalunian ere -han estatuak plantea dezakeen formula desmobilizatzailea kontzertu ekonomikoa izan liteke-; autodeterminazio eskubidearen aldeko borrokaren kaltean?

Politikatik kulturara etorrita, eta kulturan gure hizkuntza normalizatu gabea ardatz harturik, ikuspegi baikor eta axaletikoagoa eman nahi izatera, esan liteke D ereduaren bitartez eta, euskararen ezagutza hazi egin dela, eta Euskaraldi eta Korrika eta gisako kanpainetan herri-mugimendu eta instituzioen arteko elkarlan itxaropentsua sumatzen dela -bide batez galdera bat: elkarlan horrek ekar al lezake epe labur samarrera 1982ko eta 1986ko euskararen lege zaharkituak euskararen aldera hobetzeko dinamikarik?-, baina sakonagora jota, eta politikaren arloko moderazioarekin erara, ez al da ikusten Gandiagaren behialako diagnostiko poetiko hartatik, funtsean, ez garela asko aldendu, eta aldentzekotan ez alde onenetik: 70eko hamarkadako bizi nahi tirtiri hura galdu ez ote dugun, bi hizkuntzak, gurea eta modu askotara zapaltzen eta limurtzen ere gaituena, gureak direlako lelo faltsuaren eraginez.

Gure nazioaren egoerazGandiagaren aspalditxoko hitz hauek hausnar ditzagun: Euskal Herriaren mikaztasunak arima erretzen du, txakolinak bere mikaztasunaz ahoa erretzen duen bezala. Ardo pobrea da, ardo nahi lukeena, baina beste ardoen artean ardo ez dena, baina ardo dena halaz ere. Euskal Herria Herri da Baskongadas barruan, arima delako, kontzientzia delako, samin delako, urduritasun eraman ezina delako. Euskal Herriak ez du bozkariorik ematen: kiskali egiten du. Izan nahiak ematen dio izatea (Hiru gizon bakarka. 1974).

Gure nazioa ardo ondua izateko asko dugu eskas, baina txakolinak berezko duen garraztasunari nola ihes egingo gabiltza. Gurea ere ba omen dugun ardo ondua dastatzen dugu gutxiz gehienetan telebistan, eta beste hainbat hedabide eta sareetan. Irakaskuntzan, administrazioan, lan-munduan eta aisialdi eta gainerakoetan ez dugu lidergo eta estrategia garbirik egun gehiengo diren erdal hiri eta herrietatik gutxiago diren euskal herrietara igarotzen joateko, izan nahia suspertu eta ahaleginaren garraztasunari aurre egiteko, ezaxola gudukatuz.

Moderazioak baditu abantailak baina arrisku larri bat ere bai: nazio politikoa garela esan eta esan dihardugula -politikoki planteamendu txarra ez da kontzientzia politikoa baduen herria garela aldarrikatzea eta horretan oin harturik, eskubideak gauzatzea galdegitea-, nazio linguistiko-kulturala egoera kaskarrean, beti leku bertsuan lardaskatzekoa, Irlandako egoeratik hur-hurrean.

Pesimismoa eta derrotismoa txarrak dira, errealitatean oinarritu gabeko optimismoa bezalaxe. Ezkortasun aktiboan jarraitu behar, harik eta dagokigun, eta batez ere desio badugu behintzat, era batera edo bestera eraikitzen joan behar dugun euskal nazio eta euskal errepublika askea lortu arte.

Gure nazioaren egoeraz
Gure nazioaren egoeraz
Gure nazioaren egoeraz

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

8 pentsamendu “Gure nazioaren egoeraz”-ri buruz

  • Interesgarria, nahiz eta EAJ eta Bilduk egiten dutenari (edo egiten ez dutenari) garrantzia gehiegi eman.
    Bestetik, euskal nazioaren egoera demografikoaren azterketa (edo sikiera aipamena) falta da. Euskal nazioa, nazio guztiak bezala giza komunitate bat da eta beraz, aipatzen den nazio linguistiko-kultural horren giza oinarriaren egoera zein den ezagutzea ez da ahuntzaren gaueko eztula. Eta oinarri hori gero eta minorizatuagoa eta zaharragoa bada, horrek nazioaren osasunean eta bitalitatean sekulako eragina du.

  • Pako Sudupe Elorza 2019-05-06 15:11

    Eskerrik asko iritziagatik. Zure “nola?” galderari erantzun baikor bat ematearren.
    Gu biok (ez zaitut ezagutzen, nik dakidala behintzat, berdin dio!) iritzi-emaileak gaituzu. Une batez pentsa dezagun goi mailako politikariak garela, zu EAEko lehendakaria eta ni Kultura sailburua. Euskararen erabileraren azken datuak txarrak direla eta, ni, kultura sailburua, zuregana noa, EAEko lehendakarirengana, eta esaten dizut erabat hunkituta eta konbentzituta EAEko Eusko Jaurlaritzak gai honetan lidergoa hartu behar duela, eta Euskaraldiaren bigarren aldiarena izan litekeela aukera bikaina lidergoa hartzeko.
    Hasteko, helburu nagusia da gu biok dugun aukera inbidiagarria, euskara eta gaztelania ondo menderatzeko mauka eta pagotxa, EAEko herritar guztiengana zabaltzea. Nor egon liteke horren aurka?
    Irakaskuntza, Administrazioa, Hedabideak, Lan-mundua, Aisialdia…plan integrala, eta administrazioak dituen giza baliabideak eta ekonomikoak baliatuz burutan ateratzekoa.
    Horretarako aliantzak topatu, hasi Bildutik eta segi Podemos eta PSE-EE eta PPrekin…
    Ezer baino lehen, gu bion konpromisoa (lehendakaria eta kultur sailburua) eta gure alderdikideena Eusko Legebiltzarrean euskaraz bakarrik egitekoa, mundu guztiak jakin dezan oso serio hartu dugula gaia.
    1982ko Euskararen Legea aldatu euskararen onerako, eta lau urtez behin plan integralaren ebaluazioa eta indartze-lana, hutsuneak progresiboki betetzen joateko.
    Euskal nazio minorizatua indartu eta bizkortu egingo litzateke, udaberria sumatzen hasiko litzateke.
    Hala bedi!

  • Eskerrik asko erantzuteagatik Pako.
    Zure sokari jarraituko diot.

    Imagina ezazu, zu eta ni, esan bezala, goi mailako politikariak garela. Imagina ezazu gure nazioaren egoeraren ezaugarri nagusia atzerriko bi potentziek okupatuta egotea dela ondo dakigula eta gure estrategia okupazio hori gainditzera bideratuta dagoela. Imagina ezazu gainera, nazioaren egoerari eragiten dioten faktore guztien azterketa sakona egiten dugula eta beraz, faktore horiek kontuan hartuta finkatzen ditugula lehentasunak. Idealismorik gabe. Hau da, ondo dakigula adibidez EAJk ez duela euskalduntzerik gidatuko eta EAE egitura autonomiko espainola okupatzaileen markoaren parte dela ondo dakigula.
    Demagun, goi mailako politikariak garenez, eta ez behe mailako politikeroak, gure estatu paraleloa eratzean dugula iparra. Baina norabide horretan egungo egiturak baliatzen ere badakigula.
    Demagun horregatik, prestigioa eta eragina badugula euskal sektore estrategikoetan eta arloz-arlo garatuko den benetako estrategia bat dugula. Demagun adibidez, arlo bat hartzeko, UEMAk dituen arnasguneen bilakaeraren datu katastrofikoak ezagutzeaz gain, egoera arko horretan iraultzeko plan zehatzak ditugula. Demagun adibidez, gure analisiak helarazita, UEMAk hirigintzaren eraginari buruzko mila txosten idazteari utzi eta arnasguneetako natalitatea igotzeko neurri zehatzak abian jartzen dituela. Diru laguntzak ematen dituela jaiotzengatik eta familia-ugaritasunagatik adibidez, eta arreta eta inbertsio gehiago bideratzen direla kontzientzia euskalduna sustatzera. Kontzientzia NAZIONAL euskalduna sustatzera.
    Arlo horretan bezala arloz arlo horrela egitean, euskal nazio minorizatua bizkortu eta indartu eta udaberria sumatzen hasiko gara. Hala bedi!

  • pako sudupe elortza 2019-05-07 07:43

    “Demagun adibidez, gure analisiak helarazita, UEMAk hirigintzaren eraginari buruzko mila txosten idazteari utzi eta arnasguneetako natalitatea igotzeko neurri zehatzak abian jartzen dituela. Diru laguntzak ematen dituela jaiotzengatik eta familia-ugaritasunagatik adibidez, eta arreta eta inbertsio gehiago bideratzen direla kontzientzia euskalduna sustatzera. Kontzientzia NAZIONAL euskalduna sustatzera.” Beraz, politika instituzional berria ari zara planteatzen, UEMAren esparruaren barruan. Baina politika instituzionala. Politika boluntaristak ez, baizik eta publiko-instituzionalak. Hortik abiatuta. Ados. Hortik abiatu eta gero zabaldu. Txikitik handira. Handitik hastea hobe dudarik gabe. Esango didazu: ezin da! Eta txikitik bai? Zergatik dira datu katastrofikoak UEMAkoak? Besteak beste, eta gauzak ikaragarri sinplifikatuta, denok ikusten dugulako erdararen behar handia, larria, gaitza, eta UEMAkoek ere asko jotzen dutelako erdarara, beharrezkoa sumatzen dutelako. Asimilatzeko joera hori, espainoltzeko joera hori oso indartsua delako.
    Nire iritzia da boluntarismoak kalte ez duela egiten: Euskaraldia…baina ez dela nahikoa. Eta UEMAtik ez baizik eta goi mailako instituzioen politika bat dela behar beharrezkoa: Eusko Jaurlaritza, diputazioak, udalak…; bestela beti berdintsu jarraituko dugula, euskaldun gisa bizi-kalitate kaskarrarekin. Hori bai, nola erdaraz badakigun,…ba, ez da hain inportantea!
    Diosal sinpatiko bat.

  • Benat Castorene 2019-05-08 16:29

    Animagarria da ikustea ez garela denak baikorkerian lokartzen. UEMA esparrutik salatzen diguzuen seinaleak berresten du erdararen eta akulturazioaren presioa izigarria pairatzen dugula denetan. EAEen ere, ere, beste lurraldei dagokienez, iparraldeari batez ere, ezda aipatzeko beharrik ere.
    Oraiko egoera politikoan, presioa ez da tipituko haundituko baizik, kasik Fisikako lege bat da. Ez dut sobera sinisten borroka instituzionalean. Erabili behar da, beharbada, bainan bera gainditzen duen estrategia serio batean. Gobernu autonomiko onenak, lehendakari eta sailburu onenekin ere, ez luke tendentzia iraultzen ahalko , beharbada piskat frenatu bakarrik.

  • pako sudupe elortza 2019-05-09 07:56

    Nik ere ez dut sobera sinesten borroka instituzionalean egungo egoerari begira jarrita, artikuluan diodan bezala. Eta uste dut alderdi nagusiak oztopo gehiago jartzen duela, boto-emaileak atxikitzea xede, eta noski, sobera errazagoa delako kontinuismoa beste dinamika bati ekitea baino. Gainera, gero eta boto-emaile gehiago izaki, orduan eta egoskorrago betiko dinamikan.
    Orain, diozun bezala, oraingo egoera politikoan presioa tipituko ez delarik, instituzioak gaindituko dituen estrategia serio bat plantan ezartzea posible izan litekeela pentsatzeko ere, fedea behar da, ezta? Agian, gai gara fede gutiagorekin nola edo hala jarraitzeko!

  • Benat Castorene 2019-05-09 19:07

    Zuek entzunda, segur naiz biek arrazoi duzuela; alderdien kontinuismoak eta gure herri zahartuaren bitalitate faltak elgar eragintzen dute; batez ere hauteskundeek sortzen duten demokrazia ilusioaren gatik.
    Ez nik baino hobeto dakizuen bezala, Nola edo hala jatrraitzeak ez du deus onik ekarriko.

  • Pako Sudupe Elorza 2019-05-09 20:18

    Errespetu eta begirune guztiz esanik, Benat, euskal kibbutzetan ezin sinetsi dut.
    Instituzio eta alderdi politikoetan ere gutxi, eta herri mugimendutik ere asko ez. Tristea da esateko, baina une honetan hor nago.
    Nolanahi ere, ez dut azken hitza izan nahi, garai baten esan ohi zen bezala, apezak azken hitza bere, eta nik honekin amaitzen dut. Eskerrik asko elkarrizketa honetan parte hartu duzuen bioi!