“Gure kasa”n ere bai?

“Gure kasa”n ere bai? –

Gure kasa, gure kabuz, edo nahi duzuen bezala. “Kasa” “Kabuz”. Zer ote dute adberbio hauek niri hain gutxi gustatzeko? Ez dakit, benetan ez dakit. Eta ez dakit beste ordainik badutenik ere.

“Gure kasa” jarri zioten ETB1eko ikuskizun bati eta oraindik ere hor ikusten dugu. Bego! Edo, hobeki esan, beude!

Ez dut honetaz deus esan nahi; ikusten dugu, batzuetan gustatzen zaigu, beste batzuetan gutxiago eta zenbait aldiz batere ez.

“Gure kasa”n ere bai?Gaurkoan soil-soilik aipatu nahi dut ez dakidala zer dela eta sukaldariak eramaten hasi diren programara. Zer dela eta? “Gure kasa”n ere sukaldaritza? Jarri telebista kate bat, jarri beste bat eta nonahi eta noiznahi ageri dira sukaldariak, bai Espainiakoetan eta bai EAEkoetan. Batez ere hauetan, batez ere hauetan! Ongi aspertu gaituzte, eta bakarren bati begia jartzen badiogu ez da izanen sukaldaritzaz ikasi nahi dugulakoz edo sukaldean sartu eta janaria prestatzen hasi behar dugulakoz, ez horixe! Gehiago erakartzen gaitu noski baten etorriak, bestearen txisteak eta berendiaren eta bere lagunaren iharduki eta begirada ekiboko eta teatroak.

Orain, “Gure kasa”ra ekarri dizkigute sukaldariak. Bakarren bat euskaraz kiskun-kaskun ari bada ere, auzo lotsa bada ere. Tamalgarria!

Eta ez da ba izanen euskaldunok gure herrian ditugun sukaldari izarrekin zordun gaudelakoz!!! Ekarri handiak egin dituztelakoz herri honentzat. Bai, bai. Zero!

Hainbat kongresu, hainbat liburu, hainbat telebisio programa… zer ekarri egin diote herri honi? Esan dudan bezala, zero! Sukaldari famatu horietako nork atera du sukaldaritzako liburu bat euskaraz? Nor mintzatu da halako tokitan euskaraz? Jarez, deusez, ezerrez, inoiz ez… hori da guzia. Esparru batean eta bestean, jakintza honetan edo hartan, baditugu gizon handiak euskarari eta Euskal Herriari bere ekarpena egin diotenak, baina sukaldaritzan? Barkatu, ez dut inor ezagutzen. “Euskal sukaldaritza” ez ote da izan “Norteko sukaldaritza”?

Eta atzera itzuliz, “Gure kasa”ra, sukaldarien sartze horrek programaren haustura dakar, petatxu baten jartzea bezala. Ez dut uste deus ematen dionik, deustan hobetzen duenik. Alderantziz, erabat okerragotu du. Niri hala iduritzen. Nik behintzat, ia beti telekomandoari eragin eta alde egiten dut “petatxu” hori ez ikusteagatik. Eta bukatu dela pentsatzen dudanean itzultzen naiz, baina, askotan ez, beste zerbaitetan lotu naizelakoz.

Eta bukatzeko, hain zuzen, “por cierto” eta horrelako batzuk kakatokitik behera botako balitu bakarren batek, hobe! Bere ihardukia zakartu besterik ez du egiten.

.

P.D.: Oraindik gogoan dut Argiñano oraindik Argiñano ez zenean, nola idazten zuen Zeruko Argian sukaldaritzaz. Baina geroztik… Okerrera egitea zein erraza den! Eta, hala ere, oraindik eskerroneko natzaio horrexegatik.

“Gure kasa”n ere bai?

Zer duzu buruan ““Gure kasa”n ere bai?”-ri buruz

  • “baditugu gizon handiak euskarari eta Euskal herriari bere ekarpena egin diotenak”. Eta emakumeak?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude