Gure kabuz, edo bestela zer?

Gure kabuz ala hil dokumentala bigarren aldiz ikustea suertatu zitzaidan igandean; kapitalismoaren logikatik kanpo eta autogestioaren bitartez bide propioak eraikitzen ari diren zenbait proiektu ezagutzeko aukera, hain zuzen ere. Indarrez beteta irten ginen gaztetxetik.

Zenbat aldiz amestu ote dugu lagun artean. Zenbat ideia bururatu ote zaizkigu betiko tabernetako betiko barra ertzetan. Baina gero, ametsak soilik direla konturatu eta eternalki dirauten egituren pean soldata duin bat lortzeko ahalegina egiten dugu, gehienok.

Gure kabuz, edo bestela zer?Ez dago sobera autogestioaren eta molde berrien bitartez euren proiektuak eraiki dituztela ikustea. Ez dago sobera betirakoak ziruditen egitura eta estruktura hierarkikoak irauli daitezkeela ohartzea, kapitala baztertu eta geu erdigunean jartzea.

Gazteon egoera prekarioak alternatibak eraiki beharrean jartzen gaitu, kasik beste aukerarik utzi gabe. Geure buruetan nahi baino barneratuago dugun arkitektura kapitalista baztertu, eta autokritikatik eta elkarlanetik alternatiba berriak eraiki beharko ditugu geure bizitzetako arlo ezberdinetan: lanean, etxebizitzan, elikaduran, harremanetan…

Erantzun berriak aurkitu beharrean galdera berriak asmatzeko premian gaudela azaldu du elkarrizketatuetako batek dokumentalean. Eta badu arrazoirik, zaila baita betiko galderei erantzun berriak aurkitzea. Geure buruen beharrak ase nahi ditugu, baina ez orain arte bezala, soilik diruzkoak. Esaterako, baditugu behar emozionalak, zaintzazkoak; eta akaso soldata “ona” baina lan-esplotazio kondizioetan ez da irtenbidea. Gutxieneko errentak, gure ongizateari prezio minimoa jartzen dio, baldintza bakarra bailitzan, eta horrek, soilik, ez gaitu prekarietatetik aterako.

Proiektu ezberdinak ikusten dira Gure kabuz ala hil ekimenean, baina autogestioa eta elkarlana dute guztiek oinarri. Bizitzeko beharrezkoa duten guztia (edo gehiena) autogestio bitartez lortzen duten proiektuak, truke materialetan baino bestearen ongizatea bilatzen duten truke sistema erabiltzen duten transakzioak bultzatzen dituztenak, bankuei eta hauen espekulazioari alternatibak eraiki dizkieten kooperatibak, gaztetxe eta asanbladen logikak lan mundura eraman dituztenak…

“Klik” bat egiteko balio du dokumentalak. Aukeren erakusleiho bat zabaldu, inguruko proiektuak ezagutu eta herritar zein lagunekin batera zeure buruaren jabe izan ahal izateko gogoak eta indarrak pizten ditu bederen; inoiz burujabe izan nahi badugu geure buruen jabe izaten ikasi beharko dugulako, beste inori plazer hori eman gabe. Autogestiotik, elkarlanetik eta geuretik, eraiki daitezke bestelako ereduak.