Gure ghettoez

Gure ghettoez –

Orokorki Euskal Herria lurralde irekia da, funtsezko muga naturalik gabekoa, Pirinio bortuen apalenean iraganbide franko aiseta. Euskaldunek inguruko hizkuntzak guretzen ditugu, askok bizpahiru edo lau mintza ditzakegu. Beraz kasurik ez egin berak hizkuntza bakarrean hetsiak izanki eta «les Basques doivent s’ouvrir» erraten digutenei. Haatik gure artean baditugu barneko tribalismoak, zokokeriak, harresi mentalak eta ghettoak. Zenbaiten aipatzera noa, etxetik hasiz, Zuberoatik, inguruko euskaldunen alderako hemen dagoen errespetu eskasa deitoratuz: «Üskaldünak eta manexak», «Manexetik ez da jiten ez aize honik, ez jente honik». Hegoaldekoak aldiz «espainolak», baina hau Iparralde osoko plegu txarra dugu.

Gure ghettoez
Hiru Erregeen Mahaia Euskal Herriko mendirik garaiena da (2.438 metro), gailurrean Euskal Herriaren, Bearnoren eta Aragoiren artean muga egiten duena, Pirinioetan kokatua, Erronkariko ibarraren (Zangozako merindadea) ipar-ekialdean.

Lapurdiko itsasaldean beste ghetto bat, frankofonoena. Euskal munduaz zer dakite? Deus guti, eta gutiziarik ere ez. Alta bada, gauzarik beharren eta sakonenak euskaraz erraten eta idazten dira oraino, kazeta honetan bereziki, autozentsurarik gabe. Frantsesez errepikatzera nor da fida? Gauza batek bereziki harritzen nau: euskarazko liburu berri bat agertzen denean, aurkezpenera inor ez dator frantsesezko kazetetarik. Zergatik horien bezeroek ez lukete jakin behar obra berri bat plazaratu dela euskaraz? Irakurle euskaldunak badituzte, zoritxarrez euskal prentsak baino ugariago, eta besteek ere ikus dezakete euskal literatura bat badugula, oraino bizi dena.

Egia da batzutan beste alderakoa ere gertatzen dela. Adibidez, euskal agerkari, aldizkari eta kazetetan ez dut ikusi pastoralaz liburu orokor bat ene ustez oinarrikoa agertu dela 2019 frantsesez, Elkar argitaletxean gainera, euskal prentsa horretan maiz idazten duten lumetarik bakar batek ere ez baitu aipatu. Zergatik isiltasun hori?

Hegoaldeak bizkarra zabal baitu, zenbat ghetto jasaten duen! Han ere nagusia erdaldunen bolizko dorre hotz eta burgoia, ustez eta hizkuntza bakarrera mugatzen dena poliglota baino gorago eta jakintsuago dela. Nafarroa Garaiko hegoaldea beren ghetto itsuan bortxaka hesten dute, euskara lohitsu horretarik garbi: hor azken mailako arrotza zaie arbasoen «Lingua Navarrorum» sonatua.

Bere aldetik mendebaldeko erkidegoak baluke autonomian goxoki mugatzeko joera, eta ez soilik gobernuak, aitzitik hau bere jendartea baino askoz irekiagoa zait. Adibidez ikastoletako geografia liburuan, Euskal Herriko mendirik gorena Aizkorri kateko Artxuri omen da bere 1551 metroekin. Non daude beraz Hiru Erregeen Mahaia (2428 m), Orhi (2020 m), eta bien arteko beste gailur ezagun zenbait ? Ezin onartua zait Euskal Herria gisa horretan Baskongadetako hiru lurraldeetara mugatzea, Axularren zazpiei bizkarra emanez. Gainerako euskaldunak zer ote gara mendebalde horrentzat?

Donostia, hiri zabal eta irekia. Lekurik ez zaio falta bere seme-alaba kuttunen omentzeko. Alta bat bikaina umezurtz uzten du, toki publiko bakar batean ere ez du aipatzen: Txillardegi, euskara batuaren aita, idazle polifazetiko gora eta nasaia: zazpi eleberri, beste zazpi liburu hizkuntzaz, hameka saio, eta abar… Gutixko, ez? Egia da udalak beste lanik baduela, bereziki metroarekin. Bilbok baduenez gero, Donostiak ere behar du berea, haatik itsaspekoa, Neptuno haserretiak uzten baldin badio.

Politikan bunkerrak ugari, handienak alderdienak: bi eskuin, euskalduna eta bestea, bi ezker naziotasun berekin, artean ahal omen dutenak ahal bezala ibilki. Bi alderdi euskaldunek elkarrekin gehiengo zabala balukete, baina sinpleegi litzateke debrutxarraren adarra bezain bihurdikatua den politika mundu horretan. Beraz bakoitzak bere dorrea goratzen du, zeinek garaiago, Erdi Aroan Italiako hirietan famila «handiek» egiten zuten bezala: «Hi bahaiz, eta ni banuk!»

«Orhi mendia ez ote dago Euskal Herrian?
Txillardegi ez ote da donostiarra?»

Ghettorik bortitzenak euskal presoenak, besteek eginak. Garaileen herrak eta gorrotoak hor atxikitzen ditu legetik at, Espainian bezala Frantzian.

Beste ghetto bat zinez indartsua irekitzen hasi zaigu azkenean: YY endarena, XX leinuko herritarren deiadar eta tronpetei erantzunez, Jerikon bezalako erorketaren ekiditzeko irekitzen hasi beraz. Eta horrela egin baledi XY herri-mundu batua? Haatik YY dela uste duen enda ere funtsean XY da, nahiz ez dakien. Laster ikasi behar genuke.

Orokorki ghettoen ezabatzeko zer egin? Hortik atera, irten eta jalgi daitezela beren burua hetsi dutenak. Presoneren kasua besterik da, askatasunik ez dutenez: denoi dagokigu horien ateratzeko lanean sartzea.

Bestalde ghetto guztien gainetik hor ditugu bi erakunde, zazpi lurralde historikoetara hedatu direnak: bat publikoa, Euskaltzaindia, euskara batuarekin, bestea pribatua baina jendetsua, AEK, Korrikarekin. Harresiak uzkailtzen dituzte biek hizkuntza nazionalaren hauspoaz.

Badakit, artikulu honek adiskide guti eginen dit, baina pentsatzen dudana ez badut erraten orain, adin aurreratuan, horretarako gai naizeno, noiz debru erran beharko dut?

Jean Louis Davant

Gure ghettoez   Gure ghettoez

Idazle zuberotarra eta euskaltzain emeritua. Laborantzako irakasle ohia. Enbata eta EHAS-en sortzaileetakoa.

8 pentsamendu “Gure ghettoez”-ri buruz

  • Çucen aritu çara, Davant jauna!

  • Ni, hegoaldekoa, nire sentipena zein den idatziko dut. Une eta egoera jakin batzutan euskaldunak sentitzen gara baina beste egoera batzutan subkonszientean txertatua dugun espainiar/frantziarrak gara, neurri handiagoan edo txikiagoan. Eta nire sentipena da, iparraldeko euskaldunek hegoaldekoak ikusten dituztenean, ia gehienetan, espainiarrak ikusten dituztela eta ez euskaldunak. Eta espainiar bezala ikustearekin bat euren burua frantziar egiten dute, eta beraz, gehiago kontsideratzen dira. Hegoaldeko euskaldunok, nik uste dut askoz gutxiago dugula joera hori, iparraldeko euskaldunak frantziar bezala ikustearena alegia. Nafarroako euskaldunak, une jakin batzutan euskaldunak sentitzen dira eta beraz, EAEko euskaldunen parean, baina sakonean badute bereizteko joera bat ere. UPNk, “que vienen los vascos” ozen esanez mehatsu egiten duen bezala, beste Nafarroako euskaldun batzuk, hori ez dute esango, baina subkonszientean bada ere pentsatu egiten dute une jakin batzutan. “Euskalduna bai, baino ez” moduko zerbait alegia. Nik esango nuke, euskaldun izatearen kontzientzia osoa, gehien EAEn dagoela. Nik ez ditut somatzen ez iparraldeko euskaldunak ez Nafarroakoak Euskal Herriko bazter ezberdinetara joaten (jaiak, kultura ospaketak…) direnik, baina EAEko jendea bai. Zuberoako euskaldun bakar bat ere ez dut somatu inoiz Hegoaldean bisitan, edo bestela frantsesez hitz egiten dute, zeren euskaraz egingo balute ederki identifikatuko nituzke. Baina aldiz Hegoaldeko asko somatu ditut Zuberoan (pastoralak, inauteriak eta bestela orokorrean ere bai), eta espainiar moduan hartz

  • …en gaituztela iruditzen zait. Eta sentipen hau uste dut bat datorrela Davant-ek zuberoarrei dioenaz. Europan bada ikasleentzako ERASMUS programa. Askotan pentsatu izan dut horrelako programa bat beharko genukeela Euskal Herri osoan.

  • Euskahaldun 2021-01-23 15:03

    Che: Zuberotarrik EAE inguruan ez ikustearen arrazoia honakoa izan daiteke. Wikipediako datuetan begiratuta guztira 15.000-17.000 biztanle besterik ez ditu. Hazkunde tasa -%38koa da, 100 gazteko beste 107 zahar daude. Gainera, biztanle aktiboen artean %21 lehen sektorera dedikatzen da, eta %49 zerbitzuen sektirera. Hoietatik auskalo zenbat turismoari lotutako zerbitzuetan. Oporretan eta EHtik zehar bidaian joateko asti eta aukera gutxi beraz. Euskara dakitenak %22,8 direla eta erabilpena %5,8koa dela jakinik, bidaian irten daitezkeen hoien artean zuberotarra zein ote den nekez bereiztuko dugu frantsesez ari badira. Tamalez, Piriniotako hartz arrea Bilbotik paseatzen topatzeko aukera handiagoa izango dugu zuberotar euskaldun bat baino.

  • Benat Castorene 2021-01-23 19:20

    Davant Jauna nik bederen animatuko zaitut pentsatzen duzuna erraitera. Izan ere, Euskal kulturan horrenbeste eginik eta oraindik bere pentsamolde politikoa euskaraz adierazten duenik zutaz aparte ez dut askorik ikusten Iparralde honetan.
    Politikari dagokionez, teorian ongi badakizu herri okupatua garela, baina gero gure malur guziak deitoratzen dituzularik, iduritzen zait ahanzten duzula okupazione horretatik zuzenean datozela denak.
    Ez luzatzeko, adibide bakar bat lehenbiziko lerroetan:
    “Lapurdiko itsasaldean beste ghetto bat, frankofonoena. Euskal munduaz zer dakite? Deus guti, eta gutiziarik ere ez”
    Suposatzen dut mintzatzen zirela euskal itsasertzeko hiri lapurtarretaz, hau da Biarritzetik Hendaiaraino? (baitakigu baiona ez dela sekula euskal hiria izan)
    Baina toki horietan, “ghetto frankofonoa” deitzen duzuna, egiatan ez da ghettoa, baizik eta jendetzaren erdia baino gehiago frantsesa dena jatorriz eta kulturaz, pozik horrela, eta “jakin gabe ere” etorri dena objektiboki herri konkistatuan kolonoak bezala. Nola nahi duzu, xori bakan eta merezidun batzutarik aparte, serio interesa daitezen euskal munduaz, iraganeko aztarna bezala ikusten dutenaz?
    Asko gustatu zait azkeneko zure esaldia, ene kondu hartuko nuke gogotik.
    “Badakit, artikulu honek adiskide guti eginen dit, baina pentsatzen dudana ez badut erraten orain, adin aurreratuan, horretarako gai naizeno, noiz debru erran beharko dut?”
    Adeitasunez.

  • Azken boladan aspaldi ahaztua geneukan adjektibo bat darabilgu. Kolono hitzari buruz ari naiz, eta sarri entzuten dugularen sentsazioa daukat. Gure herri honek bizi duen egoeraren nahiko adierazgarria deritzot hitz hori berreskuratu izana. Hitz horrek gure kezkaren islada erakusten du.
    Eta mila esker Davant jauna pentsatzen duzun hori esateagatik, hortan baitatza gure eritzi trukaketa eta.

  • Benat Castorene 2021-01-24 09:38

    Ez, Tximino, Iparraldean bederen, gero ta gutiago entzunen duzu kolono hitza inbasioa eta populu-sustituzioa burutu arau. Nihaurk gutitan erabilzen dut, eta bakarrik, aldi honetan Jean Louis Davantekin bezala, gure historia dakien norbaiten aurrean. Ulertzeko jakin behar da 1789 Iraultzak euskal eskubidea kendu zuela eta bere eskubide erromatarra inposatu, batez ere lurren merkatu librea eta inbasioa oztopatzen zituzten ondoretza-legeak ezeztatzeko.,
    Horrek larriki kordokatu zuen oreka sozial tradizionala, batik bat baserrien transmisioa, eta horrela piskanaka laborariak bortxatu lurrak kanpotiarrei notarioei eta kanpotiarrei saltzera. Gaur nabaritzen den Lapurdiren inbasioa horretatik beretik dator parte handi batean eta zuzenean.
    Asimilazoa oso aintzinatua eta kolaborazio politikoa erabat normalizatua izanki, Iparraldekoek kolono terminoa ez eiki dute erabiltzen eta frantses kolonoak auzo guti edo aski preziatutzat jotzen dituzte bainan ez kolonotzat. Gainera zorigaitzez beti preziatuak dira arbasoen etxeak eta lurrak prezio onenean. . saltzeko orduan. Horrela da, ene ustez, errealitatea.

  • Joxe Arakama 2021-01-29 13:38

    Animo Jean Louis! Zure idatziak poztu nau eta espero dut urte luzetan zure ekarpenak irakurtzeko tenorea izatea. Aipatu dituzun gauza guztiak egia dira, edo behinik behin nik ere horrela ikusten ditut. Ea nazio kontzientzia pizten den gure artean. Eskerrik asko!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude