Gure estiloa

Athletic zaleak garenontzat argi eta garbi dago Athletic oso berezia dela. Munduaren aurrean puztuta esaten dugu geure taldea zein den eta lau haizetara haizatzen dugu geure filosofia eredugarria. Euskal jokalariekin lehiatzeak mundu mailan kasu bakarra bihurtu gaitu eta horren jakitun gara. Ni ere horretaz harro nago, Ayméric Laporte edo Santi Ezquerro filosofiaren ertzean badaude ere, are eta harroago Athletic bigarren mailara jaitsi ez dela kontuan hartuta. Mundu globalizatu honetan, “etxekoekin” eusteak nahiko zaila dirudi, baina Athleticek lortu du. Aitor dezadan: ondokoen etxera jo behar izan du taldeak, baina lehiakorrak izateko zeure merkatuan dagoen onena zeureganatzea ezinbestekoa da.  Athleticek halaxe egin du euskal jokalari onenak Bizkaira erakarri guran. Halafede.

Dena den, aspalditik kanpoan gaudenoi argi geratu zaigu Athletic bezala, beste taldeak ere bereziak direla euren zaleentzat. Nik, Donostian bizi naizen aldetik, sentsazio hori bizi izan dut nire Realeko lagunekin. Egia da Bizkaian eta Gipuzkoan erabat ezberdin bizi direla talde biak, baina ez dut uste nik Athletic bizitzeko eta nire lagun errealzale batek Reala bizitzeko duen manera oso ezberdina denik. Eurek ere sufritu eta disfrutatzen dute eta, gu baino zale gutxiago izanda ere, bizitasun berarekin sentitzen dute taldea. Horregatik, eredugarriak iruditu zaizkit Jokin Aperribaik harturiko erabaki bi: Realak Europako partidu guztiak ikusteko bono bakarra saltzea eta Illarramendiren fitxaketaren ondorioz etekin ekonomikoak atera dituela-eta, hurrengo denboraldian kluba laguntzeko eguna ezabatu izana.

Gure estiloa

Josu Urrutiak askotan aipatu du “geure estiloa”, Athletici zegozkion balore onak zehazteko. Aspalditik uste dut balore eredugarri horiek geure artean zer guapoak eta bikainak garen gogoratzeko baino ez dutela balio. Izan ere, zaleak ezinbestekoak garela gogoratzen badute ere, guri laguntzeko ezer gutxi egiten du zuzendaritza batzordeak (ez oraingoak, ezta aurrekoak ere). Adibidez, orain krisi ekonomikoan gaudela, bazkide izateko dirutza ordaintzeaz gain, Barçaren aurkako partidurako bazkideok ere ordaindu behar izan genuen itoginak dituen zelai batera sartzeko. Iaz, Helsinkiren kontrako partidura joateko ere ordaindu behar izan nituen, bigarren mailako talde bat ikusteko. Orain dela urte bi, UEFAko partidu guztiak ordaintzeaz gain, Barça eta Madrilen kontrako partiduetara joateko ere erantsi bat ordaindu behar izan genuen. Hori gutxi balitz, Athleticeko edozein gauza erosteko ditugun deskontuak barregarriak dira, oro har.

Esango nuke dirutza ordaintzea dela gure estiloaren funtsezko osagarria, nola bazkide izateko, hala kamiseta triste bat erosteko. Hona entzun nahi ez dugun egia borobila. Gu ere kapitalaren merkatuaren menpe bizi gara, non sentimenduak dirua egiteko erabiltzen diren. Iaz adibidez, San Mameseko zelaiaren zatiak salgai ipini zituen klubak, bazkide eta peñakoen artean banandu beharrean. Hori bai, hitz politak entzungo ditugu, zaleak baikara talde honen zutabea eta zelaia bizirik mantentzen dugunak. Bada, ni nazkatuta nago horrekin guztiarekin. Ezberdinak garela erakusi nahi badugu, Aperribaik egindakoa abiapuntu ederra iruditzen zait. Izan ere, bazkideoi poltsikoa ezinbestekoa zaigu Athletic animatzeko eta Javi Martinezek lagatako 40 milioiak geure poltsikoko zuloak estaltzeko balio dezakete.

*Hona “Esnatu” prozesurako ekarpen xume bat, ea inork kontuan hartzen duen

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.

2 pentsamendu “Gure estiloa”-ri buruz

  • Oso ironia landua zurea, Jon.

    Hasieran, testua serioa zihoanaren susmoa hartu dut. Hori bai, hirugarren lerrorako zuen filosofia eredugarria haizatu duzunerako igarri dut testua fikziozkoa zela. Are, bigarren paragrafoan “gu baino zale gutxiago izanda ere”. Manera elegante kontuak ez ei dira orain zaletasun iturri, bai ordea fanfarroikeriak. Ai, aixkiria!

    Bihoakie aholku bat athleticzaleei: “Esnatu”, baduzue garaia ta.

  • Oxandabaratz 2013-12-10 23:06

    Ez dakit zer ikusi duzun hain iraingarri testu honetan. Nik ez dut testu honetan Realaren kontrako ez irainik, ez mespretxurik, ez erdeinurik ikusten. Athleticen politikarena bada, argi dago horrek athleticzaleak batzeko balio duela nortasuna ematen digula kolektibo gisa (nahiz eta kasu zalantzagarri batzuk dauden, daitort). Nik klabe horretan ulertu dut.

    Athleticek eta athleticzaleok egiten dugunak ez du helburu gisa Realari begian behatza sartzeko asmoa izan ohi. Lasaitu gaitezen