Gure errepublikanoei gorazarre

Aitak askotan gogoratu zidan familian errepublikano sonatuak izan genituela. Bere aita, Ramon Lizeaga Larburu eta Ramonen anaia, Miguel, hain zuzen. Hernanin zinegotzi bata, Gipuzkoako Aldun nagusi bestea. Coalición Republicanan hasieran, Izquierda Republicanan gero.

Hernaniko Epeleko Etxeberrin ospatzen zuten Errepublikaren urteurrena, besteak beste, Lopetegi, Irungo bertsolari errepublikanoaren laguntzaz.

Gerra eta gerra ostean milaka pertsonekin gertatutakoa ikusita, zortea izan zuten. Bizirik irautea ez zen gutxi. Miguelek, hala ere, ihes egin behar izan zuen eta Iparraldean hil zen. Gorpua hegoaldera itzultzera debekatu zioten familiari.

Gauzak dexente aldatu dira harrezgero. Politikak beste norabideak hartu ditu, batez ere, Euskal Herrian. Hala ere, beldurgarria iruditzen zait Errepublikaren ideia nola birrindu duten. Batez ere, nazioartean, usaian sistema hedatuarena izanik.

Sistema politiko horren aukera extralurtarra izatea lortu dute, antzua dela dirudi. Hala ere, gutako askoren burmuinean, inkontziente kolektiboan agian, zerbait geratu da.

Gutxienez, gu guztion egoera hobetze aldera, horren alde aritu ziren arbasoak gogoratzea.

Epeleko Etxeberrin, Errepublikako udalbatzaren legealdi aldaketa ospatzen

Irudia | Epeleko Etxeberrin, Errepublikako udalbatzaren legealdi aldaketa ospatzen | Hernaniko udal artxiboak | LGPL