Gure bizitzaren jabe

Gure bizitzaren jabe –

Azken bi hilabeteotan denbora luzea eman dut Bilboko Hiri Antolamendurako Plan berria aztertzen. Pasa den otsailaren 28an osoko bilkuran behin-behinean onartu zen. Baina oraindik bi urteko epea izango da Plan berria indarrean egon arte eta tartean alegazioak eta moldaketak egongo dira. 

Gure bizitzaren jabe

Gure bizitzaren jabe
Arg: Wikipedia

Plan berria 25 urtetara begira eginda dago, beraz ariketa prospektibo izugarria izan beharko litzateke. Nola amesten dugu gure hiria 2045 urtean?

Hala ere, aitortu behar dizuet sormen gutxi aurkituko duzuela egindako proposamenean. Mugimendu feministak esango lukeen moduan gizon zuri hetero helduek hiri grisa pentsatu dute gugatik. Anbizio gutxi sumatzen da. Agian hainbeste aldiz errepikatu diote euren buruari munduko hiri onenean bizi garela, ez baitira kapaz gure hiria beste modu batean imajinatzeko. Are gutxiago egungo auzoen arazo larriak konponduko dituzten bideak proposatzeko. Ez aurrera eta ez atzera. Gure zilborrari begiratzera kondenatuta gaude hiri honetan, behin eta berriro gauzak ondo egiten ditugula goraipatzen duten bitartean. 

Gure bizitzaren jabe

Autokritika falta dagoenean abiapuntua nahiko eskasa izaten da. Eta Bilbon autokritika faltaz asko dakigu. Batzuk hiria bere gailurrean dagoela saltzen ari dira etengabe, eta hori sinetsita ez dute benetako egoera zein den ikusi nahi. Hala ere, datuak krudelak dira. Distritu batzuetan bereziki (Basurtu-Zorrotza, Ibaiondo edo Errekalde adibidez), bizilagunak ez daude batere kontent euren auzoaren kalitatearekin. Askotan entzun dugun moduan: “hiriko erdigunea oso polit jarri dute, baina hobekuntza hori ez dugu horrenbeste nabaritzen gure auzoan, ea hona behingoz zerbait ailegatzen zaigun”. 

Ez da susmo hutsa; izan ere, hiriaren eremu oso zabalean (Uribarri, Otxarkoaga-Txurdinaga, Basurtu-Zorrotza eta Ibaiondo), zaharberritzearen beharra %20 ingurukoa da, hau da, bost eraikinetatik batean obrak beharrezkoak dira bizi kalitate duin bat izateko.

Gure bizitzaren jabe

Irisgarritasunera jotzen badugu, datuak negargarriak dira. Gure hiriko etxebizitza eraikinen %30,2 ez da irisgarria, atari barruan. Baina arazoa kalean hasten da, eraikinen %36,7tan atarira ere ezin da heldu aniztasun funtzional bat izanda. Zenbat adin nagusiko pertsona ditugu gatibu euren etxeetan atera ezinik?

Oinarrizko zerbitzuetara begira ez gaude askoz hobeto. Orain dela 25 urte pentsatutako mega azpiegitura guztiak burutu dira, pentsaezinak baziren ere: BEC, San Mames Berria, Guggenheim museoa, Euskalduna jauregia, etab. Baina auzoek behar zituztenak ez dira egin. 25 urteko zorra! Populazio txikiko auzoetan gabeziak nabariak dira osasun zentro zein kirol ekipamenduei dagokionez (Arangoiti, Mazustegi, Olabeaga, Deustuko Erribera…) baina hiriaren esparru populatuenean ere egoera ez da askoz hobea. Esate baterako, Uribarri, Zurbaran, Zurbaranbarri eta Arabellako malda osoan, 50.000 biztanletik gorako eremuan, ez dago kiroldegirik. Orokorrean Bilbo inguruko beste hiriekin alderatzen badugu, kirol ekipamenduei eta bereziki igerilekuei dagokienez, zerrendaren azken postuetan agertzen gara beti. Iruñea, Gasteiz, Donostia edo Barakaldotik oso urrun esate baterako.  

Gure bizitzaren jabe

Espazio libreen egoera ere tamalgarria da eta Plan berri honetan, tranpak eginda, legea justu-justu beteko dugu, baina errealitatea da Bilbok ez duela planteamendurik egin bere Central Park, Tiergarten edo Salburua propioa izateko, osasun adierazleek horrela aholkatzen badute ere. Deustuko Erriberak bete ahalko luke funtzio hori: aisialdirako esparru berde handi bat beste funtzioekin batera. Baina horren ordez etxez beteko dugu gure “Manhattan”, bere lur azpiko garajeekin noski, San Inazio edo Elorrietan uholdeen arriskua handituz.

Gure bizitzaren jabe

Amaitzeko, gure bizitzetan eragin handiagoa duen erabakia aipatzea merezi du, agian: non eta nola bizi nahi dugu bilbotarrok?Udalak ordaindu duen ikerketa oso argigarria da. Etxe bat behar dutenen %70ek bere auzoan bizi nahi du. Eta horietatik, erdiek ez dute erosi nahi edo ezin dute, eta alokairu bila dabiltza. Erosteko  asmoa dutenen gehiengoek nagusiki 120.000 € eta 150.000 € artean ordaindu ahal dute beraien lehenengo etxebizitza erosteko (Babes Ofizialeko Etxeen prezioa). Gure erabakien jabe izango bagina, alokairuzko etxebizitza publikoak eta babes ofizialeko etxeak bultzatuko genituzke nagusiki, auzoetan dagoen etxebizitza eskaerara egokituta. Baina horren ordez, eskaintza beste batzuen beharren arabera eginda dago. Etxebizitza libreak, ezagutzen ez ditugun auzo berrietan kokatuta: Zorrotzaurre, Zorrotzako Punta edo Elorrieta Berria. Auzo berriak betetzen baditugu gure egungo auzoak hustuko ditugu.

Hirigintza-gaiak, ekonomia-kontuak edota udal arautegiak gai korapilatsu moduan saltzen dizkigute beti. Pertsonengandik urrundu nahian hartutako erabakiak eta egindako proposamenak. Kontrakoa behar dugu. Gure hiriaren erabaki estrategikoen jabe izatea gure bizitzaren jabe izatea da. 

Gure bizitzaren jabe

Gure bizitzaren jabe
Gure bizitzaren jabe
Gure bizitzaren jabe
Gure bizitzaren jabe

Guztia guztiona! Hiri komunaren aldeko militantea (Otxarkoaga, Bilbo). Denak ezinezko dirudi egiten dugun arte. @otxargorri