Gure artean gertatu dena eta egin (ez) duguna (Lourdes Oñederra)

Gure artean gertatu dena eta egin (ez) duguna –

Lourdes Oñederrak Galde aldizkarian.

Hemen, duela ia hirurogei urte, euskaldun batzuek erabaki zuten beren ideia politiko eta sozialak aurrera ateratzeko pertsonak hil zitezkeela, eta aski lagun konbentzitu zituzten, eta urte luzez aritu ziren pertsonak hiltzen, mehatxatzen, bahitzen. Areriotzat hartzen zituzten pertsona horiek, edo arerioak hiltzeko bidean harrapatzen zituzten «nahigabe».

Ez ditut ETA ona eta ETA txarra bereizi nahi; badakit frankismoa eta frankismoaren ondoko garaiak ez direla berdinak, baina frankismoaren kontra zeudenen artean ere, frankismoaren kontrako militanteen artean ere, kartzela sufritu zutenen artean ere askok ez zuten biolentzia erabili nahi izan; batzuk izan ziren armen bidea hartu zutenak, hori erabaki zutenak, eta hor dago gakoa, erabaki horretan. Horretaz hitz egin behar genieke gure gazteei, edo hitz egin behar genuke gure gazteekin… eta gure lagunekin, gure buruarekin azken batean. Gure gizartean, gure lurraldean, gure garaian erakunde bat egon da gu denon herriagatik hemengo eta beste leku batzuetako pertsonak hiltzen: ideia baten truke bizitza kentzen.

Eta, batzuk hori egiten zuten bitartean, besteok (asko eta asko eta askok) segitu genuen ezer gertatuko ez balitz bezala bizitzen, ez ikusi eginez, gaia aipatu gabe bilera eta afarietan, lantegiko elkarguneetan, bakazioetako lagunekin, poteak hartzera irteten ginenean. Gure lur honetan oso ondo bizi baitzitekeen istiluetan sartzen ez bazen bat… eta istiluetan sartzea zen gaia ukitzea, aurre egitea; esaterako, tanborrada hasten zenean Donostian urtarrilaren 19ko gauerdian, Konstituzio plazako ETAren aldeko estetika gaitzestea.

Esaten da ETA bukatu dela bere helburu bakar bat ere lortu gabe eta egia da hori alderdi politikotik, baina zerbait lortu du: gizartea beldurtzea eta isilaraztea, gizarte honetan giro jakin bat hedatzea, ETA eta ingurukoen ideiak modu akritikoan egiatzat hartzea. Adibidez, espainol aspalditik da irain bat gure artean. Batzuek erabili egin dute eta besteon isiltasunak hori ere bedeinkatu egin du: «Aitzol español» idatzi zuen norbaitek Urumea hibaiaren ondoko bidean ibiltari guztion bistan gelditzen zen kirol-ontzi batean. Ez dakit Aitzol hori nor zen, baina mezua jarri zionak ez zuen maite. Hori seguru. Eta luzaroan egon zen inork garbitu gabe.

Gizarte honi gertatua, gure kontzientzien lozorro erosoa, hori ere aztertu behar dugu, hitzetan jarri, aitortu eta, ziurrenik, barkamena eskatu. Hori ere kontatu behar diegu gure gazteei: batzuek pertsonak hiltzea erabaki eta halaxe bete zuten bitartean, beste asko isilik egon ginela, ez genituela hiltzaileak hala deitu, ez genuela begiratzen eta, horregatik, ez genituela hildakoak ere ikusi, ez genituelako ikusi nahi…

Gazteei begira prestatu dute Herenegun egitasmoa. Zenbait aldetatik jaso ditu kritikak. Badira ni baino hobeto azter ditzaketenak bai programa bera, bai alderdi politiko eta biktimen taldeetatik etorritako aldarrikapenak. Nik Gogoan taldearenak nahi nituzke gogorarazi. Talde horretan, kide askoren lehengo elkartea zen Gesto por la Paz-en bezala, garbi bereizten delako gatazka politikoa armen erabileratik eta biktimak daudelako kontakizunaren funtsean: orain arteko eta hemendik aurrerako historiaren ardatza dira. Ez da norgehiagoka kontua, ez da nor den nor baino inportanteago eta zergatik bata edo bestea. Ez da eztabaida politikoa. Kontu morala da, etikoa. Norbait biktima izate horretan dago orain garbitu behar den historiaren muina, beste batzuen borondate txikitzaileak bihurtzen duelako bat biktima: bere ideiak besteren bizitzak baino gehiago balio dutela pentsatzen duenak kentzen dio bizitza pertsona bati eta pertsona horren maiteak hausten ditu betirako iraungo dien zauriz.

Azaroaren 30ean gure Fakultateko ikasle bat jipoitu zutenak nire ikasle izan ote litezkeen ideiak loa galerazten dit. Ideologia bat besteen gainetik jartzea edozein aukera politikoren ezaugarria da, baina onartezina da norberarenarekin bat ez datozenak iraintzea, beldurtzea, jipoitzea. Gure artean, ordea, luzaroan makurtu dugu burua, gertatzen zena gertatuko ez balitz bezala.

galde

Galde 23 Negua/2019

 

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

14 pentsamendu “Gure artean gertatu dena eta egin (ez) duguna (Lourdes Oñederra)”-ri buruz

  • euskaldun bat 2019-01-05 19:08

    ETA Espainiak sortu zuen, erantzuna izan zen eta ez erasoa. Gero gertatzen dena da, horrelako gauzak sortzen direla baina inork ez dakiela amaiera ematen eta dena degeneratzen dela. Beraz, hemen gertatu denaren erantzulea Espainia eta ohore handiz lurperaturik duten hura dira. Espero dut egunen batean, euskal gizartearen aurrean Espainiako erregeak, gobernuburuak eta agintari guztiek barkamena eskatzea belaunikatuta, oraindik ez du eta horietako inork barkamenik eskatu. Eta barkamenak balioa izateko (hitzak haizeak ematen dituenez) hemendik OSPA egin behar dute eta Hayako hauzitegian Espainiako estatua hauziperatu gizateriaren aurkako krimenengatik. Hemen beste inork ez du barkamenik eskatu beharrik.

  • Zapaltzaileen mezua zapalduei bidalita…

  • Hemen, mendeak dira, castellano -gero español- batzuek erabaki zutela beren interesak aurrera ateratzeko pertsonak hil zitezkeela, herrialde osoak azpiratu, herrion hizkuntza eta kultura deuseztu eta Espainia handiarena inposatu…
    Eta aski lagun -gosetiak gehienak- konbentzitu zituzten, eta mende luzez aritu ziren pertsonak hiltzen, mehatxatzen, bahitzen, torturatzen, edo errurik gabe kartzelaratzen soilik euren Espainia handiari aurre egitearren.
    Horrela mendeak daramazkigun arren, apenas dagoen “intelektual” espainiarrik bere Estatu odolzalearen aurka ahotsa altxatu duenik. Milioi bat ETAk baino min handiagoa eragin duen arren. Oñaederra ere ez da horretaz jabetu antza.
    Beste aldera begiratuta bizitzea erosoa baita oso.

  • ETA euskaldun-basko batzuk sortu zuten eta erantzun itxuraz eraso etengabea burutu zuen zeren eta 35 urtez iraun zuen jendea hiltzen eta mehatxatzen, euskaldun piloa barne. Ulertzen dut orain errelatoaren garaian horrelako txepelkeriak esan behar direla baina tarteka egia esatea ondo etortzen zaigu. Espainia da aitzaki bat sozialismo-komunismoa gure artean erein nahi duten batzuk ETAren ildo nazkagarria zuritzeko. Hori ukaezina da.

  • euskaldun bat 2019-01-06 13:20

    Bentazar, orain dela 2000 urteko erromatarren historia aztertzen dugunean urte pila horiek ematen duten asepsiarekin, badakigu historia nondik zihoan. Hemendik 2000 urtera gaurko Euskal Herriaren historia aztertzen denean asepsia berarekin, badakizu ondo asko nola ikusiko duten historia. Erromatarren garaian ere izango zituzten barbaroak erasotzeko mila motibo, besteak beste zibilizaziorik gabeko eta gizatasun mailarik gabeko tribuak zirela etab. Barbaroek ere beraien artean izango zituzten ezinikusiak eta gerrak, batzuk erromatarrekin ere kolaboratuko zuten ziuraski, denetarik egongo zen. Baina urteak pasa ahala Historiak (h handiz) gauza bat esaten digu eta hara non, mendez mende errepikatu egiten da, beste formatu batzutan baina finean gauza bera.

  • Ene, Euskaldun Bat, historiak ez du sekula asepsiarik eta gai hau nik ikusten dut abertzaletasun benetakoaren ikuspegitik (zeren eta Sabino Aranak eta ez Txabi Etxebarrietak sortu baitzuen abertzaletasuna eta abertzale hitza). Hemen tokatu zaigu tipo batzuk oso abertzaleak zirela esaten zutela eta gure herria izorratzen ibili direla zenbait hamarkadaz. Nire herrian bertan herriko jende euskaldun eta abertzalea izorratzen ibili dira burgesak ala kapitalismoaren aliatuak zirelako aitzakiz. Honek ez du zeikusirik erromatarrekin, ezker abertzalekoak hondamena izan dira gure herriarentzat ikuspegi nazionaletik eta orain konturatzen ari gara horretaz.

  • euskaldun bat 2019-01-06 14:37

    Franklin Delano Roosevelt-ek esan omen zuen behin: “Agian Somoza putaseme bat izango da, baina gure putasemea da”. Menpekoak zatitzea eta ahultzea oso erraza da.

  • Nabar armadak ez zuen lortu Nabar Estatua mantentzea, Eusko Guradosteak ez zuen lortu Euzkadi Estatua preserbatzea. Euskadi ta askatsunak ez du lortu euskal Estatua sortzea.
    Hiru porrot hiru nahaI suntsituak. Hurrengorako gurea den amerriari askatasunerantz eraman nahi badiogu etsaiaren logikatik at mugitu beharko ginateke eta amertzaleen batasuna lortu estrategia mankomunatuaren bitartez.

  • Nik ez dut zuk duzun hain ikuspegi ulerkorrik tipo horiekin. Gure herria kakazartu dute eta euskaldun abertzaleak etsai gisa tratatu dituzte. Objetiboki espainol batek espainola eta espainolista dela esaten badu hobea da hauek baino, abertzaleak direla esan eta gure herria izorratu egiten baidute.

  • ETAren porrotak ez du zeikusirik abertzaletasunarekin, ETAk herriaren borondatearen kontra jarraitu du eta gure herria oinperatu nahi izan du modu bortxati batean, Bisigodoak Euskal Herria inbadituko balute bezala. Portzierto, Eusko Gudarosteak defendatu zuen Eusko Jaurlaritza gauzatu da, hor garaipen bat dago. Etsaia lagun eta abertzale dela esaten duenean orduan hori salatu egin behar da.

  • Ibiltzen aspaldi ikasia dugu otsoa eskutik hartu gabe.

  • euskaldun bat 2019-01-06 16:50

    Bentazar, nahi duzun guztia eta gauza askotan zurekin bat etor naiteke baina ondotxo dakizu ETA ez zela esistituko Espainiaren erasorik gabe eta Espainiak ez zuela erasotzeko beharrik izango euskara inoiz esistitu ez balitz. Franco eta maketoen inmigrazioa txanpon beraren bi aldeak dira. Beraiek ere badituzte beraien arteko gorabeherak baina bat egiten ere ederki dakite nahi dutenean. Judutarrak bezain aztiak izango bagina, beraien artean a ostia limpia jarriko genituzke. Ez dut uste oso zaila izango litzatekeenik beraien ahuldadeak aprobetsatzea. Horretarako dirudun lobiak behar ditugu. Non daude gure jauntxo “abertzale” dirudunak?

  • ETA hiltzen hasi zenean zegoeneko erakunde marxista-leninista-internazionalista zen eta berarentzat arazo nazionala arazo huts hutsik instrumentala zen eta jarraituko zuen izaten. Ezker abertzaleak erabateko zatiketa sortu du euskaldungoa eta abertzalegoaren baitan. Nola sortu euskal loby bat kanpoeder etxekalte hauekin?

  • euskaldun bat 2019-01-06 20:26

    Bai badakit, baina sortu zenean munduan horrelako iraultza sozialistak bolo-bolo zebiltzan eta moda haren zurrunbiloan sartu ziren. Gaur sortuko balitz ez zen marxista eta guzti hori izango, agian feminismoa eta ekologismoa edo antzeko istoriotan hasiko ziren. Horregatik diot nik uneko modei ez zaiela jaramonik egin behar, gu geu izanez nahikoa dela. Baina beno, gauzak beti degeneratu egiten dira eta txikia eta ahula bazara are eta gehiago. Ezker abertzalekoek Eaj-koak gure putakumeak bezala ikusi beharko lituzkete eta alderantziz ere bai. Eta Euskal Herria euskalduna izango da edo ez da izango, ez dago ezer gehiago erantsi beharrik. Eta gehiago sinplifikatu ezin delako da horrela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude