Gure amona ez zen itsasoan hil

Gure amona ez zen itsasoan hil –

Gure amonak alde egin behar izan zuen gerra Goierrira (Gipuzkoa) heldu baino apur bat lehenago, beste senide batzuekin batera. Familia gorria zen, abertzaleak tartean, anaietako batzuk gudari zebiltzan, eta hanka egitea tokatu zitzaion, 17 urte zeuzkala. 

Gure amona ez zen itsasoan hil
Arg: Open Arms

Ez dakit zenbait herritan ibili behar izan ziren. Badakit Sestaoko (Bizkaia) Simondrogas auzoan egon zirela denboraldi batean, baldintza zinez gogorrak zeuzkan langile auzo batean; Kantabriatik ere pasa zirela, eta balkoian bandera errepublikarra zeukaten santanderino askok piper-potoa jarri zutela frankistak hurbildu ahala. Eta gosea pasa zutela, gose latza.

Bandera ingelesa zuen itsasontzi batek jaso zituen, berez ikatza garraiatzera dedikatzen zena. 3000 lagun omen zihoazen, ume mordoa tartean. Une batean begiralea oihuka hasi zen: “Canarias dator!”. Canarias, frankisten gerra ontzi malapartatua, besteak beste Matxitxako lurmuturrean hainbeste euskaldun sarraskitu zituena… etorri zen bezala joan zen, bandera ingelesari esker.

Eta iritsi ziren Frantziako itsasertzera. Eta ez zituzten itsasoan zain izan egunak joan eta egunak etorri, gosez, antsietatez, tristuraz. Portua zabaldu zieten, eta jaitsi zirenean artatu eta lotarako toki bat eman. Amonak kontatzen zuen izugarrizko lo saioa egin eta hurrengo egunean esnatu zenean, frantsesek gosaria prest zeukatela: ogi zuria eta gurina. Usaitze hutsarekin konortea galdu omen zuen eta lurrera ziplo erori, pentsa nola egongo zen.

Gure amonak alde egin behar izan zuen beste erremediorik geratu ez zitzaiolako. Gerra zetorrelako, eta berekin heriotza, gaixotasuna eta gosea. Ez zegoen besterik. Eskerrak, behar izan zuenean, beso zabalik hartu zuten. Frantsesek ekarri dizkiguten kalamitate guztiak ahaztu gabe, eskerrak une horretan ez zituzten itsason hiltzen utzi. Eskerrak.

107 pertsonak 17 egun daramatzate Open Arms-en itsasontzian, eta are egun gehiago bidai oso arriskutsu batean. Azken txanpan daude, akituta, desesperatuta, lurra zeinen gertu eta aldi berean zeinen urruti dagoen ikusten. Negarrez ari den neska gazte hori ikusi, eta nola ez zait ba gure amona burura etorriko.

Barku horretan dauden pertsonen egoeraren erantzuleak, barku horretako pertsonen sorterrietako kalamitateen errudunak, gure herriaren okupazioaren eta esplotazioaren exekutoreak, ordea, lurrean egongo dira, itsasotik gertu. Miarritzen. #G7EZ

Gure amona ez zen itsasoan hil

Gure amona ez zen itsasoan hil
Gure amona ez zen itsasoan hil

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

3 pentsamendu “Gure amona ez zen itsasoan hil”-ri buruz

  • Maider Ezeolaza 2019-08-20 09:00

    Zortea izan zuen zure amonak. Gaur egun hona datozen askok duten bezala, haien herrietako gudetatik edo errepresiotik ihes egiten.

    39an Frantziara pasatu ziren askok ez zuten hainbeste zorte izan. Frantziako gobernuak ez zekien haiekin zer egin, kontzentrazio-eremuak eraiki eta han Espainiako gerratik joandako errefuxiatu asko bildu zituen. Egoera latzak pairatu behar izan zituzten: hotza, gosea eta tratu txarrak. Batzuk kontzentrazio eremu horietatik ihes egitea lortu zuten, eta ilegalak bihurtu ziren 40.hamarkadako Frantzian. Gero II.mundu gerra etorri zen eta egoera larritu zen. Asko ez zuten haien etxeetara itzultzea lortu, baina beste asko bai, Francoren Espainiara itzuli ziren.

    Ez idealizatu garai hartako errefuxiatuen egoera, ezta jaso zituzten herrialdeen jarrera eta egoera ere. II.mundu gerra bukatu eta gero ere errefuxiatu askok ezin izan zuten haien etxe edo herrietatara itzuli, zeharkatu behar zituzten herrialde askotan haien kontrako jazarpenak irauten zuelako “bakean” zegoen Europa horretan.

    Gaur egun gizakiok betidanik izan garen bezain gupidatsuak eta gupidagabeak izaten jarraitzen dugu.

    Zure amonak zortea izan zuen. Beste askok ez. Duela 80 urte eta gaur egun gertatzen den bezala.

  • Nik ez dut Frantzia idealizatzen, lasai egon zaitezke alde horretatik. Gainera, harrerako lehen eguna kontatzera mugatu naiz, ez hurrengo hilabeteetan bizi behar izan zuena. Mila esker azalpenarengatik, dena den.

    Barku bat kosta parean, eta barruan laguntza behar duen jendea, hil ala bizi. Ez dut uste historian aurrekari asko egongo zirenik.

    Bestalde, nola interpretatu behar dut zure esaldi hau?: “Gaur egun gizakiok betidanik izan garen bezain gupidatsuak eta gupidagabeak izaten jarraitzen dugu”. Eta listo, kito, fini. Beti horrela izan da eta punto? Lehen horrela izateak gaurkoa justifikatzen du? Zutabearekin gogorarazi nahi nuen euskaldunok ere ihes egin behar izan dugula itsasontzietan miseriatik, eta beti jaso gaituztela nonbaiten (nik dakidala, hala izan ez den kasuren bat ezagutzen baduzu kontatu, mesedez); ez beti kondizio onenetan, egia, eta horretan frantsesak ingelesak edo sobietarrak baina bastante okerragoak izan ziren. Baina jaso bai; itsasoan hiltzen utzi ez.

    Etorkinen kontra jo eta su idazten dutenek ez lukete ahaztu beharko: etsaia ez dator pateran, jet-etan eta limusinan baizik.