Gurasoak zuek zarete

Gurasoak zuek zarete –

Saioa Alkaizak, Nafarroako Hitzan.

Plazaren izkina batera joan da Aitziber, diskretuki eseri da koska batean, inor molestatu gabe, eta odoleko azukrea neurtzeko daukan makina zorrotik atera du. Ziztadatxo bat hatz puntan, eta odol tanta txiki bat isuri zaio, glukosa neurtzeko gailuaren gainean hatza jarri, eta zenbat markatu dion ikusi ostean, xiringa hartu du, boligrafo baten antz handiagoa duena ia.

Gurasoak zuek zareteEsan gabe doa ezinbestekoa zaiola injekzioa. Diabetikoa baita. Orduan, plazan dagoen bi umeren aita den gizon ezezagun bat gerturatu zaio, esateko haren umeek ez dutela ulertzen zer den xiringa bat, ezta zertan ari den ere, beraz, hurrengoan, haurren aurrean halakorik eginez gero, arren, azal diezaien, bestela ikaratu egiten dira eta. Beldurtu egin omen ditu. Ufaka alde egin du gizonak, suminduta, telebista piztu eta hilketa odoltsu baten eszena nahi gabe ikusi behar izan duenaren aurpegi txar berberarekin.

Billabesan doaz Jokin eta Alvaro. Whatsappa begiratu, selfie bat egin, nazioarteko harremanen ikasgaiko azterketaz kexatu, leihotik begiratu, chupachus bat jan eta elkarri muxu bat eman diote.

Buru-makur daude biak, ekaineko azterketak beti nahi baino lehenago iristen direlako, eta ekainak halako maiatz aurreratuaren traza hartzen duelako. Uniformedun haurra eskutik daraman andre batek esan die, faborez, umeak daudela eta ea zer pentsatuko ote duten eta bera ez dela homofoboa, baina gauza bat dela elkarrekin ibiltzea eta beste gauza bat espektakulua ematea. Billabesaren hurrengo geltokian jaitsi egin da, munduko duintasun guztia bere gosariko zerealetan jan duen horren ziurtasunarekin.

Maialenek 130 urte izan nahiko lituzke; 130, kalkulatua duelako adin horretan ezinezkoa izanen dela berriz ere galdetzea: “Eta zu zer? Haurrak noizko?”. Baten batek pentsa baitezake 40 urte izatearekin nahiko litzatekeela, baina hark 43 dauzka, eta ohartu da ezetz.

Astean behin baino ikusten ez duen lehengo kuadrillako batekin geratu da kafea hartzeko. Ondoko mahaian dago 8 urtera iristen ez den izaki bat, aita deitzen duen tipo batekin. Maialenek lagunari kontatu dio Tinderren ezagutu duen neska horrekin larrua nola jo zuten ezagutu eta lehen gauean, tabernako komunean; kontatu dio nagusia akabatuko lukeela; eta kontatu nahi dio zeinen zaila den 42 urte izatea eta bizitzari bakarrik aurre egitea.

8 urtera iristen ez den izakiaren aita, baina, elkarrizketan sartu da, eta esan die baxuago hitz egiteko, ezetz dirudien arren, txikia denarekin ohartzen dela, eta gero etxean errepikatzen duela. Ulertzen duela kafea hartzeko geratu direla, dena dela, kafetegi baten terrazan daudela eta ez direla oso elkarrizketa egokiak haurrentzat.

Irribarre egin die gizonak; irribarre, kontratuz hortzak erakustera behartuta dauden arropa dendetako langileak nola.

Aitziberrek, Jokinek, Alvarok eta Maialenek pentsatu dute agian norbaitek esan beharko liekeela gurasoei haiek erabaki dutela haurrak izatea. Ez gainontzeko guztiek.

Gurasoak zuek zarete

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.