Guraso, ikasle eta irakasleok ere txarrenari onena aterako diogu

Guraso, ikasle eta irakasleok ere txarrenari onena aterako diogu – 

Alarma egoera dela eta, konfinamendua, tele-lana, ikasleek klaseak etxetik jarraitzea, eta beste hamaika erabaki hartu dira azken egun hauetan. Egoera hau, ezezaguna eta berria da denontzat.

Ikasle eta irakasleen egoerari dagokionez, errealitateak fikzioa gainditu du, eta irakasle, guraso eta ikasle asko ere horrela gaude, gaindituta. Bapatean, mundu likidoaren menpe gaude denok, eta albisteetan behin eta berriz gogorarazten digutenaren arabera, badirudi tresna digitalak direla gure egungo egoera honen konponbide eta salbazioa.

Errealiatea ordea, oso bestelakoa da. Kasurik hoberenean, tresnak baditugu, bai, baina ba al dakigu tresna hauek modu eranginkorrean erabiltzen? Ba al dakite gure ikasleek tresna horiek erabiltzen? Ezinbestekoa al da orain dena tresna horien bidez egitea?

Ikasle eta familia asko estresatuta daude, eta ez naiz harritzen. Tresna hauek eskolan erabiltzen dituzte, bai, baina ez une oro. Arkatza eta papera ere erabiltzen dituzte, eta bapatean ezin diegu eskatu dena ordenagailu bidez egitea, denak erritmo berdinean, modu autonomoan… Egunetik egunera, soilik ikasgai bakoitzeko Classrooma, emaila, Drivea edo dena delakoa begiratzea lasterketa bat bihurtzen ari da.

Egoera denontzat da berria eta ezezaguna, eta kasurik hoberenean gure ikasle batzuk gurasoak dituzte alboan laguntzeko prest, baina ezin dugu ahaztu, gurasoak ikasleak bezala, anitzak garela, eta denak ez gaudela egoera berdinean.

Guraso, ikasle eta irakasleok ere txarrenari onenaBatzuk ohituta gaude tresna hauek erabiltzen, beste batzuk ordea ez dituzte inoiz erabili, eta beste askok, hau ezin dugu ahaztu, ez daukate etxean inolako gailu digitalik.

Gurasoen ezagutzaz gain, gurasoen lan-egoera ere ezin dugu ahaztu; asko etxetik ari gara lanean, honek dituen zailtasunekin, zeren fisikoki hemen zaude bai, baina eginbeharrak dituzu eta ezin diezu haurrei behar duten adina laguntza eskeini, eta horrek ere estresa sortzen du.

Beste asko, haurrak etxean utzi eta lanera joaten ari dira, horrek sortzen duen beldurra, ezjakintasuna eta sentsazio desatseginekin. Honek sekulako inpotentzia sortzen du.

Badaude baita ere autonomoak zirenak eta etxean geratu behar izan dutenak, datozen hileetan sortzen diren gastuei nola aurre egin pentsatzen ari direnak. Hauek ere fisikoki badaude bai, baina burua beste nonbait daukate.

Eta irakasleen egoera ere ez da askoz hobea. Bapatean dena hankaz gora jarri eta denak hiperdigitalak izan behar dugu, bestela badirudi ez gaudela lanean. Ez da hobea tresna gehiago erabiltzen dituen irakaslea. Ez, hau ez da erreala. Erreala da zure semealaben irakasleek telefonoz deitzea, edota emaila idaztea galdetuz ea zer moduz gauden, ea ondo gauden. Hau bai da erreala. Honek bai konektatzen gaitu.

Egoera hau ere pasako da, baina irauten duen bitartean, txarrenari onena aterako diogu. Aprobetxatuko dugu orain arte egin ezin genituen gauzak egiteko: semealabei kalitatezko denbora eskeintzeko, norbere buruari denbora dedikatzeko, elkarrekin egoteko, izan gaitezen zentzudunak eta maite digutunak zaindu ditzagun.

Bizipozak iraun dezala.

Guraso, ikasle eta irakasleok ere txarrenari onena aterako diogu.

2 pentsamendu “Guraso, ikasle eta irakasleok ere txarrenari onena aterako diogu”-ri buruz