Guk, newyorktarrok

Karibeko uharteetan 67 bizi galdu dira, Sandy urakanak eragindako hondamendian. Guk ez genekien. Guk, newyorktarrok, badakigu 30 urteko guretar bat izan dela Sandyren lehen biktima, zuhaitz bat erori zaio gainera, Queens auzoan. Twitterren irakurri dut.

Manhattan eta Queens arteko Midtown tunnel itxi egin dute, kontatu digute albistegietan, urez gainezka egin du tunelak. Times Square hutsik ikusi dugu, zuzen-zuzenean; paradoxa, plazan katurik ez eta publizitate pantailek audientzia markak gainditu dituzte, mundua horra begira egon baita. Hor nonbait ez zaie argindarra joan.

Olatz Arrieta kazetaria ez ezik, Michael Bloomberg alkatea herritarrak arriskuaz ohartaraziz entzun dugu. Suhiltzaile batek ere hitz egin digu: teilatura igo diren bizilagunak salbatu ditu. Zein hurbil sentitzen dugun hain urrun dagoen New York (5.772 kilometrotara).

Dramatikoki hurbilak zaizkigu newyorktarrak. Ezagutzen ditugu Brooklyn, Rhode Island, Manhattan, Central Park… ezagutzen ditugu New York Knicks, Woody Allen, Empire State Building. Gutarrak dira: zuriak, dirudunak, pop zaleak, ingelesa darabilte, NBA ikusiz txunditzen dira, H&M jazten dute, Friends-ekin egin dute irri. Baina, hau guztia, komunean dugun bizimolde eta itxura estandarizatua, haratago doa. Haien sentimenduak gure egin dituzte. Deituiozu Holywood nahi baduzu, baina ez hori bakarrik. Irailaren 11ko alargunen malkoak geure pantailetan isuri dira, haien samin hitzak azpititulatuta. Hunkitu dizkigute bihotzak.

LED dirdirkariek argitzen digute New York eta ilundu gainontzekoak. Argindarrik gabe ere, ez da fokurik falta New Yorken. Aldiz, joan zen asteko egun baten, Gibraltarko itsasartea gurutzatu nahian, hamaika (asko; ez dakit zenbat zehazki) etorkin (pertsona?) ito ziren itsasoan. Zorionez, beste batzuk bizirik heldu ziren portura: begiak zabal, ezpainak lodi, oinak hutsik, azala beltz. Eta ez nuen deus ere sentitu. Ez zegoen nire antzik zuenik.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra