Guda berriaz

Udaberria bero ernatu zaigu Euskal Herrian. Iñigo Cabacas gazteari bizitza lapurtu ziotenetik urte bete pasa den honetan, hautsak harrotuz doaz aspaldi usteldutako polizia ereduaren inguruan.

Aurpegia estalirik, herritarrak kolpatzeko armak eskutan eta ohikoa den k-oldarkeria zikinez (justifikazio eta aurre abisurik gabe), plaza hartan zeudenak tirokatzean hil zuten “Pitu”. Beste bat, beste behin ere. Dagoeneko, euskal oroimenak ezin kontatzerik ditu bortizkeria honen atzaparretan eroritako seme-alaba guztien bizipenak. Asko dira, gehiegi ere, ahanzturan eta justizia ezan galdutako kasuak zoritxarrez.

Guda berriazHeldu den legegintzaldia, Ertzaintza-polizia eredu hurbila eta gardena bezalako hitz potoloez betetzen ari da Beltran de Heredia ‘segurtasun’ sailburuaren ahotik. Begi-bistan da jendartea lasaitzeko erabilitako promesak direla, hori baino ez. Bitartean, Europak zein nazioarteko bestelako erakundeek debekaturiko armamentua erabiltzen jarraitzen dute, bai eta Aresek erositako ‘jostailu’ berrien inguruko alardea egin ere, Norbegian ekoiztutako eta jatorrian gudarako diseinatuak diren granada-jaurtitzaileak hain zuzen ere.

Mesedez, emango al didazu zure plaka zenbakia? galdetuz gero, «Igual te la comes» erantzuteko probabilitateak %99,9an dagoen honetan, nolatan sinetsi hitz horiek? Hemen ezer ez da aldatu. Herritarrak zaindu beharrean, kolpatu, umiliatu eta zigortzen dituzte. Gaztetxeen desalojoetan, greba orokorretan edota epaiketa politikoen kontra Donostian bizitako protesta baketsu zein eredugarrian bezalaxe. Horretarako entrenatuak baitaude, fisikoki zein psikologikoki. Bortizkeria behar dute, hori da euren bazka. Falta zaienean, orduan lekuz kanpo.

Azken adibide honetan nahiko nuke etenalditxo bat egin, baina ez hainbeste aurrean eduki ditugun lotsabako horien jarrera berrikusteko, baizik eta Aske Gunean Herri Harresia osatu duten pertsona guzti horien lana goraipatzeko. Muturreko desobedientzia eta borroka molde berrien bidetik historia aldatzera kondenatuak gaude eta etsaia geroz eta kontzienteago da mugarri honetaz. Beraz, aipatu esperientziak ‘guda’ berri baten arauak ezarri dituelakoan nago, guk geuk mahai gainean jarritakoak, ezer ez inori itxaron gabe. Berriro ere iraultzaren ispilura begiratu gaitezen eta lotsak, etsipenak, aurreiritziak alboratu ditzagun. Gu geu izateko, sentitzeko, indarrez, ilusioz eta kemenez. Estrategia zahar-berri honetan, batu diren pieza nagusiak hauexek izan daitezke:

Mobilizazio eta ekintza konbentzionalen inertziari aurre hartzea: Agerian da, prentsaurreko-kontzentra-mani ‘tridenteak’ gure historian izan duen desgastea nabarmena izan dela. Geroz eta jende gutxiago, geroz eta antzeko ekimen gehiago burutzen ditugu, aspertzeko joera antzematen delarik aspalditik. Aurpegi berriak behar dira, esku-hartze eta irudimen eraberrituak, ilusioan oinarrituriko parte hartzea, behartuak sentitu gabe, nahi dugulako eta zinez bizi dugulako. Ideiak sentimenduetatik eratorriak baitaude eta egora emozional positiboetan bakarrik ugaltzen dira. Sormena da klabea eta ekimen berritzaileen ezinbesteko elikagaia. Gazteriak berezkoak ditu ezaugarri guzti hauek, aitzindaritza ere horrela eramaten ari delarik.

Komunikazio egitura (mezua-tresna) eraldatzea: Zer komunikatu nahi dugu? Hura erabiliko dugu! Ideologia eta ‘etiketaz’ haratago, bihotzak ukitzea ezinbestekoa bilakatu da informazioa-kontzientzia-aktibazioa modu integralean eman ahal izateko. Pertsona baten barruan sartzeko sentimenduak piztu behar dira, elkar kutsatu eta komunitate oso bat astintzea nahi badugu. Kode irekiak erabiltzean gainera, arreta eta eragin esparrua zabaltzea ahalbidetzen du, kolektiboaren izaera indartuz. Bestetik, mass-medien blokeo-zentsura azaleratu eta kolokan jartzea ahalbidetzen duten tresna eraginkorrenak internet eta Sare sozialetan daudela esan genezake. Karteleriaz gain, badago non inbertitu (dirua-denbora). Behin mezua eta tresnak definiturik, “marketing” goxo eta indartsu bat lortzeko, grafika, kolore, irudi eta soinuak izango dira lehen mailako protagonistak.

Indar metaketa: Topikotan jauzi gabe, ezkeriar ikuspegia-ibilbidea garatua duten pertsona eta eragile ororekin elkarlana piztea ezinbestekoa suertatzen da. Ezagutu, elkarrengandik ikasi, lotu eta sinergiak bilatzea hain zuzen ere. Pentsatzen duguna baino askoz gehiago batzen gaitu testuinguruak eta hortaz kontziente izatea oso garrantzitsua da garaipentxoak erdiesteko. Zentsu honetan, gune eta prozesu inklusiboak eratzea ere klabeak dira: ‘do it yourself’ edo ‘zuk zeuk egizu’ bezalako gonbidapenak igorriz, antolatzaile figura trinkoaren deseraikitzea edo eraldatzea suposatzen duelarik. Horrela herri boterea partekatzen da, birbanatzen eta ondorioz, biderkatzen ere. Era berean, desobedientzia ekimenak diseinatu eta egikaritu dituztenekin aliantza estutzea interesgarria litzateke, praktika onak errepikatu eta akatsak ekiditzeko.

Salaketatik eraikitzera salto egitea: Bizitako zapalkuntzaren historia gordinak mugatu du hein handi batean sakoneko eraldaketa hau lortzea. Errepresioa, kontrol soziala, globalizazioa, kapitalismoa,… salatzea izan da ekintzaileon lana urteetan zehar. Kontra gaudenaren inguruko diskurtso-praktika garatua, ideologizatua eta entrenatua. Baina guzti honek nahigabean, jendartearen erakargarritasunean ere eragina izan du, atxikimendua gutxituz edo hartara mugatuz kasu gehienetan. Jarrera edo izaera pro-aktiboa lotan izan dugu orain artean. Hala ere, Aske Gunean bizi izandakoa, urgentziazkoa-garrantzizkoa dikotomiaren gainditzea suposatzen du. Hau da, zerbait salatzerakoan ere eraikitzeko aukera badagoela, edota beste era batera esanda, konturatu orduko ‘Harresistentzia’ berak, herria eraikitzeko eredu bilakatu dela, inprobisazio eta bat-batekotasun dosi handi baten laguntzarekin batera.

Zinez uste dut eta bihotzak hala aginduta, bide onenean goazela. Etsaia desarmatu bitartean, jendartea astindu eta pertsona zein komunitate askez osaturiko herri askea eraikitzeko baliabideak baditugula. Sormena da ‘Guda’ berri honen gakoa. Zu zeu zara erreminta egokiena!

Guda berriaz

Politika zientzietan lizentziatua Parte hartze prozesuetan aditua