Grrrabagailua

Tarteka kazetari lanetan aritzeak badu bere alde ona. Ez naiz Zinemaldira doan joateko akreditazio dotore horiez ari, ezpada jende interesgarriarekin hizketaldi lasaiak egiteko aukeraz. Elkarrizketaren arteaz, alegia.

Nik ere erabili dut inoiz telefonoaren errekurtso erosoa, eta orain gutxi, baita e-mailaren distantzia hotza ere. Baina kitzikatzen nauena bestea da, modu tradizionala: galderak mimoz prestatu, kafetegi edo taberna batean zitatu, eta trago eta trago artean, luze bezain zabal hitz egitea. Grabagailua piztuta uzten dut hasieran, memoriak traizio egiten baitit bestela, baina elkarrizketatuarekin zertxobait konektatzea lortu badut, elkar-ulertze atsegin bat sortu bada kafe, zurito edo dena delako horren aitzakian, grabagailua itzali ostean izaten dira iritzi trukaketa taxuzkoenak. Hitzak betikotuko dituen gailu ilunaren presiotik salbu.

Hala izan zen parez pare egin nuen azkenekoan ere. Elkarrizketa periodistikoak adina edo gehiago iraun zuen ondorengo berriketak, eta amaitzean,  tonto itxura ematen duen erdi-irrifarre hori soinetik kendu ezinda egin nuen etxerainoko bidea,  poz betean.

graba

Luze joan den solasaldiaren transkripzioa egitea ordea, ez da horren lan atsegina. Abiadura moteldu behar izaten dut, ia esaten dena ere desitxuratzeraino, eta hala ere, esaldi bakoitza bi edo hiru aldiz entzun.

Baina, azkeneko hartan, grabagailuko soinu pista ordenagailura pasatzen ahalegintzean, ohi baino artxibo pisutxuagoarekin egin nuen topo. Asko jota ortu t´erdi luzekoa behar zuen elkarrizketak 15 ordu baino gehiagoko iraupena zuen. Itxuraz, grabagailua itzaltzea ahaztu eta bertan gorde nituen ondorengo solasaldia, etxerainoko bidea, pisukideekin egindako hizketaldia, amarekin telefonoz izandako eztabaida, eta baita gau hartan ikusi nuen kontzertua ere.

Gau osoa eman nuen egun hartako berriketa oro entzun eta entzun. Hitz bakoitzaren entonazioari ñabardura berri bat aurkituko niolakoan edo… Ni bezalako memoria gabe batek nola ez zuen bada eskertuko esan eta entzundako guztiak zehaztasun osoz gogoratzeko aukera. 

Egunak argitu zuenean, logureari aurre egin eta lanera abiatzeko portaleko atea igaro bezain pronto, ez nuen bi aldiz pentsatu: martxan jarri nuen berriro grabagailua. Halaxe aritu naiz, geroztik, egunero egunero, begizuloak aurpegian eta grabagailua politsikoan, ilundu orduko egunaren testigantza fonetikoaz gozatuz, kafea edo zurruta bezain adikzio larria izan daitekeela konturatzeraino.

Eguneroko presazko eginkizun antzuetan murgilduta ihes egiten diguten xehetasunei erreparatzeko aukera izan dut menpekotasunari esker:

Eskuartean proiektu interesgarria dudanean, behin eta berriz errepikatzen diedala topatzen ditudan lagun eta ezagun guztiei, egunean bost edo sei aldiz aurpegiratzen didatela gehiegi begiratzen diodala mugikorrari,  uste baino lehorragoa naizela kontzertuetara gonbidatzen nauen horrekin, Semperren olerkiak baino esaldi zentzugabeagoak botatzen ditudala beste harekin topatzen naizenean…

Baina gehien asaldatu eta harritu nauena ez da hori izan. Orain arte, nire ahotsa sekula entzun gabea nintzen, irratira etortzen naizenean ere, ez baitut sekula irratsaioa entzun nahi izaten. Baina pixkanaka, ia hiru astez izan ditudan hizketaldi guztiak behin eta berriz entzun eta hitz bakoitzean arreta ipini ondoren, somatu dut nire hizkerak baduela berezia den zer edo zer.  

Aiton-amonen azentuaren eragina izan zitekeela otu zait, edo Kataluniako egonaldiaren albo-kaltea izan bestela, baina ez. Ez du horrekin zerikusirik. Anjel Lertxundik gaiaren bueltan asteburuan idatzitako zutabea behar izan dut, 23 urte betetzera noan honetan behingoz konturatzeko: bai, erremerrea naiz.

Orain ulertzen dut zergatik norbaitek nire izena apuntatu behar duen aldiro, bi edo hiru aldiz errepikatzeko eskatzen didan. Etxekoei deitu diet, haserre bizian; baita kuadrilako lagunei ere. Nolatan ez nauzue orain arte ohartarazi?

(Euskadi Irratiko Arratsean saiorako prestatutako testua)

NIRE KONTRA ESANAK