Greba

Greba –

GrebaSaia gaitezen joan den osteguneko grebari buruz zerbait esaten, batez ere pare bat hile barru berriro halako batean egongo garelako (beno, beno). Nik Gasteizen bizi izan nuen eguna. Gauza deigarriak. Hasteko, gazteen presentzia. Agian ni zaharragoa naizelako, baina aurreko beste ekimen/manifestazio/elkarretaratze gehienetan baino jende gazte gehiago ikusi dut. Batetik, galdutzat ematen genuen 30 eta 40 urteen arteko belaunaldiko jende ezezagun asko. Baina baita gazte-gazteak ere. Goizeko ekimenetan nabarmenagoa izan zen hau. Eguerdiko manifan batez bestekoa igo zen. Baina, orokorrean, gazte gehiago. Ederto. Beste bat: goizeko manifestazioan, jendetza. Hau ez da gauza berria, ez horren berria. Inork aipatuko zidan greba feministen karira jende gehiago zegoela horrelakoetan. Bale, baina oso ezberdina da. Eta goizeko sasi-pikete sasi-zutabeetan ere, jende ugari. Eta aniztasuna, bai, deitzaileak ugariak izaki horrelakoa behar zen troparen izaera, denetarikoa, beste eremu batzuetan aurkaturik gaudenok elkarrekin eta, horren ondorioz, sentsazio berezia, pitin bat arraroa. Kapritxo pertsonala: deian bazegoen, bai, baina ekosozialismoa eta desazkundearen diskurtsoa, diskretoegia. Agian desazkundeaz serioski mintzatzeko goizegi da.

Eta borrokamoldeen inguruan zerbait esan beharko dut, noski. Ea ba. Pikete feminista, ai ama, ni ahoa bete hortz. Berriztagarria. Bestelakoa, baina ez, hortaz, ulertuko genuekeen biguna, ezta txiripaz ere. Desparpajoa, eta gauzak egiteko estilo propioa. Hala, bada, denbora lekuko. Gero, egun osoan zehar, poliziekin talkak edota merkataritza batzuen aurkako ekintzak. Behialako kale borrokaren moduko zerbait. Catalunyakoaren harira esan nuen, belaunaldi bakoitzak bere entrenamendua eta erritmoa eskuratu behar du, hala bedi. Nahikoa egurra jasotzen baitugu egunero. Baina estilo bakoitzak bere garaiari dio erantzun behar, eta, nire talaia honetatik, zergatik horren haserre? Esan nahi baita, apurtu daitezke gauzak, arazorik gabe, biolentziarik inguruko eztabaida nahikoa barregarria baita, baina, .. eraginkortasun politikoari begira, ezin al dira horrelakoak pedagogikoagak eta alaiagoak izan? Polizia gorri horiekiko haserrea ere, … ez al dago jende hori barregarri uzteko bestelako modurik, 80etan genuen rictus horren gabe? Legez kanpoko jarduerak, etorkizunean, gertuago egongo dira desobedientziatik biolentzia politiko klasikotik baino, ez? Bada, hor, neskak aitzindari.

Bestela, hurrengorako … zergatik greba orokorra, jakinik ekoizpena –orokorrean- ez dela askorik -batere- aldatzen eta jendartearen egunerokoa ez dugula apenas trabatzen, eta ez borroka-egun estilo berria? Pitin bat katalandarrek erakusti (irakatsi) diguten moduan: guretzat kostu txikiagoaz (ez dakit: zenbat dira eraldakateren aldeko izan eta egun bateko soldatari uko ez egiteagatik bazterrean geratzen direnak? Boikota eginen al diogu ostegunean itxi ez duten tabernari? Kia) eta eraginkortasun berdinaz. Larunbatean deituz gero, eta arratsaldeko paseorik gabe, bikain.

Ez dakit nik batzuek iragartzen duten ziklo mobilizatzaile historiko berri baten atarian gauden, baina masa (ez bloke) sozial antihegemoniko berriztatzaile moduko batek muturra erakusten du. Ea denon artean zer egiten dugun horrekin.

Greba

2 pentsamendu “Greba”-ri buruz

  • Jon Artetxe 2020-02-07 13:17

    Ez zait oso argi geratu atal hau: “Kapritxo pertsonala: deian bazegoen, bai, baina ekosozialismoa eta desazkundearen diskurtsoa, diskretoegia. Agian desazkundeaz serioski mintzatzeko goizegi da”. Azal zenezake gehixeago esaldi horiekin zer esan nahi duzun? Eskerrik asko.

  • Nere iritziz U30 eko greba orokorrak ireki dezake hego Euskal Herrian borroka ziklo berriztagarri eta osasuntsu bat .

    Neri sensazio onak utzi dizkit jornada horrek. Gazteen parte hartzea, eskubide sozialen kartaren protagonismoa…Nere ustez orain ELA eta LABen dirijentziak egiten duen kudeaketaren baitan izango da emankorra eta arnas luzekoa bide hau .Esperantza daukat baietz izango dela.

    Bi hilabetera iragarritako greba orokor berri hori nere ustez desaktibatu egin dute EAJko estrategek apirilako 5eko hauteskundeen iragarpenarekin . Beraz, udazkenean guzti honen jarraipena?

    Aldarrikapenen taulari begirada bat emanez , noski deshazkundearena ez da ez ta agertzen . Mahai gainean jarri dena lehentasunez zera da . Pentsioen 1080 , gutxiengo soldataren 1200 , 35 ordu soldatak jaitsi gabe eta RGIa gutxiengo soldatara egokitzea gehi 2ko konbibentzia eremuetan %50a igotzea kopurua.

    Oso oso aldarrikapen zehatz apalak dira mahai gaineratu direnak . Baina norabide bat markatzen dutenak. Nere ustez jada lan asteko 20 orduak aldarrikatzen egon behar ginen (robotizazio eta dijitalizazioaren eraginak hor daude)eta kontsumo material jaitsierako plan egingarri baten haritik( EHko aztarna ekolojikoa 2,5etik gertu gaudenean); baina kontrako norabidean goaz ,CO2 isurketak gorantzako joera markatzen dutenean .

    Baina hausartzen naiz adieraztera horiek prozesu sozial gatazkatsuan gertatuko diren prozesu antolatu bat izan daitekela.Antolakuntza eta afinamendu asko beharrezkoak izango dituenak!Deshazkunde programatu eta zoriontsurako bide eragiletik , baina gatazkaz sozialez gurutzatua.

    Horra hor greba orokorren baliagarritasuna.Nere ustez oso garrantzitsua da beti soldatapeko ekoizpen sozialaren egituran eragitea, hortik etorriko baita, etorri behar badu beharrezkoa den eredua aldaketaren alde material eta espiritual indartsuenak. Hiru greba orokor urtean? Lau? etabar , etabar…

    Eskubide sozialen kartaren ideiak eboluziorako aukerak ematen ditu noski . Kontua da arnas luzeko ikuspegiak edo eukitzea. Eta U30eko pausu hori baliagarria izan daitekelakoan. Burujabetza prozesu euskaldun bat munduko mugimenduekin konektaturik. Errebeldian eta erresistentzia zibilean. Nik uste dut badagoela magma zahar eta gaztea, bizirik dagoen Euskal Herri honetan, naiz eta jendarte osoarekin tartekatuaz gutxiengo nabarmena izaten jarraitzen dugun, eboluzio sozialaren marrazkiak irekiak segitzen dute.

    Nere ustetan Euskal herria izeneko subjetu potikoaren bizitzak borroka ziklo posible honetan euki dezake enerjia berriztagarri oso emankorra.