Gorrotoari amorruz

gorrotoaAtxilotuak askatu zituztenean errieta egin zien ustez laguna zen poliziak: “polizia Abdel -Kukutza-  eta bere familia babesteko dago! Polizia zuek babesteko dago!”. Hubertek begietara begira erantzun zion: “Eta zeinek babestuko gaitu zuengandik?”. Inork ez, Hubert, zuk eta nik egin ezean.

Tiktak-tiktak-tiktak… Segundo bakoitzean orratzek hots bi. Eta bitartean, sakonera gupidagabeena duen jauzia; bizitzatik heriotzara doana, alegia.

Berrogeita hamargarren pisutik erortzen denaren istorioa kontatuz hasten da Kassovitzen Gorrotoa (La Haine); edo ez. Izan ere, polizia talde bati “kriminal batzuk zarete! Suzko armak erabiltzen dituzue! Horrela edozeinek! Guk harriak bakarrik dauzkagu!”  oihukatzen dion gizon batek hausten baitu lehenik pantailaren beltza. Ondoren jauzia.

Erortzen doanak behin eta berriz errepikatzen dio bere buruari lasai egoteko. “Momentuz dena ongi doa, momentuz dena ongi doa” esaten du, baina ez da konturatzen garrantzitsuena ez dela jauzia, lurra jotzeko unea baizik.

Hiru dira filmeko protagonistak. Berdin du haien izenak; mairua, judua eta beltza dira, txiroak gainera. Edo beste era batera esanda, munduko zaborra. Ez guretzat noski. Bezperan poliziek Abdel -gaur Kukutza- jipoitu zuten, koman uzteraino. Ez zuen askorik iraungo. Horren aurrean herriak- edo nahiago baduzue, zaborrak- kaleak hartu eta istiluak eragin zituen. Batzuentzat      -Azkuna, EGI, ERNE, Ares- biolentzia, besteontzako protesta eta erresistentzia.

Said, Vince eta Hubertek… Beno; koloretako zaborrak, Abdulen hilzorian egon nahi zuen, maiteari hatsa nahi zion eman, baina poliziak sarbidea galarazten zien ospitaleko -Bilbo-  gelako -Errekalde- atean. Hau amorrua hau! Kidearen azken arnasara hurbiltzen utzi ere ez. Eta amorrutik gorrotoa, kexa, protesta, samina ospitalean eta kalean… Eta poliziak, dakienarekin bakarrik erantzun zuen beste behin. Legitimoa ez, legala agian, baina edonola ere biolentzia, biolentzia eta biolentzia. Hiruak hartu zituzten atxilo. Saiden anaiaren laguna zen polizia batek atera zituen ziegatik, “eskerrak”!

Atxilotuak askatu zituztenean errieta egin zien ustez laguna zen poliziak: “polizia Abdel -Kukutza-  eta bere familia babesteko dago! Polizia zuek babesteko dago!”. Hubertek begietara begira erantzun zion: “Eta zeinek babestuko gaitu zuengandik?”. Inork ez, Hubert, zuk eta nik egin ezean.

Tiktak-tiktak-tiktak… Segundo bakoitzean orratzek hots bi. Eta bitartean, sakonera gupidagabeena duen jauzia; bizitzatik heriotzara doana, alegia.  Ez daukat begien aurrean, baina hortxe dakusat Kukutza. Parez pare ikusi dezaket Kukutzaren azken ordua. Hau amorrua hau! Azal uzkurtuan nabari dezaket inguruan ez dudan koloretako jendetzaren amorru bizia. Erraietaraino sartzen zaigu, bai, zakurren eta bere jabeen gorroto-kirats nazkagarria!

Ez, honetan ere ez dugu etsiko. Hormak eraisten badituzte ere ez dituzte birrinduko egia bihurtzen ditugun gure ametsak. Berpiztuko dugu itzaltzen saiatzen direna, suntsipenaren errautsetik beti sortzen baita bizi berri bat. Iritsiko dira kronika alaien egunak, ez izan zalantzarik.

Amorrua da guk duguna gorrotoaren aurrean; gorrotoa baita, gorroto hutsa, demokraziaren zaintzaileek Kukutzari eta Kukutzak ordezkatzen duen bizi ereduari diotena.