Gorrotoaren begi okerra? Edo ezkela ote? (II)

Gorrotoaren begi okerra? Edo ezkela ote? (II) –

Nafarroako Partidu bateko gidari goren-goreneko batek lehengo egunean aipatu zidan bera euskararen kontra ez zegoela, baina, euskaldunak kalifikatzerakoan, sortzetik dakiten euskaldun horien kontra ez dagoela, mirestekoak direla, baina euskara gero ikasi duten horiek… ai, ai!

Euskaldunen klasifikazio hau aspaldian darabilte PSN, UPN, Ciudadanos, Vox eta ama guzien semeek. Nonbait eragingarria zaie. Ideia salgarria eta erakusleihoetan jartzeko modukoa zaie. Nonbait botoak jasotzen dituztelako izanen da.

Gero, Nafarroako euskaldunen kopuruaz, ez dakit zer dela, nik ez bainuen kontu hori atera, bota zidan: zenbat dira euskaraz jakin gabe euskaraz badakitela esaten dutenak?

Ez nion ihardetsi ere egin, ez zen momentua eta ez zen bidea ere.

Hala ere, gaur bai iruzkindu nahi nukeela kontu hau:

-Zenbat pertsona ezagutu izan dugu, euskaraz jakin eta euskaraz EZ dakiela esan diguna? Lotsa ziren euskaraz jakiteaz.

Bestalde, jende asko ezagutu dut nik euskaraz jakin eta ez dakitela esaten, goragoko gradua izanen balute bezala, harro (Euskaraz ez jakitea ez dakit nongo Unibertsitatean graduondo bat egin balute bezala) Eta ez naiz honetan bakarra (Ikus Joseba Sarrionandia, bere “Airea ez da debalde” liburuko 87. orrialdea)

Jende asko ezagutzen dut nik, euskaraz jakin, baina herdoildu xamarra dutela, erraztasun handirik ez dutela edo horrelako zioren batengatik esaten: “nik ez dakit euskaraz” -eta behartu nau erdaraz aritzera.

Kolonialismoaren fruitu zikin ustelak direla hauek denak.

Hala ere, bakoitzari berea emateko, Nafarroako aitatu gabeko Partidu horretako gizon horri ere bai, egia da bai, beste gisakoak ere ezagutu ditudala, hots, euskaraz badakitela esan, ni gero euskaraz hasi eta, ez dakitela aitortu behar izan dutenak: ulertu bai baina… (Ulertu ere egiten ez zutenak gainera askotan, bi aldiz gezurra esanez)

Bai, beharbada, Nafarroako Partidu bateko gidari handi horrek ez du euskara gorrotatzen, hala zioen bederen, eta, hortaz, nik ez dut esanen gorrotoak bere bihotzean habia egin duenik. Gutxiago euskaldunok gorroto gaituenik. Baina gorrotoa ari da zabaltzen, herra ereiten, ezinikusia predikatzen egunero euskara eta euskaldunon kontra, Parlamentuan, egunkari eta telebistetan, gezurra gezurraren gainean. Eta erraza zaio, dena du kontrolpean, lasai-lasai, betiko gezurrez zipriztintzen sermoia; gozo-gozo bizi da. Inpunitatea berekin baitu, bere alde du. Jakina, bitarteko guziak alde ditu, egunkariak, telebista, Espainiako komunikabide guziak… den-dena alde du. Boto bila, etengabe hauteskunde kanpainan, eta euskararen kontra aritzeak botoak ematen dizkio.

Gu gaude hemen lotsa, herabe, zer egin jakin gabe, noraezean, galduak…

Gu gaude, gureak daude horrela. Beraz, hona hemen nire galderak: zuk zer deritzozu egin beharko luketela “gureak” diren politikoek? Ustez euskararen alde predikatzen dabiltzanek? Gure komunikabide ahulek? Gure komunitate hautsiak? Eta zuk zerorrek zer egin dezakezu? Nik zer egin dezaket?

Hori da. Zer egin? Baina batez ere, gure politikoek badute estrategiarik? Ez da inon ageri.

P.D. Egoera eta giro hau ezarri dutenak gutxi dira, baina ahaltsuak. Beti horrela izaten da gainera, gidari bakar batzuk izaten dira bide bat edo beste aukeratzen dutenak. Partidu bateko norabidea markatzen dutenak eta lehenik militantzia makurrarazi, ondoren boto emailearengana pozoia sartzeko estrategia markatzen dutenak. Botoak hola edo hala bildu behar dira, orbela zarrearekin bezala. Denak du balio boto batzuek erdiesteko: euskara eta euskaldunok irainduz, euskara gaitzetsiz, ghettoan sarraraziz eta Napartheid delakoa sortuz!

Amezti

Gorrotoaren begi okerra? Edo ezkela ote? (II)