Gorka, 1300€ hilabetean, mantentze lanetako teknikaria Legorretan

Gorka, 1300€ hilabetean, mantentze lanetako teknikaria Legorretan

Gaurkoan Gorkak zabaldu dizkio bere kontuak ZuZeuko Diru Zorroari, aurretik Alainek egin zuen bezala.

Gorka, 21 urteko goierritarra, gurasoen etxean bizi da, eta mantentze lanak egiten dituen teknikaria da. Batxiler teknologikoa egin zuen Goierri Lanbide Eskolan, eta ondoren bi urtez goi-mailako mekatronika gradua, lehen “mantenimentua” zena; ofizio horretan dihardu Ederfil enpresan, Legorretan. Kooperatiba honek bi planta ditu gaur egun, Legorretan eta Alegian, eta eroale elektrikoen fabrikazio eta komertzializaziora dedikatzen da.

Ikasketetako azken urtea ez zen samurra izan Gorkarentzat: “guztiok genbiltzan ikasten eta lanean. Batzuk goizez ikasten genuen, klasean bost ordu; eta arratsaldean eskolarekin lotuta dagoen Ikaslan enpresan egiten genuen lan, lau ordu (5€ inguru ordaintzen zaie ordua). Eguna luze joaten zen”.

Gorkari kontratua ETT baten bitartez egin zion Ederfilek, Ikolanetik. Enpresak zuzenean kontratatutako lagunek 1500-1600€ inguru irabazten dituzte, eta Gorkak, normalean, 1200-1300€ bitarte. Azken hilabeteko soldata hartuko dugu erreferentziatzat: 1326€. Beraz, esan dezakegu bitartekaria 300€ ingururekin geratzen dela hilero. Egin dioten kontratu mota “obra amaiera bitartekoa” da, suposatzen den arren enpresak sei hilabetetarako hartzen duela, printzipioz; hortik aurrera, teorian, enpresak kontratatu beharko luke.

Gorka, 1300€ hilabetean, mantentze lanetako teknikaria Legorretan

Lau errelebotara lan egiten dute, eta horrela enpresa zabalik mantentzen da beti (abuztuko eta eguberrietako egun batzuk kenduta). Txanda sistema konplikatu samarra da:

  • Zazpi egun jarraian lanean.
  • Bi egun jai.
  • Zazpi egun jarraian lanean.
  • Bi egun jai.
  • Zazpi egun jarraian lanean.
  • Hiru jai (asteburua egokitu ohi da)

Honi ordutegi aldaketa gehitu behar zaio, bizpahiru egunez behin: goizetik arratsaldera, arratsaldetik gauera, eta gauetik jai egunera. Igande gauean sartu eta astelehen goizean amaituz gero astelehenak berak jai egun bezala kontatzen du. “Okerrena lo ohituren aldaketa da, askotan deskantsu falta nabaritzen dut, nekatuta sentitzen naiz”.

Soldata ez da hileroko paga egonkor bat, orduen araberakoa baizik. Astean zeharreko ordu estandarra 6,75€ inguru ordaintzen da; asteburua denean, edo gaua, edo jai eguna, ordu horren balioa igo egiten da.

“Kondizio prekarioetan dagoen langile bat naiz. Hilabeteko aste batean 56 ordu lan egiten ditut, 40 beste hiruetan, eta hala ere ezin dut planteatu ere egin etxetik alde egitea. Zerbait aurrezten badut gurasoen etxean nagoelako da.”

 

Gastu finkoak: 247,5€

PFEZ zerga: 26€.

Minimoa da hori, %2a. (* urte osoa lanean jarraituko balu, ogasunari %8-%10 artean ordaintzea egokituko litzaioke).

Gasolina: 130€ inguru.

Hilabetean hiruzpalau aldiz botatzen dio gasolina gurasoek pasatu zioten auto zaharrari. Lana, etxeko ardurak, militantzia zein asialdi arrazoiengatik asko mugitzen da.

Kotxearen asegurua eta AIT-a: Hilean 40€.

480€ urtean. 21 urte eta mutila izanez gero aseguru konpainiek kobratzen dutena ez da broma (hirugarrenentzakoa du berak).

Komunikabideen harpidetzak: 20€ inguru.

Babesten dituen hedabide guztiak euskara hutsean daude, hizkuntzak garrantzia handia baitauka beretzat.

Militantzia: 15€.

Gazte antolakunde bateko kidea da eta hilero ordaintzen du kuota, joan-etorriez gain.

Elkartea: 16,5€ hilean

200€ urtean. Elkarte gastronomiko bateko kidea da, bere aitak pasatu zion bazkidetza.

Mugikorra: gurasoek ordaintzen diote.

Gastu aldakorrak: 318,5€

Arropa: 25€

Liburuak: 13,5€

Tabernak eta jatetxeak:  130€.

Hilabetean parranda bat edo bi egiten ditu, eta bakoitzean 30€ inguru gastatzen dituela uste du. Hilean behin, gutxienez, etxetik kanpo afaltzen du koadrilarekin; eta horretaz gain, egunero ez bada ere askotan, kafe edo garagardoren bat hartzen du.

Kotxeko gastuak: 150€.

Hilabete honetan konponketa batzuk egin behar izan dizkio autoari.

Urteak dira ez dela oporretan joan.

Hilabete honetan aurreztu duena: 1326-566= 760

 

 PD: Diru Zorroa atalean parte hartu nahi baduzu, idatzi erredakzioa@zuzeu.com e-postara eta zurekin harremanetan jarriko gara.

Gorka, 1300€ hilabetean, mantentze lanetako teknikaria Legorretan Gorka, 1300€ hilabetean, mantentze lanetako teknikaria Legorretan

Alain, 3862€ hilabetean, medikua da Bidasoako Ospitalean

1300€ hilabetean, ederfil, ett, gazteak, Goierri, gorka, ikolan, langileak, legorreta, mantentze lanetako teknikaria Legorretan, mantentze teknikaria, prekarietatea
Diru Zorroa

ZuZeuko diru-zorroa. Nola iristen zara hilabete amaierara? Zure kontuak erakutsi nahi? Idatzi erredakzioa@zuzeu.com helbidera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude