Goretex jendea

Goretex jendea –

Maite Berriozabal Berrizbeitiak Bizkaiko Hitzan.

Ez dut gehiago eztabaidatuko. Akabo. Berdin dit zer esaten duen aurrekoak, ni nirera. Iritzia ematea libre da eta ez diot nik zertan nire iritzirik eman. Beti gertatzen zait gauza bera berarekin eta gaur ez daukat gogorik. Ez du ezer lortuko, berdin du. Gaurkoan isilik egongo naiz, ez naiz sartuko. Eta sartu egiten zara, barruraino sartu ere. Iritzia ematea libre dela dioen horren berba-jarioak tinpanoaren azala urratzen dizu eta berotu egiten zaizkizu masailak. Aurrean duzunak hasi duen bakarrizketa elkarrizketa bihurtzen duzu eta bera baino gehiago inplikatzen zara. Berak bekain ertz bat mugitu ere egin barik esaten duen baieztapen bakoitza ezpata laser batekin moztu nahiko zenuke. Esaten duenak beste sumintzen zaitu esateko duen moduak. Zeruertzera begira hitz egiten du eta zuk bere begiak bilatzen dituzu; berak ez ditu zure begiak behar. Ahots sakon eta pausatuz egiten du berba. “Nik badakit eta zuk ez” dioen neoizko kartel bat darama bekokian.

Berak edozeri buruz eman dezake iritzia, eta gutxien espero duzunean zure erantzunak neutralizatzen ditu. Berak esan dezake apustu makinak ez direla arazo, arazoa jokatzen duenarena dela. Esan dezake etorkinei denboraldi batez diru-laguntzak kenduz gero ikusiko genukeela nola hasiko liratekeen lanean. Esan dezake emakume batzuk bakar-bakarrik geratuko garela hainbat aldarrikapen egiten jarraitzen badugu. Esan dezake antzerkira joatea garestia dela, baina kubata on batek balio dituela 10 euro. Esan dezake euskaldun berriak euskaraz aritzea ondo dagoela, baina naturaltasuna falta zaiela. Hori eta askoz gehiago esan dezake berak.

Hasten zara argudiatzen, adierazten zergatik ez zauden ados. Orduan bere neutralizaziorako tresnarik garatuenak baliatzen ditu: ez jarri horrela, ez eraman dena muturrera, ez da hainbesterako, gaztea zara oraindik eta ikasiko duzu… Zure argudioak lurrundu egiten dira eta eskuan daramazun ezpata laserra karameluzkoa dela sentiarazten dizu.

Jende horrekin, euriak alboz egiten duenean bezala sentitzen naiz. Aterkia non, haize bolada beste aldean. Zu belaki eta bera Goretex. Zu mela-mela, xurgatu eta xurgatu eta bera zure hezurretarainoko umela ulertu ezinda. Astintzen ditu ur tantak eta lehor beste ziur jarraitzen du aurrera. Goretex jendea da hori. Azal iragazgaitza dute eta beraien azalean sobera duten ura astindu eta ingurukooi botatzen digute.

Belakiok busti eta lehortu egiten gara. Batzuetan euri gaindosia izaten dugu eta besteetan putzuz putzu ibiltzen gara gustura. Ederra da euripean dantza egitea. Ederra da beste baten beroak gure umela epeltzea. Ederra da bustiegi gaudelako lehortzeko laguntza eskatzea. Ederra da lur lehorrean ur marka uztea. Ederra da beste belakien biguntasuna. Ederra da jakitea euriak alboz egiten duenetan ere izango dugula non lehortu.

Beraiek Goretex izango dira, baina ez dute transpiratzen. Gora belakion iraultza!

Goretex jendea da hori.

Goretex jendea

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Goretex jendea”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude