Gorde iezadazu sekretu bat

 

Gorde iezadazu sekretu bat, Pedro. Badakizu sekretuak gordetzen, ezta? Munduak 80 bira eman dizkio eguzkiari sortu nintzenetik, eta ez dakit beste 5, 10, edo 15 urte geratzen zaizkidan. Zahar guztien antzera (ez bainaiz salbuespen bat) patxadaz bizi nahi dut ene existentziaren hondarrean.

Gorde iezadazu sekretu bat

Italian Mussolinik txorkatiletatik zintzilikatuta amaitu zuen, eta naziek Nuremberg izan zuten, eta hemen trantsizio eredugarri bat izan genuen. Horren froga argigarriena da diktadurak inongo lotsa izpirik gabe praktikatzen zuen errepresioa guk ezkutuan egin behar izan genuela. Ez al da hori demokrazia baten ezaugarririk behinena?

Indarrean den Sekretu Ofizialen Legea 1968koa, oso demokrata. 47 urteren ondoren bazterrak lardaskatzen hasi dira batzuk, pentsatuz, Europan bezala, 10-25 urte inguruko epe bat emango zitzaiela “goi mailako sekretuen” desklasifikazioari. Baina zuk eta nik badakigu hori ez dela gertatuko. Zintzo porta zaitez eta eman beste 50 urte gehiago sekretu horiek argitu arte.

Nahiz eta jada desklasifikatu diren CIAren paper horiek esan nik mertzenario talde baten sorrera adostu nuela terroristei legetik at kontra egiteko. Berdin dio. Pelikula hau oso luze jotzen ari da, eta jende gehienak ez ditu amaiera aurreikusten zaien pelikulak atsegin. Emaizkidazu beste 50 urte eta pelikularen amaierarako egileak eta biktimak lo egongo gara, eta estatuak eraikiko dizkidate, eta kale izenak jarri, eta unibertsitateren batek nire izena izango du, eta demokraziaren aitapontekoa izango naiz, ukiezina, askatzaileen parnasoko pieza nahitanahiezkoa.

Zor didazu. Gorde iezadazu sekretu bat.