Gora hotel herrikoiak!

Gora hotel herrikoiak –

Markel Ormazabalek Irutxuloko Hitzan.

Gora hotel herrikoiak!Hotela izan zuen Eusko Jaurlaritzak lehenengo egoitza. Carlton Hotela, Bilbon, 1936ko gerra giro betean. Betitik atentzioa eman dit eta gaur, La Flamenkatik ingurura begira, aire profetiko batek kulunkatzen du pasadizo historikoa: sortaldera berdin sartaldera hotel berri bana, eta apopiloak kontent daitezen behinola arrantzaleen kofradia izandako eraikineko lanak hegoaldera.

Gertaera historikoez ari garela berezkoa baino gezur handiagorik ez dago. Gauzak ez dira jazo, besterik gabe. Aldaketa soziala egintza kolektiboaren emaitza da eta praktika sozialak etengabe ikuskatuak dira. Izaera determinatua eta aldi berean determinatzailea daukate, espazio eta denbora jakin batean ordenaturik baitaude, eta harreman-sare zehatzetan ber-asmatzen dira. Horiek horrela, jabalgarria ere bada 1936 hartara baina bertara egin begirada.

Central hotelean egokitu zuen Fronte Popularrak Hornidura Komisariotza; Osasun Komisariotza, berriz, Hotel del Principen. Londres hotela Odol-ospitalea egin zuten, eta Continental hotelean gerrak bainujantzian atzemandako diplomatikoak ziren apopilo. Presoen trukeak negoziatzeko erabili zen Ursula hotela eta matxinatu “trukagarriak” Ezcurra hotelean gorde ziren. Milizianoen deskantsurako errekisatu zuten Hispano-Americano, eta Maria Cristinak, zer esan, orduko orbanak agerian ditu oraindik.

Gizarte-antolamenduak deus ez du berezkotik. Hiri baten baldintza historikoak naturaltzat hartzeak aldakorra mugiezin egiten du. Atzo etxebizitza zena, hotela egin dute gaur. Baina gaur hotela denak, bihar ez du zertan. Eta une honetan bertan laurehun lagunetik gora bizi dira Atenasko City Plaza hotel okupatuan, migratzaileak eta errefuxiatuak gehienak.

Gora hotel herrikoiak! Gora hotel herrikoiak! Gora hotel herrikoiak!
gizarte-antolamendua, hotelak
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude