Gora Franco

Gora Franco –

Lea Artibaiko Hitzan, uda hasieran, Alex Zubiak botatako garrasia.

Ez nator zuen oporrak izorratzeko asmoarekin, inolaz ere. Nahiko mereziduak izaten dira oporrak horrelako zerbaitekin izorratzeko. Baina oporraldia hausnarketarako gunea ere izan daiteke, askok urte osoan ez dute-eta denborarik lasaitasunez pentsatzen aritzeko.

Duela aste gutxi txosten bat aurkeztu zen jendeaurrean, Saliendo del olvido, eta gainbegirada bat bota eta gero, “y entrando en la amnesia” gehituko nioke.

Gora FrancoTxosten honek 1960 eta 1978 urteen artean Euskal Autonomi Erkidegoan gertatutako polizia indarkeriaren ondorioz kaltetutakoen azterketa jasotzen du. Ondorengo kaltetu motak hartzen ditu kontuan: polizi indarren eraginez hildakoak, zauritutakoak, tratu txarrak eta torturak jasan zituztenak, pilotazko pilotakadak edota ke poteak zauritutakoak…

Hamazortzi urteko tartea, horietariko gehinetan Franco eta bere diktadura bizi-bizirik zeudela. Azken hiru urteak Franco hilda zegoela eta bere diktadura… Ze diktadura?

Hamazortzi urteko epe batean, gehiena diktaduran zehar, eta Eusko Jaurlaritzaren aginduz egindako txosten horrek 187 kaltetu besterik ez ditu zenbatzen. Matematika arin batera joz, urtean 10,38 hilero 0,86 pertsona kaltetuta. Eta hori diktadura bat da? Mesedez, hori munduko demokraziarik puroenean, hau da, Estatu Batuetan, ia egunero telebistan ikusten genuena baino gutxiago da, polizia bat arma eskuetan eta besoak altxatuta dagoen pertsona bati tiro eginez. Demokrazia batean!

Pozik geratuko ziren txosten egileak, eta pozik agertzen zen lehendakaria telebistan txostena hartzerakoan ere. Tira, gure memoria berreskuratzen ari ei dira.

187 kaltetu 18 urteetan. Ez naiz aditua, ez lizentziatua, ez doktorea, ez dut sekulako soldatarik txosten mardulak egiteko… Baina apostu egingo nuke Hidalgo kapitaina zenak eta bere gizonek (barkatu feministek, baina garai hartan oraindik hemendik ez zegoen emakume torturatzaile askorik) farrez lehertzen daudela.

Pako Etxebarria forentsearen txostenak ordea, 1960-2013 urteen tartean 4.000 torturatu baino gehiago zenbatzen ditu. Eta ez daude denak. Ez nago ni, ez zaude zu…

Ez dakit, baina gauzak horrela ikusita, benetan, agian, 1975 urtea baino arinagoko demokrazian hobeto bizi ginen?

Gora Franco
diktadura, Franco, indarkeria poliziala, polizia
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Gora Franco”-ri buruz

  • Arrazoia duzu. Ez nago ni.

  • Tratu txarren artean gradu mordo bat badago, bai ziegan, kalean, kontroletan, zenbat jipoiturik. Biktimak normalean ahazteko joera daukate, gogora eramatea mina egiten zaielako ta nik uste dut hamarmilaka direla.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude