Gora Euskal Eskola Publikoa! Pribatizaziorik EZ

Gora Euskal Eskola Publikoa! Pribatizaziorik EZ –

STEILASek urteak daramatza gobernuak hezkuntza eredu pribatuaren alde eginiko hautua salatzen. Eusko Jaurlaritzan egondako alderdien hautu horrek eman ditu fruituak eta egun EAEn Europa osoko sare pribatu itundu indartsu eta zabalduena dugu.

Gora Euskal Eskola Publikoa! Pribatizaziorik EZHorrek zuzen-zuzenean eragin du sistema publikoaren gainbeheran; segregazioa, baztertze poltsak, sistemaren garestitzea…Gainera milaka lanposturen etorkizuna jokoan dago.

Zerbitzu publikoen pribatizioak aurreikusitako estrategia neoliberaleei erantzuten die: berauen estigmatizazioa, zerbitzuen deskapitalizazioa eta, azkenik, familien aukera askatasunaren aitzakiaz zerbitzua esparru pribatutik bideratzea.

Eskola publikoa sistemaren ardatza izan beharko luke, horixe bakarrik baita berdintasuna eta kohesio soziala bermatzen duena eta ikastetxe pribatuei bideratzen den dirua era subsidiarioan izan beharko litzateke beti ere sare publikoak ezin baditu beharrak ase. Hori izan baitzen ikastetxe pribatuen kontzertazioaren sorrera, jaiotze tasa handitzeari eta eskolarizatzeko eskaerari erantzuteko. Oraingo egoera oso bestelakoa da. Horren ordez, Eusko Jaurlaritzak sare pribatu paralelo bat sortu du eta plaza publikoak bete gabe egon arren miloika euro bideratzen ditu hezkuntza sare pribatua elikatzera. Adibide gisa aipa genezake hezkuntza sistemarako sarbidea den 0-3 etapa, non partzuergoan %46,8 plaza libre egonik administrazioak 26.595.744 milioi bideratu dituen haurreskola pribatuetara. Ondorioz, begibistan duguna hezkuntza publikoaren deskapitalizazio eta desmantelazio kalkulatua da.

Beraz, bada neurri zehatzak hartzeko garaia, proiektu baztertzaileak alboratu eta aukera berdintasuna abiapuntu izango duen sistema bat eraikitzeko. Ezin dugu ahaztu hezkuntzaren pribatizazioa gure ongizate sistemaren adierazle kezkagarrienetako bat dela. Horretaz gain, sindikatu bezala, biziki kezkatzen gaitu langile askoren etorkizunak, behin behinekoena batez ere. EAEko hezkuntza publikoan dauden lanpostuen %30 kolokan egon bait daitezke datozen urtetan. STEILASek proposamen zehatz bat helaraziko dio gobernuari datozen astetan enplegua mantendu eta jubilazioetan gertatzen den desoreka bideratzeko.

Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu denona eta denontzat den eskola publikoaren aldeko hautua egin dezala eta hezkuntza sistema paraleloak elikatzeari utz diezaiola. Horrek kohesio soziala indartuko baitu. Bide batez, eskola publikoaren alde dauden alderdi politiko eta gainontzeko eragileei eskola publikoaren aldeko mezu garbia agertu eta indartu dezatela, eta hezkuntzaren pribatizazioa irmoki salatu dezatela eskatzen diegu.

STEILASek hezkuntzaren pribatizazioaren aurka gogor ekingo du eta datozen egunetan ekimen zehatzak abian jarriko ditugu.

Gora Euskal Eskola Publikoa! Pribatizaziorik EZ Gora Euskal Eskola Publikoa! Pribatizaziorik EZ
eskola-publikoa, hezkuntza, steilas

24 pentsamendu “Gora Euskal Eskola Publikoa! Pribatizaziorik EZ”-ri buruz

  • Espainiako eskola nazionala ez da euskal eskola publikoa.
    Frantziako eskola nazionala ez da euskal eskola publikoa.
    Gezurrik ez.

  • Txarlesen iruzkinari gehituko nioke: steilas ez da sindikatu nazionala. EAE mailakoa eta estatu mailan konfederatua. Nazionala izatekotan, espainola hortaz. Euskal eskola publikoaz hitz egiteko ausardia behar da gero!

  • Euskalduntasun lezioak emateko ederki zaudete biok euskal sindikatuen ezagutza horren okerra izanda:
    1.- STEILASek Hego Euskal Herrian du ordezkaritza.
    2.- Ez dago estatu mailan konfederatuta, beraz ez da estatala.
    3.-Beraz, euskalduna zer den eta zer ez den bereizteko horrenbeste arazo dituen batek hobe luke ixilik egon euskal eskola publikoa epaitzerako orduan.
    Ixilik hobeto zaudete, beraz. Gora euskal eskola publikoa!

  • Estatalismoarekiko horrelako begirapena eragin espainol jakobino bat besterik ez da, ezker muturreko ideologiak gure herrian utzi duena.
    Frankismo garaian bazen jende hain iraultzailea ze ez zuen semea edo alaba ikastoletara bidaltzen, “pribatuak” zirelako eta eskola publiko espainoletara bidaltzen zituzten.
    Euskal eskola euskal eskola da eta publikoa eta pribatua izatea bost axola dio euskalduna bada. Dogmatismo horiek bukatu behar ditugu edota gurekin bukatuko dute.

  • Estatu propiorik gabe ez dago ezta sistema publikorik ezta pribaturik. Dagoena Frantzia eta Espainari subordinazioa eta gure haurrei, euskaraz, espainol eta frantses ona izateak erakusten diote.
    Izengabeak gara, egoera hortatik atera gaitezen.

  • Ta zela pentsatzen du steilasek hezkuntza publikoa defendatzea? Maiatzean egin zenuten bezala ezer konpondu ez duen aurreakordioa Jaurlaritzarekin sinatzen?
    Ez dut zuen jarrera ulertzen, hitz asko baina gero deus.

  • Freud, zure eredua bakarrik subkonszientean existitzen da.

  • STEILAS sindikatua

    Gauza bera ari gara irakurtzen? EAE-n Eskola Publikoaren egoera salatzen du Steilas sindikatuak. Eusko Jaurlaritzaren (PNV) ildo pribatizatzailea agerian uzten dugu.
    Eskola Publikoaren egoerari buruz ez dugu komentario bat bera ere ikusi. Espainola, frantseza, euskalduna, jakobinoak,…
    Balizko Euskal Estatu Federala eratu arte itxaron behar badugu Euskal Eskola Publikoa defendatzeko konpoduta gaude

  • Ene Steilas, ni erabat bat nator EAJren ereduarekin, hau da, pribatua eta publikoaren artean alik eta elkarlan handiena egon behar duela eta gizartea eta erakundeen arteko harremanak ez duela jasan behar balizko publikotasun baten dogmatismoa, gizarteak berak sortzen dituen erakundeen izorragarri. Zuen kasuan, defentsa baino bandera eta konsignen forofismoa dakusat.

  • Kolonizatuak deskolonizatuari esaten ze oker joaten den. A ze panorama… eta bitartean inperialismoak txalotzen eta barra egiten.

  • Bentazar…publikoaren eta pribatuan Arteixo elkarlana? Broma da, ezta? Zonifikazioa, OOGren puntua, gelak ituntzeko politika, “ikastetxea aukeratzeko eskubidea”, ikasleen onarpen prozedura, irakasleen kontratazio eredua, 0-3 etapa…eredu kontrajarriak dira Eta ez dira uztargarriak. Ez gaitezen zinikoak izan!

  • Euskal VOXak armak erakusten ari da, hau da bere programa.
    – RH- ko ikastoletan euskaldun familiak eta maila sozio ekonomiko altukoak nahi ditugu.
    – Maketoak, ijitoak eta moroak pobreen eskoletara.
    – Autogestionatutako ikastetxeak behar ditugu guk nahi dogun plantilla eratzeko, eta ez gara neoliberalak.
    – Publikoa bakarrik pentsioetan, osakidetzan eta autopistetan bestea komunitarioa.
    Eman botoa Euskal Vox-eri.

  • Bentazar gurea, zure azalpenek beldur pixkat ematen didate, eredu neoliberala izango bada Euskal Estatuaren oinarria, agian emigratzera behartuta egongo naiz etorkizunean. Edo eredu hori bakarrik hezkuntzarako? Hain maiteak diren ikastolak kabida izan dezaten eredu publiko prostituituan? Ez al da forofismoa zure izango?

  • Ene Josetxo, uztargarri ezintasuna zure prejuizio ideologiko huts bat da zeren eta egon badago pribatua eta publikoaren arteko elkarlan hori. Beste gauza da zure ideologiaz horri gerra egin beharra.

  • Ah bai? Non? Zein mendetan? Adibideak mesedez! Jo historiara edo munduko beste edozein lekutara. Zure diskurtso neoliberal horren ondorioak ezagunak zaizkigu eta ez ditut nire herrirako nahi.

  • Ene Joxkin, neoliberala hitz hain potoloa dakusadanean animua txonkatilera jaurtitzen zait. Goazen gauza konkretuetaz hitzegitera eta monstruoak Terroreko Zinema Asterako gorde itzazu mesedez. Euskal estatuak euskal gizartearen zerbitzura egon behar du eta ez alderantziz. Alternatiba eraikitzaileak, mesedez, eta ez ahoberokeri konsignatzailea.

  • Hezkuntza publikoa estatu modernoaren subjektu den hiritargoari zuzendurik dago, hiritargoa kontzeptualki delarik estatuaren baitako populu indeterminatu eta abstraktua. Aldiz, komunitate zehatz bateko partaideei zuzendurikoa izan ohi da hezkuntza pribatua. Espainiaren kasuan katolikotasunaren baitako ordena ezberdinetako partaideei (jesuitak, opus dei, salesianoak eta abar) zuzendurik dago, baina Frantzian badira eskola juduak eta musulmanak ere. Mundu protestantean, aldiz, klase ekonomikoa izan ohi da eskola pribatuaren zedarriztapen-irizpidea. Beraz, pribatutasunaren mundua ez da soilik irizpide klasista edo lukratibotara mugatzen, baita irizpide komunitarioetara ere, hau da, komunitate zehatz baten nortasuna eta garapena bermaturiko hezkuntza-irizpideetara.

    Afera honetan, euskaldun bakoitzaren hautua bere burua nola kokatzen duenaren araberakoa beharko luke: hiritargoko masa indeterminatuaren baitan edo komunitate etno-nazional bereizi eta zehatz baten baitan. Bigarren taldean kokatzen garenok eta gure komunitate nazionalaren biziraupena nahi dugunok, zabor erradiaktiboa bezainbeste ekidin beharko genuke eskola publikoa gure seme alabentzat euskal estatu nazionalik ez den artean, eta euskal hezkuntza pribatuagatik apustu egin posible den heinean. Arrazoiak begi-bistakoak dira: 1) Auto-segregazio erlatibo bat mesedetu dezake, nahitaezko kontua gaur egungo nahas-masa multikultural honetan herri gisa biziraun nahi badugu lau katu izanda; 2) Euskal hizkuntza, historia eta kulturaren ezagutza datozen belaunaldietara igortzea bermatu daiteke; 3) Gure seme-alabak ez lirateke zertan doktrinatuak izango eskola publikoaren bitartez ezarririko balio anti-nazionaletan (espainiar historian edo progresismoan); 4) kalitatezko hezkuntza bat igorri daiteke bikaintasuna helburu, eskola publikoetan kaskarkeria lege den bitartean (are gehiago klasean zenbait gutxiengoetako kideak badaude).

    Baina jakina, euskal hezkuntza pribatuak soilik du zentzua baldin eta euskaldunon biziraupen eta askapenerako medio bat bada (aurreko puntuak edo dena delakoak praktikan jarriz). Horren kontra, ez luke zentzu handirik izango eskola publikoko gabezia guztiak errepikatuko balitu bere baitan (nahasketa kulturala, doktrinazioa -balio dekadente eta anti-nazionaletan, haurrak ez hezitzea ganoraz euskara, euskal kultura eta historian…), eta tamalez irizpide nazional asko sakrifikatu da azken urte hauetan diru-laguntza publikoen truke.

  • Interesgarriak iruzkinetako asko. Bik atentzioa deitu didate bereziki. Batak, Markik botatakoak, barnebiltzen duen pozoiarengatik: euskal vox-ari buruz hitz egiten du eta LAB sindikatuaren proposamenaz hitz egiten duela esango nuke. Proposamena lasaitasunez irakurtzeko aukera izan dut eta zinez uste dut azken urteetan euskal gizarteari eta hezkuntzari dagokionean egiten zaion ekarpen kualitatibo nabarienetakoa dela (hik-hasik egindakoarekin batera).Eztabaidara irekia eta etorkizunera bidean oinarri sendoak ezartzen dituena. Ezker abertzaleak bere osotasunean gaiari eutsi eta norabide honetan sakontzen ari da. Era berean, Markik aipatutako programa demagogiko hortatik oso aldendua. Ez da planteamendu perfektu bat eta euskal gizarteak nahi beste ekarpen egin ahal izango dizkio, baina eztabaida garatu eta gainditzeko oinarri sendoak ezartzen ditu. Aukera daukan orori proposamena irakurtzea eta beronen inguruan hausnartzera gonbidatzen dut, merezi du eta.
    Bestetik, hasieran steilas sindikatuaren izaeraren inguruan botatako iruzkinek nire kuriositatea piztu dute. Batzuek Euskal sindikatua dela eta beste batzuek estatala…
    steilas hego euskal herriko sindikatua bada ere, estatu mailan konfederatua dago. Ez dut nik esaten, ste-ren web orriak baizik. Hurrengo loturan sartuta amaieran ikusiko duzue ste konfederazioa osatzen dutenen zerrenda. Autonomi erkidego bakoitzak bere ste propioa du estatu espainol guztian zehar eta guztiek konfederazio bat osatzen dute.

    http://www.stes.es/

  • Pena da, Bittor, hain gloriatzen duzun LABen irizpidearen zertzeladarik ere ematen ez duzula. Eztabaida baterako askoz hobea izango litzateke Oier jaunak egin bezala planteamendu zehatz bat egitea, LABeko intxaurren gozotasunaz idaztea baino, intxaur delako horien deskripziorik egin gabe.

  • Ez zen nire asmoa LAB gloriatzea Bentazar, iruzkin demagogiko eta pozoitu bati replika egitea baizik. Eta proposamenarekiko nire iritzia bota besterik ez dut egin, hik-hasiren proposamena goraipatzen dudan bezalaxe. Eta euskal herrian dauden bestelako esperientzia ikaragarri interesgarriak goraipa genitzakeen bezalaxe: antzuola, zeberio edota arrankudiagako eskola publikoetako esperientziak, aramaio edota orioko herri curriculum-ak, zenbait ikastoletako proiektuak, eskola libreak eta beste hamaika esperientzia benetan ere kualitatiboki azpimarragarriak. Era berean, proposamenaren zertzeladak nik ematea ez zitzaidan burutik ere pasa egin. Eztabaida irekita dago eta ekarpen fasea bideratuta. Dokumentuak publikoak dira. Nire ikuspegi subjetibotik eztabaidarako ekarpena egin nezakeen, baina lan hori jada LABek propioki egin du. Intxaurren goxotasunaz idaztea baino, intxaur delako horien deskripzioa eskatzen duzu. Horratx hurrengo loturetan LABen proposamenaren laburpena, proposamena bere osotasunean frikientzat eta baita hik-hasiren proposamena hurrenez-hurren. Burujabetzan oinarritutako intxaur potoloak lagun.

    http://www.lab.eus/materiala/argazkiak/labSindikatua/BarneKomunikazioa/18_10_15/Laburpena_Iruten_Txostena.pdf

    http://www.lab.eus/materiala/argazkiak/labSindikatua/BarneKomunikazioa/18_10_15/iruten_Txostena.pdf

    http://www.hikhasi.eus/uploads/erab_1/2018/09/1537778007-Hik%20Hasiren%20Hez.%20Propos.%20Eus-Gaz-Fra.pdf

  • STEILAS sindikatua

    Bittor, ez gara STE konfederazioko kide. Gure erabakitze organoak berton daude. Hego Euskal Herrian dugu irakaskuntzako sektore desberdinetan ordezkaritza eta hau gara: https://steilas.eus/nortzuk-gara/ . Erderaz dagoen arren gure 40 urtetik gorako historia hemen kontsulta dezakezu: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/sindicato-de-la-ensenanza-stee-eilas/ar-108493/

  • “Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz.” (José Luis Alvarez Enparantza.Txillardegi.)

  • Ikastolek behar dute izan Euskal Eskola Publikoak.
    Espainiar eta frantziar aginteen azpiko ikastetxeak ez dira “euskal eskola publikoa”, pena handia bada ere. Seme-alabak “euskal eskola publiko” txit erdaldunean dauzkagunok badakigu horretaz zeozer.
    Pribatu/publiko eztabaidaz ari zaretenean, iruzur egiten duzue. NAHITA EZKUTATZEN duzue BERTOKO hezkuntza sistemaren konplexutasuna.
    Hamarkada luzez guraso belaunaldi ezberdinek eraikirako ikastolak eta ikastetxe erlijiosoak edota elitistak zaku berean sartzea IRIZUR egitea da, stee-eilaseko (eta beste) lagunok.
    Eta hori hezkuntzaren eta heziketaren bestelako alderdi oso garrantzitsuak ikutu ere egin gabe. Ez ezkutatu “ijito, mairu eta txiroen” atzean ikastolei eraso egiteko mesedez.
    Zuek planteatzen dituzuen ustezko erronkak baino askoz garrantzitsuagoak dauzkagu aurrean. Stee-k & konpainiak saltzen diguten “euskal eskola publikoa” da HERRI honek behar duen eskola-eredua? Faborez…

  • Steeilas-i erantzunez. Lanpostu publikoen %30 arriskuan daudela esaten duzue eta horiek defendatzeko pribatuko lanpostuak desagertu beharko lirateke? Hori da nik ulertu dudana.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude