Gora Azoka Telebista!

Gora Azoka Telebista! –

Joxe Aranzabalek Faroa blogean.

Aurten ez naiz joan Durangoko Azokara, azoka egunetan bestelako konpromisoak izan ditudalako. Etxera itzuli garen bakoitzean, hasieran ETBra jo izan dugu, ikusteko iluntzeko albistegiak zer esaten zuen azokaz. Amorratuta amaitu dut gure telebista publikoarekin, batetik oso denbora eskasa eskaini diolako azokari, eta, bestetik, tratamentua are eta eskasagoa izan baita, azalekoa oso.

Gora Azoka Telebista!
Azoka Telebistaren logoa aurtengo edizioan.

Euskal Telebistari dagokio egun horietan programazio berezia antolatzea, ikuspegi zabala eskaintzeko azokan gertatzen denari, askotarikoa eta interesgarria baita, paperean Berria egunkariak egiten duen eran. Horretarako da Euskal Telebista, eta horregatik ordaintzen da herritarron diruarekin.

Eskerrak Azoka Telebista genuela Goiena.eus webgunean! Lotu etxeko telebista-aparailuarekin, eta hortxe ikusi ditugu ganorazko laburpen oparoak, egun bakoitzean zer gertatu den azokaren bueltan. Eta hortxe ikusi dugu Durangoko Liburu eta Disko Azoka marabilla bat dela, egitarau oso aberatsarekin.

Euskal Telebista gai ez bada bere egitekoa betetzeko, gutxienez konektatu egin beharko luke Azoka Telebistarekin, eta horrek egindako lana aprobetxatu, baina ez saioa goizeko 02:00etan jarrita, baizik eta prime timen.

Mila esker Azoka Telebistari, egun hauetan zerbitzu publikoa erabateko profesionaltasunez eskaini digulako.

Gora Azoka Telebista!

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude