Gonzalez eta Marey

Gonzalez eta Marey

Tradizio sozialista zuen familia espainiar errepublikazale iheslari bateko seme, Hendaian aitondua zela ezagutu nuen nik Segundo Marey. Gizonak ez zuen besterik buruan, gertatutakoa bere memoriatik erauztea baino. Hala ere, intimitate uneetan, begiak gorritzen zitzaizkion, lehenik amorruz baina azkenerako tristezia itzelez.

Ikusten zen perplejitateak bizi zuela Marey. Ezin sinetsi zuela halako gauza bat berari gertatu izana, noren eskutik eta bere sokakoak ziren sozialisten aldetik. Beste modu batera esanda, Marey Felipe Gonzalezen aldekoa izana zen politikoki, gertatu zitzaiona gertatu arte, Mikel Lujua, ETAren mugetako arduradun omen zenarekin nahastu zuten arte. Urrutitik bai baitzeukan Lujuaren antz apur bat.

Marey ez zen euskal abertzalea, ez zekien euskaraz, bere nongotasuna Frantziar Errepublikaren baitakoa zen eta arbaso espainiar errepublikazaleen memoria gordetze aldera, antifrankismoa ordezkatzen zuen Felipe Gonzalezen gobernu sozialistarentzako zeukan sinpatia.

Hori guztia eta gehiago esango nuke Segundo Mareyri buruz, jakinik ez dela erraza lau lerrotan gizon baten iritzi politikoa biltzea. Areago, esango nuke Marey ez zela politika intentsitatez bizi izan zuen horietakoa. Bere bizimodua familiak, bandak eta zezenzaletasunak betetzen zutela ia osorik, saltzaile lanak uzten zion neurrian.

Marey ez zen gizon bera izan bahiturik ukan zuten 10 egun haien ostean, gaixorik geratu zen fisikoki han ezagututako hotz eta zaintzagabeko egunegatik, baina esango nuke, barneko beste min batek erraztu ziola heriotzerako bidea: lotsa senitzen zuen Mareyk gizakiarekiko, auzolotsa sozialistekiko eta itxaropenik ez etorkizunarekiko.

Bahiketa bera baino mingarriagoa gertatu zitzaizkion geroago entzun behar izan zituenak, behin abokatuek epaiketa aurrera eramatea lortu zutenean. X Jaunaren egunak ziren haiek: “Ez dago frogarik eta ez da sekula egongo”. Etc.

Marey berak esan zidan birritan gutxienez, berak ez zeukala zalantzarik, eta ikusitakoak ikusita, ederki zekiela nor zen X Jauna. Eta “Gonzalez“, esaten zizun gero, “nor bestela?

Gaur El Paíseko orrialdeetan dio, Barrionuevo eta Verari buruz ari denean: “Respecto al secuestro de Marey, lo único en lo que los implicaron y por lo que fueron a la cárcel… Es que todavía hoy no se puede contar eso… A Segundo Marey lo salva la orden de Pepe Barrionuevo para que lo suelten cuando se entera de que está detenido… Pero, como resulta increíble, ¿por qué vas a contar esa historia? Cuando detienen a Segundo Marey -que nadie ha estudiado ni va a estudiar por el momento, ni yo lo pido, qué era o qué significaba Marey en la cooperativa de Bidart…-, y lo relacionan erróneamente con una especie de intercambio de chantaje con secuestrados que teníamos, con mentira enfechas, yo traté de demostrarlo en el Tribunal Supremo, en la única ocasión que me dejaron hablar. Y no me admitieron una prueba: tenía el intercambio de las comunicaciones telegráficas con Francia para reconstruir aquello. Pero el que da la orden de que lo suelten es el ministro.

Marey ez zuten “detenitu”, bahitu egin zuten, eta nola, gainera; Mareyk ez zuen Bidarteko kooperatiba batean lanik egiten, berak Baionako Collectivité Services-en egiten zuen lan saltzaile gisara eta horregatik joaten zen astean behin edo  bitan Hendaiako Sokoara erosketen eskaeren bila… Gonzalezek esandako horiek gezurrak dira, gezur objektiboak. Eta iradoki nahi dituen Mareyri buruzko inplikazioak, zerrikeriak.

Elkarrizketan zehar beste gai batzuen inguruan dirdiratsu ageri den Felipe Gonzalez bera ageri da gezurtero eta trakets Mareyri dagokion gai honetan.

Baten batek galdetuko balit zergatik gertatzen den hori horrela, erantzungo nioke betikoan dabilela Gonzalez: bere figura historian lardaska dezakeen gaia lausotzen saiatzen dela, baita horretarako Marey bezalako gizon on baten oroitzapena zikindu behar badu ere.

Eta gaineratuko nioke gertaera honek eta esaten diren beste hainbat kontuk, baieztatu baizik ez dutela egiten Marey jaunak X Jaunari buruz uste zuena.

Gonzalez eta Marey

Irudia | Psoe=Gal | Daquella Manera | Creative Commons By SA
Gonzalez eta Marey
GAL, marey gonzalez
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Gonzalez eta Marey”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude