Gogoratu ahaztu egiten zarela (I)

Gogoratu ahaztu egiten zarela (I) –

Ondo baino hobeto oroitzen dut lehenengoz esan zuen egun hura, hitzez hitz gogoratzen dugu guztiok esandakoa: “akordako zarie bai, akorda, ni ezereaz gogoratzen ez nazenian”. Barre egiten genion txantxetan zebilelakoan. “Kaka burutik behera” esaten zuen egiten geniola.

Nik ateratakoa.Familiako agenda pertsonala zen, guztion zereginez gogoratu behar izaten zen, eta hala egin ezean bazegoen haserretzen zitzaionik. Zenbat aldiz entzun behar izan zituen “joe, zeba ez nazu gogoratu erain?”, “ezara gogoratzen zer ein bihar neban?!” edota bestelako kexuak. Haren adimenak zeuzkan gigak kalkulatzen ibiltzen zen etxeko informatikoa, baina urte btzuk geroago, buru batek ez duela horrenbesterako ematen ondorioztatu zuen.

Lehen aldia izan zen latzena, zalantza barik. Han zegoen, tente logelan, inguruari so, begirada itsuaz beregan galduta, nortasunaren bila balego bezala. Horixe izan zen, hain zuzen ere, egin zidan lehen galdera: “nor naiz ni?”. Bere burua izan zen ahaztu zuen lehenengoa, beti besteekin pentsatu eta berea azkenerako uztearren edo, bizitzaren ironiak.

Ispilu aurrean jarri nuen, ez zuen hitzik esaten. Ukitu egiten zen, bizian jasandako gazi gozoen zimurren marrak jarraitzen zituen hatz agintariaz, lehenengoz ikusten zuen gizakia balitz bezala. Dardarka zituen eskuak, zur eta lur begiak, ez zituen ixten ezertarako ere, bihotzaren taupadak igartzen zitzaizkion eztarrian. Arin, oso arin, “taupa-taupa-taupa”…

Izuturik nengoen, bere istorioa aurkitzen ez zuen pertsonai horri bidea aurkitzen lagundu nahi nion, edo pertsonaiarik gabeko istorioari pertsonaia nagusia bilatzen esan beharko?

Esne beroa edan eta lokartu egin zen. Esnatu zenean ez zen gertatutakoaz oroitzen, amets gaiztoak izan zituela esaten zuen behin eta berriz aztoratuta, memoria galtzen zuela egin zuela amets. Beraz, nire burua engainatu nahian edo, amets hutsean utzi nuen gertatutakoa. Ez nion inori ezer esan, oroimenetik ezabatu nuen.

Ez zen inoiz gertatu.

Gogoratu ahaztu egiten zarela (I)

Ahantzi edadeak - Kazetaria eta sare sozialetan aditua. Hara eta hona bideak egiten. Batzutan geldi, baina ez gehiegi. #Umorea #Blogak #Euskara