Gobernantza partekatuaren gezurra!

Gobernantza partekatuaren gezurra! –

Gobernantza partekatuaren gezurra!Pandemiaren garai berezi honetan, PSErekin batean gobernatzen gaituen alderdiko buruzagiak deseroso ikusi ditugu, haserre, mindurik, Madrilen militarrek eta politikariek ezarritako aginte bakarrak eskuak eta hankak loturik, itomen politikoan jausiak, politikoki degradaturik, ia gorpu politiko, harik eta berriki estatuan boterea kudeatzen den Madrileko Kongresuan, maiatzaren 6an, garaipena eta arnasa lortu duten arte: akordioa, gobernantza partekatuaren ildoan, une honetan estatuan Unidas Podemosen laguntzarekin agintzen duen alderdiarekin.

Horixe da, bada, eraginkorrak izatea, eta ez patxikontra erremedio gabeko horiek beren kexu eta burutazio eta aldarri xelebreekin egiten duten politika alferrikakoa! EAEn bigarren indarra den EHBildurekin -abertzaleak ez al dira bi indarrak? Alderdikideei zuzendutako mitinetan bai!, baina eguneroko agenda politikoan, eduki abertzaleen boikoteatzaile jarraikiak bezain finak dira jelkideak: estatus berriarekikoan, preso politikoekikoan, EITBren politika erdalzalearekikoan; interes ekonomikoak lehenetsirik beti: obra handiak, erraustegiak…-, eta beste inorekin ezer hitz egin eta negoziatu gabe, onenean ere, botoen erdia baino dezente gutxiago ordezkatu arren, euskal herritar guztion izenean: “señor presidente, señor presidenteka”…hau ez da gobernantza partekatua, kooperazioa ulertzeko modu hori ez dugu ulertzen; harik eta gobernantza partekatuaren gezurra saldu ahal izateko moduko akordioa eskuratu duten arte.

Duela egun batzuk ausardia erlatiboaren garaia zen. Behin eta berriz entzuten genuen botere ttipiko bozeramaileengandik osasuna eta lana uztar zitezkeela, eta ez zegoela arrazoirik lanera joateko bidea eragozteko. Erregu patetikoak entzuten genituen: “Alemaniako estatuaren ereduari jarrai iezaiozu, arren, otoi!”; baina gorago aipaturiko maiatzaren 6ko akordio bikain horren ondotik, orain lanera eta eskolara bai, baina gainerakoan zuhurtziaren orduak jo du, horixe da  Madrileko aginte handiak EAEko aginte ttipiari onartu diona, toleratu diona, eta azkenaldian kutsatu eta hildakoen kopuru okerrenak dituen Bizkaiarekin, Bilborekin, solidarioak izateko garaia da -halabeharrez, boto gehien ere hantxe du PNVk-, behiala, Madrilekin izan behar genuen bezala, kutsatu eta hildako gehien estatuaren hiriburuan zegoelako.

Nazioa herri bat da bere buruaren kontzientzia politikoa duena, eta independentzia edo gutxienez autodeterminazio eskubidea galdegiten duena, baina gure Euskal Autonomi Erkidego honetan, nazioaren beste adiera bat daukagu: nazioa izatea da kosta ahala kosta zerbait lortzea Madrilen agintean dagoen alderdiarengandik, erreguka ibiltzea aginte handiarekin eta etxean, otso, oposizioarekin, harekin ezertarako kontatu gabe, eta akolito politika horri kogobernantza deitzea eta nazio forala edo nazioa, besterik gabe, kontzeptu hori edukiz husturik edo andeaturik.

Benetako tenorean, nazio bakarra den Alemania federalean lander batek dituen baino eskumen gutxiago dituela Espainiako estatuan autonomi erkidego batek bista-bistan gelditu arren, gauzak ondo bidean, zenbat aldiz entzun beharko dugun uztailean, hedabide unionista eta EITBren laguntzarekin, gobernantza partekatuaren ereduak funtzionatzen duela EAEn, eskumen dezente dugula eta gero eta gehiago izango dugula bide horretatik, eta oso garrantzizkoa dela ekonomia kaltetua bere onera ekartzeko politika horri boto-babesa ematea, zeren orain autonomi erkidego baina laster estatu baten pareko eskumenak izango ditugu PNVk PSE-PSOErekin batean marrazten duen politikari sostengua emanez gero.

Laster, kasik ohartu ere egin gabe, Europan gaur egun izan litekeen bezain independenteak izango gara Euskal Autonomi Erkidegoan, nazio ttipien inbidia osasungarriaren merezidun. Laster, ehun urteren buruan!

Alderdikoikeriak jota ez gaudenok badakigu hori ezinezkoa dela, eta ttipi samarrak izanik eta gure boterea mugatua, lehenik, etxean, etxekoekin beste harreman bat dela beharrezkoa, beste konfiantza bat, eta horretarako oztopo handiena une honetan PNV da. Garbi daukat nire boto-babesik ez duela jasoko, ez udan, eta ez udazkenean!

Gobernantza partekatuaren gezurra!

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)