Gladysen omenez, 35 urte geroago

Gladysen omenez, 35 urte geroagoEkainaren 3an beteko dira 35 urte Jose Martinez Salas guardia zibilak, buruan tiro bat jota, Gladys del Estal hil zuenetik. Urtemuga dela eta, datorren igandean, ekainaren 1ean, Eguzkik ekologista donostiarraren omenezko ohiko ekitaldia antolatu du Gladys Enean. Hitzordua 12etan da, parkeko atean. Handik goiko zelaira joango gara eta, bertan, lore sorta bat utziko dugu Gladysen oroitarriaren aurrean.

35 urte geroago, zergatik tematu Gladys gogoratzen? Oroz gain, gure laguna eta gure adiskidea izan zelako. Beraz, inoiz ez dugu ahaztuko. Baina badira beste arrazoi batzuk ere…

Gure ustez, gizarteak ez du ahaztu behar nola hil zuten. Halaber, ez du ahaztu behar hilketa hura zigorrik gabe geratu zela. Epaileak “zuhurtziagabetasun ausartegi” baten ondorio zela erabaki zuen. Horrenbestez, hiltzailea 18 hilabeteko presoaldi txikirekin baino ez zuen zigortu. Martinez Salas kartzelara ere ez zen sartu. Are gehiago, hilketa hark ez omen zuen inolako orbanik utzi bere zerbitzu orrian. Izan ere, Guardia Zibilean jarraitu eta 1992an Merezimendu Militarreko Domina ere jaso zuen. Azkenaldion asko hitz egin da biktimez, era guztietako biktimez. Bada, gaur egun Gladysek jarraitzen du bigarren edo hirugarren mailako biktimen artean, oraindik ez baitu merezitako aitortza izan.

Bestalde, beste inoiz adierazi dugun bezala, guk ez dugu Gladys gurtzen santu laiko bat balitz bezala. Guk Gladys gogoratzen dugu, besteak beste, haren borrokak gure borroka izaten jarraitzen duelako. Hain justu, 1979ko zoritxarreko egun hartan, Gladys ez zegoen Tuteran txiripaz. Gladys han zen ekitaldi antinuklear batean parte hartzera joan zelako. Gladysi eta beste askori esker, Deba, Ispaster, Tutera eta Lemoizko zentral proiektuak bertan behera geratu ziren. Horrela, Euskal Herriak energia nuklearrari atea itxi zion.

Hala ere, atetik ez baina leihotik, Garoñatik, alegia, arrisku nuklearrak gugana iristen jarraitu du. Bada, Garoña, “hamaika pitzadurako zentrala”, egunotan ere albiste dugu. Izan ere, Nuclenor-ek (Iberdrola eta Endesa erdi bana) zentrala berriz martxan jartzeko baimena eskatuko du, Gobernuak hori eragozten zuen legedia ad hoc aldatu ondoren. Harrigarria ere bada agintariek konpainia elektrikoen apetetara makurtzeko duten joera. Agintaldia bukatuta agintari horiexek konpainia elektrikoen soldatapeko bihurtzeko duten joera bezain harrigarria, behintzat. Joera bataren eta bestearen artean kausa-efektu harremana badagoela pentsatzea gaizto pentsatzea al da?

Bada, gauza hauek ere gogoan izango ditugu igandean, Gladysen omenezko ekitaldian.

P.S. Gladysen hilketaren testuingurua azaltzen diren bideoak aurkituko duzue helbide hauetan:

http://youtu.be/aG1p1KGAfYs

http://youtu.be/3BWU8Tmcbss

gladys 2014 tx

Gladysen omenez, 35 urte geroago