Gizarte Segurantzaren RED sisteman euskaraz, katalanez eta galizieraz egitea debekatuta dago

NDYwMg==

Ondorioz, enpresa edo erakunde bakoitzean dauden langileei buruzko gestioa egin ahal izateko (esate baterako, altak, bajak, gizarte aseguruen ordainketak…), gaztelera erabiltzera behartuta gaude.  

Gaur arte, zeregin horiek euskaraz egiteko aukera izan dugu. Hala ere, ez da erraza izan zeregin horiek euskaraz egitea, Gizarte Segurantzak ez dituelako beharrezko inprimaki asko euskaraz eskaini. Horrek lan gehigarria ekarri dio udal eta enpresei, agiriak euskaraz jartzen edo eskuratzen saiatu behar izan duelako.  

Duela urte batzuetatik RED sistema jarri du abian, baina indarrean jarri zenetik hona Gizarte Segurantzak ez du inolako ahaleginik egin eleaniztasunera egokitzeko. Beraz, ez euskaldunok bakarrik, katalanek eta gailegoek ere ez dute aukerarik euren hizkuntzan jarduteko. Zer esanik ez asturiarrek eta aragoieraz mintzo direnek. Hau da, guztira ia 14.000.000 pertsonak (hamar biztanletik hiruk) ezin dugu gure hizkuntza erabili Gizarte Segurantzaren RED sisteman.  

UEMAko udalek zein enpresa askok euskara daukagu lan hizkuntza, baina, kanpotik, euskaraz lan egiteko eta bizitzeko aukera hori ukatzen zaigu.  

Gainera, 2011ko urtarriletik aurrera ezin izango da papera erabili, eta enpresa eta erakunde guztiak behartuta gaude RED sistema erabiltzera, gaztelania hutsean. Hartara, Euskal Autonomi Erkidegoan, Nafarroako Foru Erkidegoan, Katalunian, Valentzian, Balearretan eta Galizian gure hizkuntza propioak babesteko dauden lege guztiak erabat baztertu eta zokoratu ditu Gizarte Segurantzak.  

Hori ikusita eta arazoa konpontzeko, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea harremanetan jarri zen Bizkaiko Gizarte Segurantzarekin. Erantzunik ez zegoenez, Espainiako Legebiltzarreko euskal parlamentari batzuei arazoaren berri eman zitzaien, Espainiako parlamentuan arazoa mahai-gaineratzeko. Horren ondorioz, EAJren ekimenez, ez-legezko proposamena onartu zen azaroan Madrileko legebiltzarrean Estatuko Administrazioa eleaniztasunera egokitzeko beharra azpimarratzeko eta, zehazkiago, zerbitzu telematikoetan epe labur-laburrean eskubide horiek bermatzeko egin beharrekoak egin zitzaten.  

Gestio horien ondorioz, UEMAri eta bertan parte hartzen duten hiru udali behin-behineko baimena eman zieten euskarazko paperezko agiriak erabiltzen jarraitzeko, RED sistemaren ordez. Nolanahi ere, langileen gizarte zergak ordaindu behar dituen bakoitzean, Gizarte Segurantzako bulegoetara joatera “zigortu” dituzte lau erakunde horiek. Bestalde, Gizarte Segurantzak ordainketa horiek finantza erakundeetan egin ahal izateko, “Autorizado” zigilua jarri eta berriro finantza erakundera joan beharko dute, ordainketa egitera. Azken batean, euskaraz lan egin nahi izateak lan gehiago eragin digu, paperean funtzionatu behar izatearen ondorioz.  

Guzti horrengatik, UEMAren eta euskaraz diharduten gainerako udal eta enpresen eskubideak kontuan hartuz, Gizarte Segurantzari honako eskaera egiten diogu:  

– Hizkuntz alorrean dauden lege guztiak betez eta betearaziz, Gizarte Segurantzak ez dezala baztertu euskaraz edo tokian tokiko berezko hizkuntzetan lan egiteko erabakia hartu duen erakunde publikoak, eta onar dezala gaztelania ez beste hizkuntzak erabiltzea Gizarte Segurantzarekiko idatzizko harremanetan.  

– Bigarrenik, RED sistemari dagokionez, Gizarte Segurantzak sistema hau ahalik eta lasterren euskaraz, katalanez eta galizieraz erabiltzeko aukera eman dezan, aparteko lanik edo ezelango zigorrik jaso behar izan gabe.  

 

UEMAko Zuzendaritza batzordea

2011ko martxoak 7

Irudia | RED | zz | Creative Commons By SA
euskara, Gizarte Segurantza, UEMA
UEMA

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude