Gipuzkoarron bihotzean, ikurriña.

MTU5Mg==

Ez gaituzte engainatuko aniztasunaren eta desberdinen arteko akordioen aipamenekin. Espainiako banderak “nazioa sinbolizatzen du” eta “[Espainiako] aberriaren subiranotasun, independentzia, batasun eta osotasunaren zeinu da eta Konstituzioaren balio gorenen ordezkaria da”. Hemen ez dago lekurik nazio desberdinen aniztasunerako ezta beren arteko akordiorako ere. Nazio bakarra existitzen da, espainiarra, eta bere sinboloa da bandera hori-gorria. Horregatik, gainerako ikurren artean “leku nagusia” hartuko du. Estatuaren ikuskera hegemonikoa ageri da hemen: nazio espainiarraren existentzia bakarrik onartzen du, bere subiranotasuna soilik aitortzen, bere batasun urraezina onesten, eta horri makurtu behar zaio nazio-kontzientzia duen herri oro. Horregatik inposatzen dute bandera menperatzaile hori. Hain zuzen ere, hementxe dago Euskadiren eta Espainiaren arteko gatazka politikoaren iturburua. Bada, bandera hori-gorriak gipuzkoar gehienen barnean bizirik gordeko du espainiar hegemonia nazionalaren mentalitatea zuzengabea dela eta duintasuna zanpatzen duela.

Goazen aurrera urteotako estrategia aletzen, ikusiz zein era txarrean eraman duen espainolismoak Euskadi edo Euskal Herria izeneko errealitate hau. Zerbait denik ukatzen bada, ez dago zertan borrokaturik existitzen ez den horren kontra. Adibidez, egiatzat hartzen bada lamiak ez direla existitzen, ez da estrategiarik antolatzen haiek garaitu eta suntsitzeko. Zentzugabekoa litzateke. Era berean, pentsatzen bada ez dagoela beste nazio-nortasunik nagusia salbu, zentzuzkoa da ez ezer egitea haien aurka. Baina gure kasuan ez da horrela. Ikusten dugu euskal herriari izana ukatzen diotela: ez dago euskal herririk; baina hori diotenak jakinaren gainean daude hori ez dela egia; izan ere, jo eta su dabiltza ez den horren aurka borrokan. Egitasmo kontranazionalista darabilte herri hau itxuragabetu eta desegiteko, herritarren nortasun berezia galtzeko, erabakitzeko eskubidea eta eskubide hori zehaztu eta burutzeko ahalmena aldarrikatzen duen kontzientzia ahuldu eta ezerezteko. Bandera espainiarra Gipuzkoako Diputazioan eta beste erakundeetan inposatzea aipatutako diseinu kontranazionalistaren urrats bat besterik ez da. Pentsaera honen normalizazio-asmoan sartzen da: Euskadiren nortasun seinalea, eta Gipuzkoarena ere bai, berdintasuna izan behar da. Utikan desberdintasunak, kanpora euskal berezitasuna. Berdintasuna, diote Patxi Lopezek eta PSEk, PPrekin batera. Gure erakundeak izan daitezela beste autonomietako erakundeen berdinak herritarren begietara: espainiar bandera erdian eta gainerakoak ezker-eskuinera. Alde guztietan irudi bera.

Ez da esan zaharra gure Diputatu Nagusia, Markel Olano: “Euskadi autonomia huts bilakatzea da Alderdi Sozialistaren eta Alderdi Popularraren xede nagusia. Ez dute Euskadi aintzat hartzen, ez baitute jotzen begirunea zor zaion subjektutzat baizik aldatu beharreko subjektutzat”. Alegia, erabateko aldaketa nahi dute, Hiri-libertateak elkarteko ahots batek dioenez: “Ez bakarrik Gobernu aldaketa, baizik aldaketa ideologikoa eta zibila behar ditugu”. EAJ eta bere herri-ordezkariok ez gatoz bat pentsamendu bidegabe horrekin, gure nortasunari eraso egiten diolako eta gure herritar- eta herri-eskubideei kalte, egiazko bakea lortzeko oztopo delako eta benetako normalkuntza politikorako eragozpen.

Aldaketa operazio honen baitan, Diputatu Nagusiaren deialdi bat jaso dugu herritarrok eta herri-ordezkari garenok: datorren larunbat honetan, hilak 27, goizeko 11:00etan, Gipuzkoako Diputazioaren aurrera joateko, “eusko lur gainean zutunik” erantzutera gehiengoaren borondatearen aurka bandera espainiarra inposatuko digutelako. Norbaitek, suminaren suminez, izan dezake ez joateko tentazioa. Ni joan egingo naiz. Haserre, baina joango naiz. Bilkura horretan izango naiz esateko inposatuko dizkigutela beren sinboloak Diputazio-jauregiaren kanpoaldean, baina ez dutela Diputazio barrua konkistatuko eta menderatuko. Barruan, hor ariko dira gure diputatuak, Markel Olano buru dutela, Gipuzkoa gobernatzen euskal nazioaren kontzientziak eraginda. Inposatuko dituzte beren ikurrak baina ez dute aldatuko gure nortasuna: gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak.

Irudia | Ikurriña | Imanol Lasa | Creative Commons By SA
Diputazioa, Foru aldundia, Gipuzkoa, Ikurrina

5 pentsamendu “Gipuzkoarron bihotzean, ikurriña.”-ri buruz

  • Gari Garaialde 2010-02-26 15:17

    Ametsa izango da seguruenik, amesgaizto ez deitzearren, baina nere herrian ( bai Hondarribian eta bai Euskal Herrian ere) azken 30 urteetan izan diren banderen borrokaren kapitulo gehienetan parean (espainola jartzeko justifikazioak jendeari ezaltzen, esan nahi baita) izan dudan taldea EAJ-PNV izan dela esango nuke nik, eta ez PSE edo PP.

  • Imanol Lasa 2010-02-26 16:17

    EAJ-PNV jendeak ez dugu epainiar banderarik nahi, ezta borrokarik nahi. Azken hau behar bada ezin dute edozeinek esan. Ikurriña bai !!!!

  • Nahi ez izateko agindua berehala betetzen dute ba.
    Borroka egiten duen guztiak ez du derrigorrean borrokarako gogoa izan behar
    PNVek ez, ondo esan duzu ez dauka borrokarako gogorik eta azkenean etxeko sukaldean ere jarriko dute bandera

  • Gari Garaialde 2010-03-01 10:10

    borroka (Harluxet Hiztegi Entziklopedikotik)

    1. iz. Norbaitek edo talde batek beste norbait edo talde bat garaitzeko, aurre egiteko edo zerbait lortzeko egiten duen indarrezko ahalegina.

    2. iz. Arazo, zailtasun edo gaitzen kontrako ahalegina. Minbiziaren aurkako borroka.

    3. iz. KIR. Arau batzuk jarraituz, pertsona batek beste bat lurrera botatzean datzan kirola.

    4. adb. Borrokan. Herioarekin borroka zebilela. Elkarrekin borroka ari. • borroka biologiko. NEKAZ. Landutako lur-sailak babesteko modua, kaltegarri diren espezieei berauen parasito edo harrapakari naturalen bidez aurre egitean datzana. || borroka grekoerromatar. KIR. Borrokalari batek besteari burutik gerrira bitartean soilik hel diezaiokeen borroka-mota. || borroka libre. KIR. Borrokalariaren gorputzeko edozein atali (organo genitalei ezik) heltzea baimendua dagoen borroka-mota. || klasearteko borroka. POL. Marxismoaren arabera, bi giza multzo edo klase antagonisten arteko borroka, produkzio-bideen jabetzari esker boterea dutenen (burgesiaren) eta bere eskuetako lana eta indarra besterik ez dutenen (proletalgoaren) artekoa. Proletalgoak burgesia garaitzean bukatuko da borroka, ondoren klase gabeko gizartea sortuz.

  • Imanol Lasa

    […] filtratu zen hedabide baten batera, Gipuzkoako Diputazioko plaka kendu zutenak karlista militanteak izan zirela. Francisco Javier Pérez de Rada eta Ana Maria […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude