Iñaki Gaminde: “Gipuzkoan uste da hortik kanpo, Lea-Artibain kenduta, ez dagoela euskaldunik”

Iñaki Gaminde: “Gipuzkoan uste da hortik kanpo, Lea-Artibain kenduta, ez dagoela euskaldunik” –

Iñaki Gaminderekin solas egin dugu Bilboko Plaza Berrian, eguzki handiko egun batez. Errekaldekoa da Iñaki. Aita euskalduna bazuen ere, 17 urte arte ez zuen euskara ikasi. 1970eko hamarkadako erdialdean, bere ingurumenean bederen, euskara ‘zaharren kontutzat’ hartzen zela dio.

Iñaki GamindeAlta, 17 urterekin euskara ikastea erabaki zuen. Nola ? Behin, bere Bilboko lagunekin Ondarroako bestetarat joan zen. Han, oraino euskara hutsez bizi zen jendea bazela ohartu zen lehendabiziko aldiz eta mintzaira hau ez baitzekien ezin kukutuzko lotsa sentitu zuen. Bilborat itzuli eta ikusian euskara ikastea deliberatu zuen. 1975. urtea zen eta euskara irakaslea atzematea ez zen erronka makala. Hala ere, klaseak emateko prest zegoen neska bat topatzea erdietsi zuen.

Franco hil eta hurrengo udan Iñaki Gaminde Errezilgo baserri batera joan zen euskara ikastera. Hiru aste egin zituen bertan: ”Kutsidazu bidea Ixabel filmean bezalaxe”. “Hala ikasi nuen euskara, urtebetean” dio iragana oroitzeak dakarkion irriño tikia ezin gordez. “Eta jada Franco hilda zegoenez, ba, euskara irakasteko propaganda egiten hasi ginen auzoan. Hor non 600 pertsona apuntatu ziren eskoletara!”. Aski irakaslerik ez zenez, bigarren mailakoek lehendabizikoei klaseak eman behar, hirugarrenekoek bigarrenekoei, eta abar. Egia erran, ordu arte ‘’soldadore’’ lanak egin zituen ; baina, pixkanaka euskarazko irakaskuntzan hasi zen, azken hau nagusiki bere lanbidea bilakatu arte. Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateko hizkuntzalaria da eta euskara ikertu eta irakasten 35 urte eramaki ditu.

Zure emaztea euskaldun zaharra da eta zu euskaldun berria. Haurrak euskaraz hazteko momentuan nola egin zenuten?

Emaztearen euskalkia ikasten egon nintzen, bizkaiera. Elkarrekiko komunikazioan arazo batzuk geneuzkan.

Biok AEKn geunden irakasle orduan. Argi zegoen umea euskalduna izango zela. Eztabaidarik ez zen egon. Baina nik nire dudak neuzkan, hala ere. Pentsatzen nuen ea nahiko euskalduna nintzen euskara transmititu ahal izateko. Gauza bat da euskara irakastea eta beste bat eguneroko bizitzan 24 orduz euskaraz bizitzea.

Guraso berrien kezka bat izan ohi da hau, lehengo umeagaz batez ere. Hizkuntzari buruz, duda asko izaten dira.

Gogoan dut behin semeari burbuilak egiteko gauza bat erosi niola. Eta ez zitzaidan burura etortzen nola esaten zen hori euskaraz. Momentuan berean hiztegia hartu nuen burbuja hitza euskaraz nola esaten zen aurkitu eta semeari erakusteko. Berehala aurkitu nuen: burbuila.
Geroxeago, ordea, emaztea etorri zen semea eta niregana: “eingo doguz burbujatxu batzu!

Erridikulua egiten da bizitzan hainbat gauzetan eta, ba, euskararekin ere beste horrenbeste.

Bazenuke gomendiorik euskaldun berriak diren gurasoentzat?

Ez dezatela beldurrik eduki euskaraz egiteko. Umeek ondo ikasten dute eta.

Hala, euskaldun zahar modu berri bat sortzen da, ezta?

Bai, noski eta badira dagoeneko. Unibertsitatean, gazteen euskara lantzean, tipologia bat egina dut: 1) euskalki tradizionala jaso dutenak (zer edo zer tradizionala jaso dutenak etxean), 2) euskara eskolan jaso dutenak eta 3) ume euskaldun zaharrak baina guraso biak euskaldun berriak dituztenak. Eta azkeneko talde hori, oso talde indartsua izango da laster.

Unibertsitatean, euskara batuaren intonazio estandarra lantzeko, guraso biak euskaldun berriak dituztenak eta euskaldun zaharrak diren bi neska bilatu ditugu. Hauek oraindik sekula egon ez diren barietate berri bat baitira.

Zure ustez, zein da euskara batuaren tokia eta zein euskalkiena?

Euskara batua abstrakzio bat da. Ez dago, berez, euskara baturik. Euskara estandartzat jotzen dena da komunikabideetan eta irakaskuntzan erabiltzen dena. Euskara formala, aseptikoa, neutroa. Hori da euskara estandarra. Batua, aldiz, barietate bat beharrean abstrakzio bat da. Eta abstrakzio horretatik hurbilago edo urrunago egon zaitezke.

Bestalde, barietateetan euskalki tradizionalak, berriak, sozialak… sartzen dira eta horiek beharrezkoak ditugu bizitzeko. Barietate estilistikoak gutako bakoitzak erabiltzen dituenak dira: hots barietate estilistiko sozialak, geografikoak, egoeraren araberakoak… Nahiz eta euskalki bera izan barietate estilistikoak hizkuntzan egiten ditugun moldaketak dira. Amonarekin gaudenetan edo eta lagunekin gaudenetan egiten dugun ezberdintasuna, esaterako.

Euskalkien lekua, beraz, ahozkoan dago?

Ez da bakarrik hizkuntza. Jarrera pertsonala ere bada. Euskal telebista ezinezkoa da zahar askorentzat. Gauza berri horrenganako jarrera negatiboa baitute hasieratik. Telesail amerikar bat euskaraz ikusi eta ez dute sinesten hori gertatu ahal denik. Baina gazteleraz sinistu egiten dugu. Jarrera kontua dela diot horregatik.

Iparraldera goazenean erdaraz egiten dugun bezala, ez baitugu sinesten euskaraz egin ahal dugunik…eta abar.

Bizi ahal izateko behar ditugu euskalkiak. Distantzia markatzeko, egoerak apaltzeko, hurbiltzeko… araututa ez dagoen barietateetan aurkitzen dugu hori. Batuan ere aurkitu dezakegu  barietate hori. Baina jarreraren araberakoa izango da beti.

Zure ustez euskalki bat etxean jaso duenak, hau aski markatua bada, berea egiten du euskara batua?

Hizkuntzan identitatea ere sartzen da. Gazteak askotan identitate bila doaz. Eta euskara erabiltzen dute, zerratua eta markatuena, nahiz eta zuzena ez izan talde kohesioa lortzeko.

Enkarterrian, Balmasedan berdina gertatzen da. Gauza batzuk hartzen dituzte bizkaieratik eta estandarrean txertatu. Talde Identitatea bilatzen dute hor.

Orokorrean, adineko pertsonek estandarra euskara txarra bezala hartu dute, beraiena ez balitz bezala. Euskara ona Tolosakoa, Markinakoa, etxekoa …bezala hartu izan da. Orduan, euskara batua ez da gurea, inposatu diguten zerbait baizik.

Gaur egun, hala ere, adin batetik behera euskara batuaren beharra handia da: gure parte bat da euskara batua. Irakurketan eta telebistan erabiltzen dugu.  Gainera, jada nahasten hasi dira. Batzuk beren erara eta besteek beste era batera egiten dute euskara estandarra deritzoguna.

Euskara batua da Euskaltzaindiak erabakitzen duena. Nire hitz asko euskara batuarenak ere badira, baina ez dute indarrik euskara batuan. Orduan nik nire burua zentsuratzen dut askotan, zerbait Euskal Herri guztian zabaltzeko. Hori irakasleek eta kazetariek ere egiten dute.

Idazle batek ezberdin idazten du, euskalkietako hitzak sartuz etengabe, literaturan dabilelako. Batuan gabiltza guztiok baina ezberdin.

Euskara estandarra egiten dudanean estetikoki galtzen da baina komunikazio mailan irabazten da. Hizkuntza guztietan gertatzen da hori.

Corpusa aberasteko aski erabiliak dira euskalkiak?

Esate baterako, nire ikasleak hizkuntzaren jabekuntzaz lan bat egiten ari dira eta bibliografia erdaraz dagoela eta balbuceo hitza euskarara itzuli nahi zuten. Ziztakadura da. Baina noski, hori ez luke inork ulertuko nahiz eta zuzena izan teknikoki.

Ostera, badira euskalkietan hitz batzuk promozionatu direnak. Ulertu hitza esaterako bizkaieratik hartutakoa da, Gatika aldeko euskalkitik hain zuzen ere. Gaur egun, Euskal Herri osoan erabiltzen dena. Ataza da beste bat. Beti erabili dudan hitz bat da azken hau eta hori poza  Windowsen erabiltzen zela ikusi nuenean.

Baina ziztakadura hori ez dakit nondik atera duten, hori ez da inon esaten, asmatua izan da.

Inon gehiago ez bada erraten hitz bat, eta Euskal Herrian hitz hori izendatzeko berbarik baldin badago, beste hitz bat asmatu behar da ala berau erabili?

Hitz asko asmatu behar dira. Teknologia berriak direla eta asko behar ditugu, gainera. Esteka hitza bezalakoak.

Euskalkietan horretarako itzelezko altxorra dugu euskarazko eskola, ipuin zein kantuei…sekulako aberastasuna emango lioketenak. Emozioei dagozkienak. Esate baterako, nola haserretu ume batekin euskaraz? Hori euskalkietan dago. Etxean daukagu eta ez diogu erreparatzen. Hori bildu, beharbada moldatu eta eskolaratu beharko genuke. Ez euskara hedatzeko bakarrik, baizik eta ingurunearekin ere lotura horiek egin ditzagun.

Euskaldun berrientzat euskalkiak oztopoak dira? Ez euskarazko irakaskuntzan, euskararen irakaskuntzan, zein toki izan beharko lukete euskalkiek euskara ikasten dutenek ere konprenitu dezaten lagun artean?

Lagun batek, Juan Luis Goikoetxeak, euskal elebidunak eta erdal elebidunak bereizten ditu. Batzuk motibazioa dute euskara ikasteko euren bizimoduan progresatzeko, baina horiek ezin dira izan euskararen gurdia aurrera eramaten dutenak. Euskararen gurdia aurrera euskaraz bizi nahi dugunok eraman behar dugu.

Ni euskara ikasten hasi nintzenean nire helburua ez zen irakasle izatea, nire helburua hasieran euskara ulertzea zen, gero berba egitea eta gero euskaldunen artean gehiegi ez nabarmentzea.

Euren modukoa izateko integrabidea hizkuntza da. Nik beraien moduan ikasi behar dut. Ez besteak nirera moldatu. Perspektiba horretatik euskaraz bizi nahi baldin badugu txikitatik horretarako ereduak eman behar ditugu.

Eta orduan euskaraz bizi nahi duen euskaldun berri batek nola egin dezake?

Eredu ezberdinak behar ditu. Hizkuntza bat ondo jakitea egoera guztietara moldatzen jakitea da. Euskaltegietan titulua lortzen irakasten da. Baina, gero ikaslea kalean euskaraz bizi den norbaitekin batu eta bestelako euskarazko egoera topatzen du. Euskaltegian ikasi ez duen horrekin. Eta hori non ikasten da? Sarri euskaldun askok ez du euskaraz egiten, ez konfiantza faltagatik, ez dakielako baino. Ez daki euskaraz lagunekin egoten, ezta euskaraz erosketak egiten ere. Ez daki, irakatsi ez zaiolako, noski. Hori irakatsi daiteke eta.

Bizkaian behintzat, jende askorentzat euskara sufrikario bat izan da. Titulua atera, gorde eta ez dute gehiago erabiltzen. Eta erdaraz lasai asko bizi daitekeenez, ba, ez dago horretarako arazorik. Hori Enkarterrian pasatzen da askotan. Errua beraz sisteman dago. Eta horretarako ereduak behar dira, hor dago gakoa.

Zeintzuk dira etorkizunean euskarak izanen dituen erronkak? Euskara prest ote da erronka horiei buru egiteko?

Oraindik ere erronka handiena bizirautea da. Ez dut uste dena egina dagoenik. Erronka premiazkoak daude. Ahozko arauak esaterako, finkatu beharrean daude. Ahozko estandarrik ere ez dago eta behar da.

Nolako eredu estandarra?

Ba, telebistarako doinu molde bat, esaterako. Askotan jendeak ez daki nola irakurri euskaraz. Ez dugu irakasten euskara irakurtzen, horretarako eredurik ez baitago. Horretarako ikerketak egin behar dira eta Euskaltzaindiak erabaki batzuk hartu behar ditu.

Euskarak arau gramatikal batzuk baditu, etenak, intonazioa…horiek arautzea falta da. Bestela ez dago ulertzerik. Grafikoki adierazten direnetatik at.

Guk bi urte eman ditugu unibertsitateko irakasleei euskaraz irakurtzen ikasteko eskolak ematen. Fisikariei, kimikariei… hasieratik esaten diegu ez dakitela euskaraz irakurtzen. Gure helburua hori irakastea da, formulak eta abar esaten irakastea ulertuak izan daitezen.

Arazoa da ume txikiekin nola lortu ume horiek euskaldunak izatea. Ez bakarrik erdal elebidunak. Hori da erronka. Esate baterako eskolaz kanpoko ekintzetan, karateko irakaslea ezin da ibili umeekin euskara zuzena egiten duen edo ez obsesionatuta. Berez, karatea euskaraz egitea da garrantzitsua kasu horretan.

Zergatik ez dira hedatzen hori baino gehiago zuen ikerketak?

Ez da batera zuzena politikoki. Bizkaitarrena delako. Bizkaitarrok periferiakoak gara zentzu guztietan . Euskal lizentzia Andoainen dago. Dena dago Gipuzkoan. Eta beste guztiok periferiakoak gara. Ez gaude euskal botere horren barruan. Gipuzkoan ez dakite Bizkaian zer egiten den. Guk hartu-eman handia daukagu Nafarroa eta iparraldekoekin adibidez. Gipuzkoarrekin baino gehiago.

Gipuzkoan uste da hortik kanpo, Lea-Artibain kenduta ez dagoela euskaldunik. Bilbokook erdaldunak bagina bezala begiratzen gaituzte. Eta ez da egia. Hemen euskaldun zaharrak, peto-petoak ere bizi dira. Eta Bilbon guztira 84.000 euskaldun bizi gara. Gauza da hemen ez daukagula gune konpaktu bat euskaldunon artean.

Nik esaterako hitzaldi gehiago eman ditut Iparraldean Gipuzkoan baino. Nafarroan ere askotan izan naiz. Gipuzkoan behin izan nintzen eta behin batek galdetu zidan ea zergatik egiten nuen lapurteraz. Zera erantzun nion: nik ez dakit lapurteraz. Euskara batua zer da, zuk egiten duzuna?

Beste arrazoi bat da inork ez duela ezer ere irakurtzen. Gaur egun jardunaldietako entzuleak ponenteak izaten gara. Ondoren hitzaldia emango dugunak. Ez da inor joaten horrelakoetara.

Praktikara begira gauza asko egiten ditugu baina ez gara eskoletara heltzen.

Sistema bat muntatu behar da egiten den guztia eskoletara eramateko.

Iñaki Gaminde: “Gipuzkoan uste da hortik kanpo, Lea-Artibain kenduta, ez dagoela euskaldunik”