Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak udalei

Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak udalei –

Turismoa da une honetako kontua, puri-purian dago; eta nola ziurrenik askori irailean ia dena ahaztuko zaien, hobe orain ekarpenak egitea. Goazen, beraz, informazio zehatz apur bat ematera. Honako idatzia Gari Berasaluzek (@kalaportu) zabaldu zuen aurrekoan twiterren, eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak herrialdeko udal ezberdinei bidalitako gutuna da. Merezi du transkribitu eta hemen jartzea, guztion irakurgai.


Donostian, 2013ko maiatzaren 14ean.

Alkate jaun/andere agurgarria:

Uda garaia eta gure lurraldeko herri ezberdinetako jaiak iristearekin batera, herrietan hainbat jarduera ezberdin antolatzen dira bizilagunen arteko adiskidetasuna bultzatzeko.

Hauen barruan, gero eta ohikoagoak dira erakunde publikoek antolatutako bazkari edo afari herrikoiak. Jarduera hauek zilegiak diren arren, herriko ostalaritzarentzat konpetentzia dira, sektorea jasaten ari den krisialdi hau arintzen lagunduko lukeen uda garai honetan, ostalaritzako mota guztietako jarduerak antolatzen bait dira.

Hitz hauek bidaltzearen helburua jarduera hauen ugaritzeak eta erakunde publikoetatik hauek bultzatzeak bertako ostalaritzarentzat konpetentzia direla ohartaraztea da. Azpimarratu nahi dugu baita ere, jarduera hauei beharrezkoa izango litzatekela ostalaritzako jarduerei aplikatzen zaizkien irizpide berdinak aplikatzea.

Badakigu zure herriko ostalaritzaren defendatzaile amorratua zarela eta horregatik ulertuko duzula, askotan eskaintza kultural moduan mozorrotzen diren, mota honetako ostalaritza eskaintzen zabaltzeak bertako ostalaritza jarduerari kalte egiten diola. 

Hitz hauengan izan duzun interesa aurrez eskertuz eta zure esanera nagoela jakin araziz, agur bat bidaltzen dizut.

Mikel Ubarrechena Pison

Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea


Ikastolen Elkartea taloak saltzen ez. Bokadilo handi baten pare kobratzen dituzten pintxoak bai.

Bazkari eta afari herrikoiak ez. Herriko festetan aukera bakarra jatetxe (ahal bada garesti) batera joatea izan dadila.

Txosnak ere ez. Sartzeagatik 10€ kobratzen dituzten diskotekak bai.

Uste dut ulertu dudala turismoaren nahasmasa hau. Batzuek beraien klase interesak arriskuan ikusi dituzte, eta enpresaurio hauei patrikan mina egiten diezunean, broma gutxi. Duela urte asko, Donostiako euskaldun jende ugari Goizuetako jaietara joaten zen Aste Nagusiak irauten zuen bitartean, ez baitzegoen geure komunitateari begira egindako jai eskaintzarik. Piraten mugimenduak aldatu du hori. Orain instituzioek beraien jarduna oztopotzen dute; noski, txosna barra bat konpetentzia izugarria eta desleiala baita Alde Zaharreko 210 taberna eta jatetxeentzat.

Ostalaritza Elkarteak egin ote du bere lobby lana?

Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak udalei