Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gipuzkoa Berria eta espainola

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gipuzkoa Berria eta espainola

Joan den urri hasieran Gipuzkoako Foru Aldundiak eztabaida piztu zuen “euskara normalizatzeko bidean aplikatzen ari zen neurri zehatzen” inguruan. Ponpoxo zioen orduan: “legealdi honetan, herritarrentzako zerbitzu guztiak euskaraz emateko helburua gauzatu nahi du Aldundiak.”

Atzo jaso nuen etxeko atarian Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratu berri duen Gipuzkoa Berria, 12 orrialdeko (auto-propagandako) buletina, eta gutxienez, hanka sartu duela uste dut euskaldunon tratamenduan -ez baitut okerrago pentsatu nahi-. Aldizkariak azaletik bertatik behartzen gaitu euskaldunak espainolez jakitera, espainolez irakurtzera, bertako berri jakiteko. Aldizkaria ez dago ‘elebitan’. Aldizkarian gauza batzuk daude euskaraz, asko, aldizkariaren hiru laurdenak inguru, eta beste batzuk, gutxiago, espainol hutsez, laurden bat inguru.

Jokabide horrekin (hemendik esan behar ote diegu? esan behar ote zaio Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritza berriari?), Foru Aldundiak ezinbestea derrigortzen gaitu euskaldunak espainola erabiltzera bere berri jakin nahi badugu, eta ez da politika zuzena. Euskaldunok Foru Aldundiari lehen bezala segitzen diogu eskatzen guretzat den guztia euskaraz eman diezagun. Ez dezala berak ere segi gu espainolera behartzen, beste gehienek ere ohi duten bezala. Gero, Aldundiak jakin edo erabaki beharko du ze konpromiso duen edo hartu nahi duen espainolarekin, euskara ez dakiten herritarrekin, edo nahiz euskara jakin informazioa espainolez jaso nahiago dutenekin. Baina guri informazio guztia eman behar digu euskaraz. Ez batzuk bai eta besteak ez. Horrek diskriminatzen gaitu eta gure eskubide euskaldunak urratzen.

Lau hilero atera nahi omen dute aldizkaria. Hurrengo alean euskaldunoi lehen aleko tratuagatik barkamena eskatzeaz gain, espero dugu informazio guztia emango digutela euskaraz. Ala ez?

Foru Aldundiak joan den urrian iragartzen zituen neurriak glosatzean zioen Garikoitz Goikoetxeak Berria-n: “Agerraldietan izango da aldaketa handiena. Jendaurreko ekitaldietan euskaraz egitea bermatuko dute, behar badira itzultzaileak jarrita. Prentsaurrekoetan euskara izango da nagusi. Orain arte bi eletan egin dituzte, baina aurrerantzean ez dute guztia errepikatuko gaztelaniaz [ai, eufemismoak!].”

Gipuzkoa Berria-n ordea ez guztia elebitan egiten dute, eta ez sikiera euskaraz errepikatzen, soilik espainolez emandakoa.

Foru Aldundiaren urriko neurri berri haiekin sortu zitezkeen arazoak aurreikusiz, azpimarratzen zuen Garikoitz-Diputazioak berriro segidan: “Itzultzaileak jarriko dizkiete kazetari erdaldunei.”

Oraingo Gipuzkoa Berria ikusita pentsatu dut, agian otu zaiela Foru Aldundian, kazetari erdaldunei ‘itzultzaileak jartzeaz’ gain, euskaldun bakoitzari ere etxean beste itzultzaile bana jartzea, soilik espainolez emandakoa itzuli diezagun ez gaitezen irainduak sentitu?

P.S. Bide batez, kazetari erdaldunei itzultzaileak jartzearena niri bakarrik iruditu ote zait gure sumisio linguistiko atabikoenaren alde lotsagarrienetakoa erakusten duela?

P.P.S. Gustura jasoko nuke azalpenik Foru Aldunditik ere.

36 pentsamendu “Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gipuzkoa Berria eta espainola”-ri buruz

  • Ez nago ados esaten duzun ia ezerekin.
    1) argi dago GFAk euskararen erabilera eta normalizaziori buruz, beste ezein instituziok baino pauso ausartagoak ematen ari dela. Hobetu dezakela bere jarduna? noski! kritika konstruktiboak onartuko dituzte gustora gainera.
    2) Gipuzkoa berriari buruz, esan behar dut hasieran arritu nindula erdaraz zati batzuk egotea, baina bi buelta eman ondoren erabakia ez zela hain txarra izan konturatu nintzen. Azalduko dut zergatik: sistematikoki dena elebitan argitaratzea ez zait ongi iruditzen, izan ere, erdaldunak eroso mantentzen ditugu inongo ikasteko-beharrik sortarazi gabe… “lasai bizi euskara ikasi barik, zure eskubideak oso ondo zainduko ditugu eta euskaldun zintzook”. Zuk diozun bezala, euskaldunak zati batzuk erdaraz irakurtzera behartzen gaituen bezala, beste zati handi bat (3/4k esan duzu?) erdaldunak euskaraz irakurtzera behartzen du. Azken hau aipatzea ahaztu zaizu, eta nire ustez oso oso garrantzitsua da. Erdaldunei dena erdaraz eman eta euskaldunei dena euskaraz? hori nahiago? nik ez.

    Hobetzeko planteamendua litzateke nire ustez hurrengo aleak 2 kanalen bidez argitaratzea (elektronikoki bederen). hau da, euskaldunei euskara hutsean, eta erdaldunentzako elebitan (edo zati batzuk erdaraz eta beste batzuk euskaraz).

    Eta amaitzeko, esan nahi nuke azken urteotan instituzio desberdinetatik eraman den elebitasunaren aldeko politikak (errotulazioan, telebistan, irratian…) euskara mantentzeko balioko duela, baina honen normalizaziorako oso oso hankamotz geratzen dela.

  • Bittor gauza bat duk euskararen alde egitea eta beste bat talibakeriatan erori eta kalte baizik ez egitea euskaren aitzinamenduari, batez ere, nabariki hobetzen ari denari gurpiletan makilak jarriz.

  • Pasatu egin zarela uste dut, Bittor. Aldizkarian ia dena dago euskaraz. Alegia, euskaraz ez dakiten ehunka mila erdal hiztunei galarazten die ulermena. Hori bada berez zure herritar askori egiten diezun sakrifizio bat. Halere, hizkuntza normalizazioarengatik, onartzen eta txalotzen dut neurri hori. Euskara lehenetsi behar da eta herritar ez euskaldunak ikastera bultzatu. Baina, artikulu gutxi batzuk erdaraz daudelako eskandalizatzea, iruditzen zait errealitatearen isla desitxuratua eta helburuekiko bideen nahasmena besterik ez duela ageri. Beraz, oraingoan (ez beti), Hidalgoren artikulua #desatsegit

  • Urkorekin bat nator oro har.
    Ez dute bete-betean asmatu, baina ahalegina egin dutela aitortu beharra dago. Oso ahalegin ausarta, bestalde, baina okerrekoa nire ustez. Ez baita erraza asmatzea, eremuren baten ala bestean inoiz erabakiak hartu beharra izan duen edonork dakien bezala.
    Hala ere, Bittorren kritikaren modukoak izango dira GFAk jasoko dituen adierazpenik gogorrenak, seguruenik. Idatziz hedabideetan agertutakoak, alegia. Ez pintadarik, ez mehatxurik, ez arduradunen izenak eta abizenak prentsan dantzan… Hortik ere badute zer ikasirik bertan arduretan dihardutenetako batzuek.
    Edonola ere, okerrak oker eta zuzendu beharrekoak zuzenduta, espero dut GFAk hartu duen bidetik jarraitzea, hots, euskararen normalizazioan urratsak ematen, bera baita egun erakunde publikoetan aitzindari eta branka, inongo zalantzarik gabe.

    • Fermin Galparsoro 2013-01-18 14:33

      Hitz bakarbat jarrita begira nola aldatzen dan esaldia:
      “…bera baita egun erakunde publiko ESPAÑOLetan aitzindari eta branka, inongo zalantzarik gabe”

    • Aupa Itzain. Azalduko didazu mesedez zure ustez non den okerra? Nire ustez okerra legoke euskara / erdara proportzioa 3/4koa beharrean 1/4koa balitz. Hobetu daitekeela? bai, euskaldunontzako euskarri digitalean 4/4ko alternatiba jarriz eta bestea aldatu gabe. Baina, berriro diot, ez det ikusten okerra non dagoen. Azalduko bazenit…

      • Nire ustez, okerra da erdaldunak bazterrera uzten dituelako, eta euskaraz irakurtzeko batere ohiturarik ez duten euskaldunak ere bai. Nire ustez, euskarari erabateko lehentasuna eman beharra dago, baina aipatutakoei baztertuak izan direlako esateko aukerarik eman gabe. Zehatz-mehatz nola egin behar den? Hori lanbide zailagoa da. Baina uste dut lehenik herritar guztiei ondo azaldu behar zaiela zergaitik emango zaion lehentasuna euskarari, guztiek izango dutela informazio maila berdina eskuratzeko aukera, eta ondotik mekanismo zehatzak ezarri. Baina jokatu den moduan jokatuta, espainieradunen biktimismoa haizatuko da, eta batikoen hedabideen laguntzaz, euskararen normalizazioaren aurkako kanpaina berri baten bezperan gaudela iruditzen zait.
        Eta bidenabar, esan behar dut ez zaidala prozedurarik egokiena iruditzen, zutabeak pipiak janda dauzkagula, halako erakustaldiak egitea instituzioetatik, bizi dugun egoeraren irudi guztiz irreala zabaltzen laguntzen duelako.
        Nire ustez, instituzioetako komunikazioan urratsak eman behar dira arian-arian, baina horrekin batera beste esparru askotan ere eman behar dira, bestela zabaltzen den irudia da “euskararen diktadurapean” bizi den herrialde batena, eguneroko bizitzan euskara eta euskaldunak bazterrean daudelarik.
        Niri askoz eraginkorragoa eta premiazkoagoa iruditzen zait FNAC, Carrefour, Eroski eta enparauetara, Jatetxe eta taberna ospetsuetara, eta jendearekin harreman ohikoa duten bestelako erakunde, enpresa eta taldeetara bisita instituzionalak egitea, euskaldunak aintzat har ditzaten eskatuz, eta horretarako neurri zehatzak proposatuz. Bestea, ahaztu gabe noski, baina gurdia idien aurretik ez dezagun jar. Ez oso-oso aurretik behintzat.

        • Ba esan bezala, nire ustez elebitasuna eta euskara negritan jartzea (batzuentzat hori da lehentasuna ematea) bide okerra da euskararen normalizaziorako. Erabaki ausartak hartzeko beldurra badaukagu, erdaldunak minduko ditugulako, akabo. Nahiago badugu euskararen egoera normalizatzen lagunduko duten neurriak hartu beharrean, erdaldunak komodo mantentzeko neurriak hartu, akabo.

          Aipatzen duzu herritarrei azaldu behar zaiela zergatik ematen zaion lehentasuna euskarari. Beno, agerikoa da ala? Diglosi egoera honetatik ateratzeko, besteak beste.

          Eta gainerako esparruetan lan egin beharra daukagula diozunean, ados nago. Baina batak ez du bestea jaten, eta GFAk aldizkaria atera behar badu, ba atera duen irizpideekin ateratzea hobe, elebitan ateratzea baino.

          Behin hau esanda, erdaldunekiko errespetu faltaren inguruan pare bat ideia azaldu nahi nituzke: bata, errespetu gehiegizkoak euskara galduko duela. bestea, instituzio horretatik erdaldun horiei euskara ikasteko beharrezko baliabideak ematen bazaizkie (eta hala da), hartutako erabakiak zentzu bikoitza dauka. Eta ziur naiz hori horrela izanda, erdaldun askok naturaltzat hartuko dutela %80ko elebitasun tasa daukan herrialde batean hizkuntza trataera hau daukan aldizkari bat argitaratzea. Orain, denok dakigu euskaldunak oso jatorrak eta errespetu handikoak garela, eta erdaldunen eskubideez arduratzeko erdaldunek beraiek baino joera handiagoa daukala. Morroi zintzoak bezala.

          • batak ez du bestea “kentzen” esan nahi nuen, eta ez “jaten”. Goseak traizionatu nau, antza! 🙂

        • Ez dakit nori ari zaren erantzuten Urko, ze nik, ez baitut proposatu “elebitasuna eta euskara negritan jartzea”, edota “erabaki ausartak” hartu behar ez direnik, edo “erdaldunak komodo mantentzeko neurriak hartu behar direnik.
          Saia gaitezen esandakoei erantzuten, bestela lebatz arteko eztabaida sortzen da, eta horretarako, hobe dugu bazkaltzera edo beste edozertara joan.
          Aipatu dut, bai, herritarrei azaldu behar zaiela zergatik ematen zaion lehentasuna euskarari. Guretzat agerikoa eta bistakoa dena, asko eta askorentzat ez delako batere ageriko. Gehienentzat beharbada, tamalez.
          Eta erdaldunekiko errespetu faltaz nik ez dut jardun. Besteak beste, euskaldun gehien-gehienek erdaldunekiko agertzen dutena ez delako hori, erabateko sumisio lotsagorritzekoa baizik. Morroiarenak egiten dituzte euskaldun gehienek erdaldunen aurrean, bat nator. Baina nire ustez, eta azpimarratu nahi dut, nire iritzia dela, GFAk hartutako bidea ez da egokiena, ausarta eta berritzailea izan arren.

    • Xabier Makazaga 2013-01-18 16:13

      Larreak Pako Aristi kritikatzeko FAES aipamenera ekartzea bezainbeste gustatu zaidak tartean egin duan aipamen hori, mehatxu, pintada eta abarrei buruz, Itzain. Batere harira ez datorrela egin ere. Atez atekoaren kontra daudenak “sufritzen” ari omen direna dela-eta, DV eta tripartitoak montatu dutena montatu duten une berean egin ere. Horrenbestez, hobe izango diat hirekin ere gehiago ez eztabaidatzea. Agur Ben Hur.

    • “Hala ere, Bittorren kritikaren modukoak izango dira GFAk jasoko dituen adierazpenik gogorrenak, seguruenik. Idatziz hedabideetan agertutakoak, alegia. Ez pintadarik, ez mehatxurik, ez arduradunen izenak eta abizenak prentsan dantzan… Hortik ere badute zer ikasirik bertan arduretan dihardutenetako batzuek.”

      Bueno, Itzain, akaso, gobernu espainarrari komeni bazaio, Foru Aldundiko hizkuntz politika BILDU ilegalizatzeko probatzat hartuko dute, eta Audientzia Nazinalak PNV-k gidatzen duen Ertzaintza bidaliko du egoitzak ixtera eta jendea atxilotxera eta Ertzaintza manifestariei oldartuko zaie, eta jipoitxo batzuk banatuko dituzte han-hemenka (beti ere asmo pedagokikoz). begiren bat galduko du baten batek pilotakada batengatik, total bi zituen… Horrela EAJk GFA berreskuratu ahal izango du, eta denon diruarekin ordaindutako komunikabide publikoetan batzuen ahotsa ixilaraziko da.
      Horrela ikasiko dute biolentoek, eta gu, demokratok, lasai eman ahalko diegu biolentoei moralitate eta demokrazia lekzioak. Horrela gure nagusitasun morala argi eta garbi erakutsiko diegu, GFAko horma-zikintzaileei.

      Mehatxurik ez? Esango nuke egunero heltzen zaizkiela Bilduko arduradunei (kartzela mehatxuak). Espainar estatuak nola jokatzen duen jakinda, ez nuke esango lasai bizitzeko bezalako mehatxuak direnik.
      Arduradunen izenak ez daudela prentsan? Ze egunkari irakurtzen duzu zuk? Beste alde batetik: zergatik ezin dira arduradunen izenak prentsan agertu? Hori txarra al da?
      Pintadak? Zertarako pintada? Pintada bat beste leku batera heltzeko mediorik ez duenak egiten du. Besteek telebista, egunkariak, aldizkariak erabiltzen dituzte. Nire herrian dagoen pintada batek zera dio: “pintadak txiroen telebista da”. Nekez ikusiko duzu beste medioren bat duen inor pintada bat egiten.
      GFAren politikak oso kritika gordinak jasotzen ditu (Bittor Hidalgok artikulu honetan idatzitakotik hasita, iraina eta guztiz), beste garai bateak beste arduradun batzuek jaso dituztenak bezain gordinak gutxienez.

      • Barkatu, azkar idazteagatik “antxoa” batzuk sartu ditut. Borrokan erori diren ergatiboei: Agur eta Ohore!

  • Fermin Galparsoro 2013-01-18 14:29

    “Bide batez, kazetari erdaldunei itzultzaileak jartzearena niri bakarrik iruditu ote zait gure sumisio linguistiko atabikoenaren alde lotsagarrienetakoa erakusten duela?”
    Zurenik bat nator eta web gune honetan inposatuak izan arren, oharkabean pasatzen zaizkigun egoera, erakunde, arau eta abarrak identifikatzen dabiltzala baliatuz, zerrendagai bezala bidali beharko zeunke.
    http://gureberriak.com/index.php

    • Horretan bat nator. Horixe iruyditzen zait niri ere. Hedabide kolonizatzaileen zabarkeriaren aurrean makurtzea. Vocentok, Prisak eta abarrek, ezin dute kazetari euskaldunik bidali? Hori da hori, hedabide batzuen inperialismo bortitzaren erakustaldia eta euskaldunon otzanon ezin zutitua!

  • Ba Euskararen tratamendua ona iruditu ez bazaizu 3/4 Euskaraz daudelako (ez itzultzearena oso ondo iruditzen zait), nola jarriko dira Euskara ez dakitenek? Zerbait jarri beharko diezu erderaz beraien interesa ere pizteko eta Euskara ikastera bultzatuz guztitaz ohartu nahi badute.
    Baina zuzenean dena Euskaraz badago, biztanleriaren zati haundi bat zuzenean zakarrontzira botako zuen errebista. Uste det momentuz horrela ondo dagoela, batez ere Euskaraz dagoena itzultzen ez delako.

  • Peru Dulantz 2013-01-18 15:36

    Gipuzkoako Aldundiaren jokabidea guztiz txalogarria iruditzen zait euskaltzalea naizen aldetik, eta Bittor Hidalgoren artikulua zentzugabekeria hutsa.

  • Bittor, begiratu jendeak zure artikuluei buruz emandako balorazioa (3 alde 18 kontra momentu honetan) eta saia zaitez ondorioren bat ateratzen… akaso ZuZeun sartzen garenok ere espainolak gara, ala akaso zure kritika neurrigabea edo iraingarria iruditu zaigu askori.
    Positiboa izan nahi dut, argi dago ez dela erraza planteatzen den arazoa, ikuspuntu asko baititu. Baina zuk, arazoa planteatu ordez, errekurtso errazara jo duzu, eta “espainoltatsun” ziurtagiriak banatzen hasi zara. Akaso iraintzeari utziko bazenio debate aberasgarriagoa sortuko zenuke.
    Nire aldetik, eta arazoan sartu gabe, “Hanhemengo”rekin bat nator. Talibankeri gutxiago (taliban jatorraren talibankeriaz ari naiz, noski) behar du gure euskarak, errealitate soziolinguistikoaren aurrean begiak ixtea hormaren kontra jotzeko biderik onena da.

    • Fermin Galparsoro 2013-01-18 16:21

      Talibankeria, euskera Madrilen inposatzea izango litzateke eta Euskal Herrian euskera hedatzea, normalizazioa litzateke.
      Eta “litzateke” diot, ze orain GFA egiten dabilena ez da, ez inposaketa ez normalizatzea ez ezer.
      Bai inposatzeko eta bai normalizatzeko, beharrezkoa bait da boterea.

  • Martin Rezola 2013-01-18 16:48

    Ez dut uste batere kontu erraza denik hemen planteatu dena. Eta Bittori, GFAri eta hemengo iruzkingile guztiei haien intentzio ona aitortu behar zaiela iruditzen zait. Eta hortik aurrera…, a ze nahaste-borrastea daukagun, lagunok! Behar dugu, bai, behar dugunez, honen gainean gogoeta eta irizpide argigarriagorik.

    Gasteizen ere planteatu zen antzeko arazoa (euskaldunen proportzioa oso diferentea da, baiki), “udal kazeta” deituriko boletinean euskararen presentzia hutsala zenean. Orduan, bertsio bi sortu zituzten, bata euskaraz eta bestea espainolez, eta aukeratzea bazegoen. Orain ez dakit nola dauden kontuak.

    Boletin Ofizialekin ere egon izan dira ika-mikak: bi zutabetako ereduari eutsi, erdaldunak euskara ere “ikus” dezan, ala bertsio beregainak sortu (“beregainak” edo… itzuliak ?) Eroskiren “Consumer” aldizkariak ere bi bertsio ditu…

    Ni bezain euskaltzale eta tabilan den lagun batekin eztabaidan jardun nuen lehengoan, Euskadi Irratian euskaldunen euskarazko hitzak bere horretan utzi behar ote diren ala off-eko ahotsean gaztelaniaz eman behar diren (uste dut zehazki Laura Mintegiren hitzak zirela). Lagunak zioen itzuli beharra zegoela, bestela euskarazko mezua ixildu egiten zitzaiola entzuleari; nire ustez, aldiz, ona da horrelakoetan erdaldun hutsak zerbait galdu duela sentitzea. Ez ginen ados jarri.

    Beste batean, TELP bateko gidari bati entzun nion gure Gasteizko ikastolan komeni zela elebitan egitea gurasoen bilerakin, hartara erdaldunak ere euskararen presentziaz jabetzen baitira, nolabait ere. Kontra egin nion, erabat, kasu horretan nire lehentasuna euskaldungoaren trinkotzea delako, ez hainbeste erdaldunak erakartzea.

    Ni, printzipioz, segregazionista bainaiz, baina onartzen dut egoerak ek ez direla beti berdinak eta ez dagoela beti berdin jokatzerik.

    Ez dakit gaitik desbideratu naizen. Azpimarratu nahi dudana da, bai, borondate ikaragarria edukita ere, oso “berde” ditugula ez hainbeste ideiak, baizik eta estrategiak.

    • Martin Rezola 2013-01-18 17:37

      “…Euskadi Irratian euskaldunen euskarazko hitzak…”

      “Radio Euskadin” jarri nahi nuen, noski.

  • Bittor Hidalgo bezalako euskalzaleak eta Euskal Herria Sozialista blog marxista-leninistak-stalinistak ikusita, beldur naiz ez ote den gero eta erdaldun eskuindar gehiago izango Euskal Herrian. Hau da koadrila!

  • Fermin Galparsoro-ren ekarpenak Obanoseko Infantoiarenak bezain interesgarriak suertatzen zaizkit. Ez dakit nondik ateratzen duen denbora iruzkinak egiteko, Espainar Inperioa gure herrialdetik betirako suntsituko duen guda prestatzen egongo zela uste nuen nik (armak erosten, armadarako boluntarioak biltzen, estrategia militarrak zehazten, intendentzia…). Ai ene, ze astuna zaren!

    • ZuZeu

      Nahiago genuke artikuluak mahai gainean jartzen duen gaiaren inguruko eztabaidari eustea. Gainerakoa soberan da, zer esanik ez irain pertsonalak. Gogoratu erabilera baldintzak.

    • Fermin Falparsoro 2013-01-18 20:40

      Barikua dala baliatuz eta lanean nahiko jaleo euki dodanez, honelakoetan, lagun batek, humorea sekula galdu behar ez dala erakusteko helburuagaz esaten dauana jatort burura:
      Ba al dakizu ingelesez batuketak egiten? Bai? Ea ba, zenbat dira “one pamela+one pamela”?
      Animo guztioi! Asteburua disfrutatu!

  • Ok, bakarrik esan nahi nuen Bittor Hidalgok ekarri diguna euskalgintzan troll lanetan diharduen batek baino ezin duela idatzi; alegia, Maneirok ez zukeela hobeki eginen.

    • Karlos-Jagoba 2013-01-18 19:28

      Jagoba, Karlos, ala Karlos-Jagoba?
      Bittor Hidalgok, bere izen abizenez sinatu du iritzia. Bada zuek, edo zeuk, eginikoa baino gehiago.

  • Kakamokordo bat kakamokordo bat da, eta izen-abizenez etorriz gero, are eta lotsemangarriagoa.

  • Bittor Hidalgo
    Bittor Hidalgo 2013-01-19 13:34

    Beraz, ulertu uste dudanagatik, denok, edo gehienok, Martin Rezolaren kezka zuhurrez bestela, edo Itzainen hainbatez, defendatzen duzue Gipuzkoako Foru Aldundiak (eta besteek ere pentsatu behar):

    1. Ondo egiten duela euskara ez dakiten herritarrei bere informazioaren %80 euskara hutsean emanez?

    2. Eta aitzakia horretan, munduko diputazio euskaldun eta euskaltzaleenak, guri euskaldunoi beste aukerarik gabe espainola inposatu diezagun %20an bada ere? (Egia esan aipatu aldizkarian, espainola hurbilago dago 1/3 izatetik 1/4a baino, baina ez nuen nire aldekoegi agertu nahi.)

    Serio defendatzen duzue Gipuzkoako euskaldunok ez daukagula gure diputazioaren berri soilik euskaraz izaterik?

    Ez ote zaituzte beste zerbaitek itsutzen?

    P.S. Iraintzen eta desakreditatzen izerdi patsetan saiatzen zareten anonimo guztioik berriz, jakin dezazuela, birgogoratuko dizuet, ez duela iraintzen nahi duenak, baino ahal duenak.

    Goiz on denori, Donostia bezpera honetatik (ere).

    Bittor

    • Donostia bezpera?
      (ere-arena beste egun batean)

    • Nahiago det GFKko edukien 3/4ak euskaraz egotea eta 1/4 erdaraz, bi ale ezberdin (bat Euskarazkoa eta beste bat erdarazkoa) egitea baino, eta nahiago det momentuz zerbait gaztelera euki dezan. Dena Euskaraz badago errebista jasotzen duten gaztelar hiztunak ez dute ezta begiratuko, baina zerbati gazteleraz badago agian bai, eta ala ere askotxo ulertuko ez dutenez, Euskara gabe ezin zarela denetaz ohartu ikusiko dute. Ala ere Euskarazko klaseak dohainik izanda eta funtzionario guztiak derrigorrez Euskara ikasi (lehendik daudenak) edo Euskara jakin (berri guztiak) beharko bazuten, Euskara izugarrizko bultzada izango luke. .

  • Aldizkaria editatzen dutenei hobetzeko proposamen bat egingo nieke:
    euskarazko artikulu gehienek espainierazko laburpentxo bat dute; espainierazkoei ere euskarazko laburpentxoa jarri dakioke.

  • Bai dudarik gabe: «XXI. mendean hizkuntzek eta kulturek ezin dute estaturik gabe biziraun». Hala ere ohartxo bat: estatu hori A. Otegi edo GARAko zuzendaritzakoengandik hurbil samarrik dabilen “estadista handi” samarren batek gidatu behar badu, nik neuk ez nuke esango euskarak bizi-iraungo duenik… Kontuz, errepatu errealitateari, hemengo independentzia-zale askori ez die barruak agintzen euskaraz egitea, -ia nahitaezko peaje gisa bizi dutela esago nuke-. Euskarak biziraun ez, …BIZI egin behar du!! ….barrenak halaxe agintzen digulako euskaldunoi

  • Bidaniak arrazoi osoa du. Baina arazoa ez da mugatzen Gara, Otegi eta enparauetara. Deia eta Urkulluren ingurukoena espainieraren etengabeko festa da, eta batzuek eta besteak dira teorian euskararen normalizazioaren gidari behar luketenak!
    Baina gero, ingurura begira jartzen zara eta ikusten duzu deskalabruaren neurria, eta etsia hezurretaraino sartzen zaizu.
    Coca-Colak onartuko luke bere zuzendari nagusia Pepsizale amorratu eta ezaguna izatea? Instituto Ceruantesek onartuko luke bere ordezkari nagusiak sare sozialetan ingelesez jarduteko ohitura izatea?
    Haragia jatearen kalteak etengabe salatzen dituena txerrikijale amorratua izatea barregarri irudituko litzaiguke, ezta?
    Bada, euskalgintzan gisa horretako adibideak dauzkagu bazterretan, gehiegi bilatzen ahalegindu gabe, bistan.
    Hipokrisiari stop!

  • Aldizkaria LAU HILERO? Beraz, urtean 48? A ez !LAU HILEAN BEHIN izango da!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude