"Gipuzkoako Foru Aldundia Zure Herrian" egitasmoa martxan da

MTM5Ng==

Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olanok Gipuzkoako Foru Aldundia Zure Herrian izeneko egitasmoa aurkeztu du gaur Donostian egindako prentsaurrekoan. Ekimenaren honen helburu nagusia da Aldundia herrietan eta eskualdeetan egiten ari den kudeaketa azaltzea, herritarrekin elkarlanean etorkizunera begirako arazoak eta erronkak partekatzeko. Baina horrezaz gainera, herritarren kritikak eta ekarpenak zuzenean jaso nahi dira. Izan ere, Diputatu Nagusiak  kargu hartzean agindu zuen eta joan den iraileko Politika Orokorreko agerraldian berretsi zuen herritarrenganako hurbiltasuna landuko zuela Aldundiak eta ekimen hau helburu hori lortzeko urrats bat gehiago da: “Politika Orokorreko agerraldian esan genuen herritarrengandik hurbil egoteko ahalegina egingo genuela, eta horretan ari gara. Foru Aldundia Zure Herrian ekimen hauxe da horren beste adibide bat”.     

Olano, Azpiegitura Foru Diputatu eta Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Eneko Goia lagun duela, Gipuzkoako eskualde guztietako 20 herritara baino gehiagotara joango da, herritarren iritziak eta zalantzak zuzenean entzutera: “Gipuzkoak aurrera egingo badu kultura politiko berri bat behar du. Gauzak egiteko beste modu bat”. Olanoren aburuz, hori lortzeko, parte-hartze orekatua behar da lurraldearen hiriburuaren eta gainerako eskualde nahiz herrien artean; lidergoa entitate publiko eta pribatuen artean partekatu behar da; eta herritarrek partaidetza eskuratu behar dute: “Gipuzkoaren etorkizuneko proiektua diseinatzen ari gara eta horretarako denon iritzia izan behar dugu kontuan. Gipuzkoa guztion artean egin behar dugu. Denok izan behar dugu Gipuzkoaren etorkizuneko partaide”.  

Bihar hasiko da Beasainen Gipuzkoako Foru Aldundia Zure Herrian egitasmoaren ibilbide ofiziala, nahiz eta dagoeneko bi saio eginak dituzten: pasa den abenduaren 23an Azkoitian eta urtarrilaren 25ean Aian. Olano eta Goia Beasaingo eta Goierriko hainbat erakundetako 200 ordezkarirekin baino gehiagorekin elkartuko dira bihar Usurbe Antzokian. Saioari hasiera emateko Foru Aldundia egiten ari den kudeaketa azalduko dute, Gipuzkoarako aurreikusten dituzten zazpi erronken inguruko xehetasunen berri emanaz. Jarraian, ekitaldira bertaratzen direnek euren galderak, iritziak edo zalantzak plazaratu ahalko dituzte.      

Parte-hartzea bermatzeko eta hurbiletik herritarren iritzia ezagutzeko galdetegi bat pasako zaie ekitaldian parte hartzen dutenei. Gipuzkoaren etorkizuneko proiektua diseinatzeko Aldundiak kontuan hartuko ditu galdetegian ateratako emaitzak, eta prozesua amaitzean emaitza horiek publikoki aurkeztuko dira eta parte-hartzaileei etxera bidaliko zaizkie. Gipuzkoako Foru Aldundia Zure Herrian egitasmoa ezagutzera emateko bestalde, www.zureherrian.net webgunea martxan da dagoeneko. Informazio hori zabaltzeko beste zenbait kanal ere ireki dira: Facebook-eko orria, Twitter edota Youtube esaterako. Zentzu horretan, biharko Beasaingo saioaren zuzeneko jarraipena egingo da Twitter-en, #ZureHerrian etiketaren bidez.

Irudia | Markel Olano, beste ekitaldi batean | GureGipuzkoa | Creative Commons By SA