Gipuzkoa kostaldean sartu da EuskarAbentura 2022

Gipuzkoa kostaldean sartu da EuskarAbentura 2022 –

Eneko Goia Donostiako alkateak eta Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Foru Zuzendariak harrera egin diete espediziokideei hiriburuko udaletxean.

Uztailaren 23an sartu zen EuskarAbentura 2022 espedizioa Gipuzkoara bigarrenez, oraingo honetan Lapurdiko kostaldetik; Urruñatik Hondarribiara.

Herenegun eguerdian (uztailak 24) iritsi ziren espediziokideak Donostiara, eta atzo goizean Udalak eskaini dien gosariaz gozatu dute.

Eneko Goiak gazteei: “Espero dut hilabeteko talde-esperientzia honek balio izatea zuen artean betiko iraungo duten adiskidetasun harremanak sortzeko”.

Garbiñe Mendizabal: “Zuek izango zarete euskararen etorkizuneko eragileak”.

Zarautzerainoko distantzia oinez egin dute atzo, eta handik Zestoara mugituko dira autobusez. Gaur Ekainberri bisitatuko dute goizez, eta Getaria aldera egingo dute arratsaldez.

Gipuzkoa kostaldean sartu da EuskarAbentura 2022EuskarAbentura 2022 espedizioa Gipuzkoan barrena dabil, bigarren aldiz. Hiru egunez Lapurdi kostaldean mendebalderantz egin ostean, uztailaren 23an zeharkatu zuen bi lurraldeen arteko muga. Gazteek Urruñan hasi zuten etapa goizean eta, Hendaiako hondartzan bainua hartu ondoren, Txingudi badia inguratu zuten Hondarribira arte. Bertan, arratsaldez, Urtantak kontzertuaz gozatu zuten; eta iluntzean Lezora mugitu ziren autobusez.

Lezotik Pasaia aldera egin zuten herenegun (uztailak 24) jzioquitarrek, eta Albaola Itsas Faktorian hartu zituzten bisita gidatu baterako. Horren ostean, Ulia mendiko talaia bidea segituz, Donostiarantz zuzendu zituzten pausoak, eta bazkalordurako ailegatu ziren hiriburura. Zurriola hondartzan freskatu ondoren, San Telmo Museoan izan zuten hitzordua. Belarri Bero webseriearen kapitulu bat proiektatu zuten eurentzat, eta Aitor Altuna, Uxue Amonarriz eta Uxue Bereziartua egileekin solasteko aukera ere izan zuten.

.

Uztailak 24: harrera Donostiako udaletxean

EuskarAbentura 2022 espedizioa osatzen duten gazteek eta lantaldeko kideek Donostiako Zuhaizti ikastetxean hartu zuten aterpe. Atzo goizean, 7:30ak aldera abiatu dira handik hiriko udaletxerantz, harrera ofizialerako eta gosari mundiala egiteko hitzordua baitzuten 8:00tan.

Eneko Goia Donostiako alkatea eta Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Foru Zuzendaria arduratu dira gazteei ongietorria emateaz.

Goiak “poztasuna” adierazi du hiru urteren ondoren EuskarAbentura bidera itzuli delako, “aurreko bi urteak oso zailak izan dira eta”. Eta gehitu du: “Espero dut hilabeteko talde-esperientzia honek balio izatea gure herria ezagutzeko, zuen arteko bizikidetza indartzeko, eta betiko iraungo duten adiskidetasun harremanak sortzeko”.

Mendizabalek, bestalde, azpimarratu du Gipuzkoako Foru Aldundia eta EuskarAbenturaren antolatzaileak “aspaldiko lagunak” direla, urteak daramatzatelako euskararen berreskurapenerako elkarrekin lanean. Eta gazteei zuzenduriko mezu batekin amaitu du: “Zuek izango zarete euskararen etorkizuneko eragileak, beraz, eskerrik asko eta ondo pasa!”

Talde-argazki ofiziala egin ostean, bideari berrekin diote espediziokideek. Atzo Zarautz zuten lehenengo geltokia. Igeldo mendian barrena iritsi dira bertara, Oriotik pasatu ostean, eta gero Zestoara mugitu dira autobusez. Izan ere, Ekainberri bisitatzeko hitzordua zuten atzo, uztailak 25. Gaur ere Urola Kostan ibiliko dira, besteak beste, Euskal Kostaldeko Geoparkea ezagutzeko. Bizkaiara, aldiz, hilaren 27an sartuko dira, espedizioa amaitzeko azken lau etapak osatzeko.

.

EuskarAbentura 2022 espedizioa

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 16-17 urte bitarteko 128 gazte euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera daramatzan oinezko espedizioa da EuskarAbentura. 2018ko eta 2019ko udan izan ziren aurreneko bi edizioak, EuskarAbentura izeneko eta irabazi asmorik gabeko elkarte euskaltzaleak bultzatuta. 2020an, aldiz, pandemiak galarazi zuen, eta 2021ekoa ere osasun larrialdiak baldintzatu zuen neurri handi batean.

Baina 2022an EuskarAbenturak jatorrizko izaera berreskuratu du, eta ibiltaria izaten ari da berriro ere. Hilabetez, uztailaren 1etik 31ra bitarte, Mauletik Getxora arteko bidea osatuko dute 31 etapatan; 700 kilometro baino gehiago orotara, horietako 500 oinez.

EuskarAbenturazaleek aldean daramate hilabeteko espediziorako behar duten guztia, besteak beste, lozakua eta estera, kantinplora, jateko ontziak eta tresnak, nezeserra eta arropak. Nomadek frontoietan, kiroldegietan, eskoletako aretoetan hartzen dute aterpe.

Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko nahiz kultural anitzeko gazteak nahastu eta, hilabetez, Euskal Herria zentzu zabalean ezagutzera daramatzan esperientzia ahaztezin hau euskaraz bizi dezaten nahi du EuskarAbentura ekimenak.

Bidean, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako leku eta eraikinak bisitatzen ari dira, baita Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalaren adierazle diren beste asko ere: Orreagako Kolegiata, Donemiliaga Kukulako Yuso eta Suso monastegiak, Añanako Gesaltzak, Amaiurko gazteluaren hondarrak, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria; Ekain, Zugarramurdi nahiz Santimamiñeko leizeak; Euskal Kostaldeko Geoparkea; eta Gernikako Juntetxea eta Bizkaia zubia, besteak beste.

Gipuzkoa kostaldean sartu da EuskarAbentura 2022