Gimenokerien ardura

Gimenokerien ardura –

Carlos Gimeno Nafarroa Garaiko Hezkuntza kontseilaria gimenokeriak egiten dabil. Jakina. Horretarako jarri baitzuten hor. Oraingoan Castejongo ikastetxeari ez dio PAI programatik ateratzen utzi eta Mendigorriko gurasoei ez die herrian D eredua ezartzen utzi.

Gimenokerien ardura
Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria, parlamentuan. IÑIGO URIZ / FOKU (BERRIA)

Eta normala denez, halako neurrien aurka gaudenok asaldatu egin gara arras. Aitzitik, ez gara ados jarri gure haserrea norengana bideratu erabakitzerakoan.

Nire uste makalean, zirkulu zentrokideak erabili beharko genituzke gimenokerien erantzukizun politikoak banatzeko.

-Erdi-erdian Gimeno legoke, noski, bera baita berak egiten dituen gaiztakerien erantzule nagusia.
-Zirkulu bat harago Gimeno kargu horretarako aukeratu duen PSN alderdia legoke.
-Hirugarren zirkuluan gimenokeria euskarafoboen babesle ideologikoa sartuko nuke nik: Navarra Suma.
-Laugarren biribilean Nafarroako Gobernuko bertze bi kideak sartuko nituzke: Geroa Bai eta Ahal Dugu.
-Borzgarrenean, Gobernuaren alde bozkatu zuen Izquierda – (ejem) Ezkerra.
-Eta seigarrenean, Gobernuari aurrekontuak ahalbidetuko dizkion EH Bildu.

Eta, zera, laugarren eta seigarren zirkulukoei arduraz jokatzeko eskatu beharko diegu, bai, gimenokeriak gelditze aldera haien eskuetan dagoen guztia egin dezaten. Baina gure dardoaren haserrea dianaren erdiko zirkuluetara bideratu beharko dugu, ez?

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020 otsaialaren 18koa]

Gimenokerien ardura

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.