Gidabaimena

Gidabaimena

Euskaldunak Goenkaleren amaierak pozten dituenak eta negar malkotan jarri dituenen artean banatzen garen bezala, bi dira idazle edo idazlegai motak ere: liburu BAT idatzi nahi dutenak batetik eta, bestetik, (barruan daramaten) liburu HORI idatzi nahi dutenak. Hala zioen XVI. mendean Michel de Montaignek. Geroztik ez da falta izan ordea, pletorikotasun betean eta sinplismo akusazioek kikildu gabe, bereizketa hori egiteko modu alternatiboak proposatu dituen sasi-erudito anbiziotsurik.

Izan ba omen dira idazten dutenak euren aiton-amonek ulertzeko moduan edo halakorik burutik pasa ere egiten ez zaienak, periferiakoak edo zentroaren goxotasunera bildu zaleak, zutabegileak edo hizki bakoitza hurrengo libururako gordetzen dutenak. Badira herri mugimenduetan arituak, gerri mugimenduetan adituak, hitz jokoak maite eta gorroto dituztenak; eta bada, Villa Matasen gisan aipu faltsuak lotsagabeki asmatzen dituztenak eta koadernoetan arretaz kopiatutako aipuak konbentzio literarioek agindu bezala papereratzen dituztenen artean bereizten duenik ere. Eta bereziki, -diot nik ere nire ekarpena egin nahian- badira gidabaimena duten idazle autonomoak, eta garraiobide publikoa txalotu arren, besteen karitateaz eta haien idazletasunaz baliatzen diren gidabaimenik gabekoak.

“Baina motel, egunak daramatzagu familia bazkarietan normalarena egin eta ezaugarri genetikoen arabera gertukoak direnen monologoak jasaten, egun t´erdi eskas geratzen da urtea amaitzeko eta erromantikook asmo handiak ditugu bihar gauerako. Nori axola ote zaio idazleak nolakoak diren? Nori inporta zaio gaur, sekula idazlerik izan den ere?”

Hori pentsatzen ariko zinen akaso, eta hori bera da institutuko irakasle gorrotagarriren bat tarteko literatura etsaitzat duen lagun min batek esango lidakeena. Tira, esan izan didana, antzeko gaietaz aritu izan garenetan. Tira, aritu izan natzaionetan.

Zenbait idazleren gisan gidabaimenik gabekoa da bera ere. Eta jakina da horrek zer esan nahi duen: beste inor engainatzen ez dugunean, urrun xamar dagoen herriko festaren batera joan nahi badugu, niri egokitzen zaidala gurasoen kotxea bahitu eta gidari lanetan aritzea.

Ez pentsa ordea nire eskuzabaltasuna mugagabea denik. Pasa den irailean adibidez, uda osoan zehar gure herrikideak ikusteaz nazkatuta urrutixeago joatea deliberatu genuen. Nora eta uda partean ere inauteri modukoak egiteko ohitura duen herri batera. Kotxea hartu, trapu zaharren armairuaren laguntzaz mozorro modukoa inprobisatu eta hara abiatu ginen eguna argitu eta berehala.

Hurrengo goizean zinemaldian Loreak filma ikusteko sarrera hartua nuen nik ordea, eta aurretik parrandaren timing-a zehatz mehatz antolatua neraman: banekien noiz utzi behar nion edateari, noiz komeni zitzaidan bokadilo azkar bat irenstea, eta batez ere, noiz egin behar nuen, lagunarekin edo gabe, etxerainoko buelta. 

Ordua iritsi zenean, aparraldi betean zen laguna, eta bakarrik geratzearen arriskuez lau edo bost aldiz ohartarazi nuen arren, bakarrik lasai joateko esan zidan, goiz goizeko autobusa hartu edo autostopean jardunda, iritsiko zela nolabait. Txoznako doinu itsaskorretan murgilduta dena ematen ari zela utzi nuen bertan. 

Gerora jakin dudanez, ordubete eman zuen herriko geltokian, hotzez akatzear zela, behingoz autobusa iritsi zen arte. Bistaz ezagunak egiten zitzaizkion pare bat Donostiar omen zeuden bertan, eta horrek lasaituta, lo goxoan murgildu zen txoferrak azeleragailua zapaldu orduko.

autobus

Esnatu zenean, dinosaurioak ez zuen bertan jarraitzen, baina ezta ustez Donostiara zihoan bikoteak ere. Harrituta, baina baita burukominak eta logurak apalduta ere, leihotik begira jarri omen zen. Lautada zabala eta lehorrarekin egin zuen topo, sekula ikusi gabeko poligonoekin, ezagun egiten ez zitzaizkion komertzioen izenekin… Ordulariari begiratu eta kalkulu motelak egin ostean jakin zuen 3 ordu igaroak zirela Donostiarako autobusa hartu zuenetik. “Zer arraroa”, pentsatu zuen. Orduan bai, izerdi hotzaren larritasuna nabaritu zuen poroetan barrena. Hiruzpalau minutuz shock egoeran geratu ostean, ausardiaz bete eta gidariarengana hurbildu zen balantzaka: “Aizu, badakit, galdera arraro xamarra dela baina… nora doa zehazki autobusa?”

Kontatzen duenez, mamut bat ikusi balu bezala begiratu zion, gero, berriro arreta errepidean jarri eta mespretxuz erantzuteko: “A Pamplona, vamos a Pamplona.Y siéntate ya que aquí no puedes estar”. 

Orduantxe, burumakur eta azalpenik ezin topatuta bere eserlekura zihoala, gogoratu zuen aurreko gauak desitxuratutako mozorroa soinean zuela oraindik, lorez egindako lepokoa eta margotutako aurpegi eta guzti. Bi ordu eta erdi beranduago, gosez, azken euroak bueltako tiketean utzita eta lotsa lotsa eginda heldu zen Donostiara. 

Geroztik a zer barreak egin ditugun bere kontura. Horrenbeste non, konponbidea bilatzen ere hasia den. Baina lagunak ez du famatu egingo duen doai azpimarragarririk: ez da San Silvestrea amaitzeko gai, jasan duenak badaki ez duela antzerki edo kanturako balio, eta ez lukete onartuko Gu Ta Gutarraken kastingean ere.

Hortaz, literaturzale aspertua naizela aurpegiratzen didanean, esaten diodan moduan, gidabaimenik gabeko lagunak ez du teorikoa prestatzen hasi edo idazle sonatu bihurtzeko ahalegina egin beste erremediorik. Telebista, egunkari eta abarretan agertu delako-edo ezagutzen dutenean, ez baitzaiobatere kostako edozein herriko irakurle taldean ohelaguna topatu edo autoestopean arrakasta izatea, ez ditu geltokietako hotz ikarak jasan beharko, eta ez da gehiago mozorro lotsagarria soinean duela ezustean Iruñera bidean iratzarriko.

Eta pentsatzen hasita, otu zait, akaso horregatik izango dela, Montaigneren irizpidea jarraituz, gidabaimenik gabeko hainbat idazlek liburu HORI baino, liburu bat -edo asko- idazteko duten joera. Euren gidabaimengabetasunean, ez baitute hara eta hona ibiltzeko idazle fin izatea beste erremediorik. 

Eskerrak beste gehienok, berandu xamar, poltsikoak ederki hustuta eta azterketagilearen miopiaren laguntza estimagarriarekin bada ere, gidabaimena eskuratu genuen.

(Euskadi Irratiko Arratsean saioan irakurritako testua)

Gidabaimena

NIRE KONTRA ESANAK