Gerrialdeak

Gerrialdeak

Galtzak izterretan barrena igotzeko zailtasunak dituzunean, kamiseta estuek azalean dunak marrazten dizkizutenean, medikuak zeure pisu egokitik kanpora zaudela gogorarazten dizunean, ohartzen zara urrun zaudela errealitate fikzionatutik. Izan ere, aldaka zabal xamarrek, ipurdi irtenek, edo izter haragitsuek, maiz, ez dute lekurik plastikozko moldeetan.

GerrialdeakOrain gutxi irakurri nuen, modu anitzetako Barbie-ak merkaturatuko dituztela. Zalantzak ditut funtzionatuko ote duten. Ile hori eta figura estilizatudun emakume zuri ustez liluragarriak miretsi ditugu, orraztu ditugu, jantzi eta erantzi ditugu. Ederrak behar zuten izan gisa bereko mutilekin (bikote heterosexualak beti ere) maitemintzeko; fikzioari errealitate oro KENtzeko.

Txiki ginenetik geure gorputzak (errealak) alderatu ditugu monigote ustez benetako (fikziozko) batzuekin. Nerabezaroan aldakak euren bidea egiten hasi eta bakero estuetatik ihes egindako haragi zatiak bistaratu zitzaizkigunean, lanak izan genituen ezkutatzen. Titiak atera aurretik ipurdi masailak handitu eta taila pare bat igotzean, lotsaz estali genituen lehen aldiz, osorik, aulkiak. Tripetako menditxoa bat izatetik bi izatera igarotzean, buruhausteak izan genituen ispiluaren aurrean arnasari eutsi eta saihets-hezurrak bistaratzen. Geure haragiak miresteari utzi genion, plastikozko gorputz bat mimatzeko.

Orain, modu guztietako (edo gehiagotako behintzat) Barbie-ak aukeran edukiko omen ditugu. Dena den, ziurki kosta egingo zaigu geure buruekin hain zorrotz garen honetan, geure tankerako gorputz moldedun panpina aukeratzea. Edertasuna homogeneizatuta egon da betidanik, moldeak eta itxurak aldatu badira ere. Beti da ederra heterogeneitatearen aldeko apustua egitea, nahiz eta, ez dakidan oraindik bestelako edertasun, gorpuzkera, kolore eta tamainak miresteko gai ote garen.

Lodifobiaren gaia mahai gaineratu da azken egunotan zenbait mediotan, eta ez da harritzekoa. Estereotipo oso zurrunetatik kanpora dauden guztiak (hau da, denok) elkar zigortzen dugu maiz: hark hartu berri dituen kiloak, alboko hari kamiseta azpitik ihes egiten dion haragi zatiak eta hirugarren horri atera zaizkion ipurdiak. Haragiak dantzan jartzen ditugun arte, popak saltoka astindu arte, konplexuak bertute bihurtzeko prest azaldu arte, zail izango da geure tankerako plastiko zatiekin jolastea.

Zenbat ederragoak izango ginatekeen geure buruaz seguru azalduko bagina, biluzik ispiluaren aurrean arnasteko gai izango bagina; geure zein ondokoaren haragiak igurzteak, koska egiteak, heltzeak, asko baitu plazeretik.

Barbie-ak errealitatera pixka bat gehiago hurbiltzea ondo egon liteke. Baina geure itxurako norbait maitatu aurretik geu maitatzen ikastea ez dago sobera.

Gerrialdeak

barbie, estereotipoak, Lodifobia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude