Gernikakoa, haur baten begietatik

guernica1.gif
Gure aita ume mokoa zen Gernikako bonbardaketa gertatu zenean. Orain bera orduan bezain moko diren gure haurrek, ikastolarako eskatu diote konta dezala nola eduki zuen Gernikakoaren berri. Honela erantzun du:

<Ni Felix Etxeberria Larrañaga naiz, 1926-10-24an Elgoibarko (Gipuzkoa) Parapan baserrian jaioa. Beraz hamar urte pasatxo neuzkan Gernikakoa gertatu zenean. Hendaiako ikastolan ikasten duten nire bilobek, Jon Pelik eta Sarak, 9 eta 7 urte dituzte. Parapan baserria Elgoibartik Azkoitira bidean lau kilometrotara dago eta Bizkaia aldeko zati handi bat oso ondo ikusten da, eta horregatik bistaz hegazkinak oso ondo ikusten ziren bonbardaketa egunean. Bonbardaketa baino egun gutxi batzuk lehenago, hegazkinez paperak bota zituzten zer zigor zetorkigun jakinarazten. Parapan baserritik Bilbo aldera begirada zuzendu eta hamar kilometro eskaxera frentea zegoen. Hau da:Bizkaia-Gipuzkoako mugan. Muga horretatik Gernikara beste hogei kilometro daude, gutxi gora behera. 30 kilometro tartean egon arren, Parapandik Gernikako bonbardaketa oso garbi ikusten zen. Durangoko bonbardaketa Gernikakoa baino egun batzuek lehenago, goizez ikusi nuen bezala, Gernikako arratsaldez ikusi nuen. Parapandik Bilbora begira jarriz gero, esan dezakegu ezkerretik, Gasteiz aldetik, azaltzen zirela hegazkinak. Gernikakoan baino hurbilagotik azaltzen zitzaizkigun Durangokoan. Hegazkin batzuek Azkoitia eta Azpeitia inguruan egiten zuten egitura edo formazioa Gernika erasotzeko. Beste hegazkin batzuk itsaso aldera joaten ziren egitura hori hartzeko. Eta ondoren Gernika birrindu eta “gorriek” egin zutela zabaldu zuten. Oso gogoan ditut orduan ikusi eta ondoren entzundakoak.
Badut lagun bat, Bollar izenekoa, Gernika ondoko auzo batekoa dena eta honela kontatzen du berak: “Aita eta bi anaia, soloan lanean ari ginela ikusi genuen hegazkin bat geuregana zuzenean nola zetorren, eta aita konturaturik gaztainondo baten azpira eraman gintuen. Abiadorea bera ere konturaturik, tiro eta tiro egiten zigun hegazkinetik, eta aitak beso tartean harturik, gaztainondoari biraka erabili gintuen, hegazkinetik ihesi. Arbolaren adarrak zarra-zarra tiroz moztuta erortzen ziren bitartean. Tiragomas bat eduki izan banu, pilotuari begiak aterako nizkion, hain baitzegoen hurbil”.
Bonbardaketaren zarata eta kea Elgoibarko mendietaraino zabaldu ziren>.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)