Gernikako Arbola, txikikerietatik gaindi

Gernikako Arbola, txikikerietatik gaindi –

Gernikako Arbola himno edo ereserki gisa proposatzeak eztabaida polita sortu du, batez ere, euskaldunon artean. Interesgarria izan da, benetan, gure artean iritziak errespetuz elkar trukatzeko izan duen ahalmena. Pozgarria, benetan, sortu duen debatea, zentzuzkoa.

Musikari talde sendo batek Manifestua aurkeztu zuen abuztuaren hamabian Iruñean, Gayarre tenore erronkariarraren monumentu aurrean. Manifestu hori www.gernikako-arbola.eus helbidean irakurri daiteke eta, nahi izanez gero, sinatu.

Lehenik, komeni da azpimarratzea Manifestuaren hiru ideia garrantzitsuenak zeintzuk diren. Izan ere, hiru puntu horiei ondo ez erreparatzeak lokaztu baitu giroa:

  1. Proposatzen du lehen estrofa soilik erabiltzea himno gisa, 2. Proposatzen du “Gora ta Gora” eta “Gorteen Ereserkia” bere horretan errespetatzea, eta 3. Proposatzen du Euskal Herria/Baskonia osorako balioko duena izatea.

Egunkari, web orri eta sare sozialetan jaso ahal izan ditudan iritzi gehienak aldekoak izan dira. Hala ere, sumatu ditut zenbait indiferente eta ados ez daudenak ere.

Indiferente horien arabera, orain ez da momentua, ba omen dugu beste arazorik, himnorik ez da behar eta beste zenbait kontu. Euskal imajinarioa eraiki nahi bada, lasaitasunean hartu behar dira zenbait erabaki, eta herri batek, baldin eta bada, izena, sinboloak eta balioak finkatu egin behar ditu. Himnoa sinbolo bat da, eztabaidatu behar den horietakoa; ahal bada, denboraz eta kontsentsura iritsita, askoren arnasa bilduta.

Aurka daudenak hiru motakoak izan dira. Kontserbadoreak, “Gora eta Goraren” alde egin dutenak; gustuko ez dutenak, ez dela nahiko gogorra eta gainera, kutsu erlijiosoa duela diotenak; eta perfekzionistak, himno bati beraiek nahi dutena eskatzea planteatzen dutenak.

Kontserbadoreen postura Iñaki Anasagastik agertu du, bere Deiako blogean “Gora eta Gora” dela euskaldunon himnoa defendituaz. Jakina, “euskaldunon” hitz horretan dago gakoa, ez baita euskaldun guztion himnoa, euskaldun batzuena baizik. Jokamolde honek erakusten du, beste behin ere, euskaldunok gure lurraldearen-lurraldeen denominatiboekin dugun auzia. Zenbait gatazka sorrarazten diguna, lurraldearen semantikaren arazoa konpondu arte desagertuko ez dena.

Ez, “Gora eta Gora” ez da euskaldunon himnoa, euskaldun batzuen himnoa baizik,  Euskadiko Erkidego Autonomikokoa, “Gorteen ereserkia” Nafarroako Foru Erkidegokoa den moduan eta, Euskal Hirigune Elkargoak berezkorik ez duen moduan. Euskal Herri/Baskonia osoak ez du himnorik.

Anasagastik berak aipatzen du, konponbiderako balio dezakeen bideetarik bat. Dio, Venezuela ezagutzen duela eta himno ofiziala “Gloria al Bravo Pueblo” dela, baina badutela bigarren himnoa “Alma LLanera” deitua, beste zenbait lekutan moduan,  eta zergaitik ez den bikoizketa hori hemen ere aplikatzen. Hau da, Euskadiko Erkidego Autonomoan bigarren himno moduan aintzat hartu eta Nafarroako Foru Erkidegoan ere berdin jokatu. Soluzio polita litzateke.

Gustuko ez dutenek Gernikako Arbolak ez dituela ordezkatzen diote. Batzuk diote foruen aldarrikapenean geratzen dela, eta egia da, sasoi horretan euskaldunon aldarrikapen gorena baitzen foruan birgaitzea, izan ere, beste formulazioak gerokoak dira. Historiak ekarri gaitu gaurdaino, lehenago ere gure eskubideen alde borroka egindakoak gara. Historian zehar, Gernikako Arbola kantatzeagatik erailketak, erbesteratzeak eta espetxeratzeak egon dira, gogorra benetan. Zer kantuk du epika hori?

Arrazoi erlijiosoak ikusi dituztenak ere badaude. Jakin dezatela, arbola bat “santifikatu” eta “bedeinkatzea” ez datorrela elizaren ortodoxiarekin bat. Arbola goraipatzea erromantizismotik dator, batez ere, frantsesetik. Natura zuten lehenetsia, gaurko iraunkortasun eta naturarekiko atxikimenduarekin guztiz bat datorrenak.  Iparragirrek, bere sasoiko kantari bezala, orduko hitzak erabili zituen, gaur egun hainbeste aldarrikatzen den ideia azaltzeko. Metafora bat da. Den-denok, zentzu erlijiosoan ikusten dutenak eta ez dutenak, ulertzeko modukoa.

Kantu honek badu handitasuna. Besteak beste, foru-independentzia-asimilazio eta laikotasun-erlijiotasun kontzeptuak gainditzen ditu.

Perfekzionistak era badaude. Bai, baina ez; ondo, baina gaizki; egoki, baina ez nik nahi bezain egoki. Ildo hau Martxelo Otamendik bere Berriako abuztuaren hamahiruko editorialean gauzatu zuen.

Zioen euskal ereserkian, goian aipatu diren “santua” eta “bedeinkatua” hitzez gain, “Jainkoa eta jauna” bost bider errepikatzen dela. Esaldi horrekin nahiko errepikatu den huts bat egiten du, proposatzen den lehen estrofan ez direlako inoiz aipatzen berak aipatzen dituen bi hitz horiek.

Esaten du ere, himnoak XXI. mendekoa izan behar duela. Ikusi beharko litzake gaurko letra eta musikarekin aukeratzen den himnoak ea balioko lukeen hogei, berrogei edo ehun urte barru. Himnoa luzerako da eta denboran luze iraun behar du.

Gernikako ArbolaDio ere ereserkiak izan behar duela modernoa, orotariko berdinzale eta interetnikoa. Agian ez da modernoa, baina arbola baten inguruan bildu eta inter pares, berdintasunean, erabakiak hartzeak gaurkotasunik ez duela esaten duenak ondo argudiatu beharko du. “Eman da zabal zazu munduan frutua” esaldian interetnikotasunaren ideia dagoen moduan.

Horrez gain, esan behar da “zortzikoa” dela, euskaldunon neurri propioa, eta gure nortasunean barneratuta dugunez, oso erraz barru-barrura iristen zaigula. Azken urte hauetan “Gernikako Arbola” ez da gehiegi kantatzen, baina oraindik adin guztietako jendeak entzun du eta kantatu izan du. Ezaguna da Euskal Herri/Baskoniako bazter guztietan, epika aparta du, letra buruz oso erraz ikastekoa, musika gozo eta barnera sartzen dena eta ideologia guztiak biltzeko ahalmena duena. Zer gehiago eskatu behar zaio himno bati?

Neu ere beste ereserki baten aldekoa nintzen hasieran. Baina ikusi nuenean Gernikako Arbolak lortu zezakeen adostasuna, konprenitu nuenean bere epika eta dituen posibilitateak, neure iritzia gorde eta alde jarri nintzen.

Manifestu honen harira, polita litzateke, eskuzabaltasunez akordioak bilatzea, guztiok identifikatuak sentituko garen esparruak adostu eta denon artean hain beharrezko dugun imajinario kolektiboa eraikitzen saiatzea. Luze iraungo duena. Euskaldunok identifikatuak sentituko garena, ideologia guztietatik gaindi, Euskal Herria/Baskonia maite dugun guztiok eroso sentitzeko modukoa izango dena. Horretarako txikikeriak baztertu behar.

 

Gernikako Arbola, txikikerietatik gaindi

Zer duzu buruan “Gernikako Arbola, txikikerietatik gaindi”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude