German, poliziaren bala batek hila

German, poliziaren bala batek hila –

1978ko Sanferminetan poliziak German Rodriguez Saiz ezkertiar ekintzailea erail zuen, 23 urte zituela. El Correok “poliziaren bala batek” hil zuela dio.

Krimen haren erantzuleak ez dira sekula epaituak izan, eta zigorrik gabe jarraitzen dute. Harrezkero urtero-urtero egiten da justizia aldarriai Sanferminetan, aurten bereziki, German hil zuteneko 40. urtemugan -Iruñeko peñen pankarta guzti-guztietan ere oroitu dute-.

Urtemuga borobila dela-eta, aurten hedabide gehienek ere, atzera begiratu eta orduko gertakari latza ekarri dute beraien orrietara. Berria egunkariak atal berezi bat argitaratu zuen uztailaren 1ean, “1978ko sanferminen 40. urteurrena. German Rodriguezen hilketa”, eta bertan, “Grisek itxaropena ebatsi zuten eguna” idatzi zuten Joxerra Senar eta Ion Orzaizek; eta atzo, Santfermins 78: quatre dècades d’un crim d’Estat” idatzi zuen Àlex Romaguerak La Directak eta “40 años del crimen impune de los sanfermines” Constanza Lambertuccik El País egunkarian, batzuk baino ez aipatzearren.

El Correo Españolek ere landu du gaia… bere modura. “78ko Sanferminetako hiru heriotzak” titularraren azpian, bi guardia zibil “asasinatu” zituztela dioen bitartean, “poliziaren bala bati” egozten dio German Rodriguezen heriotza! Berrogei urte eta gero, horrela daude gauzak, oraindik orain, Vocentoko egunkari bizkaitarrean.
German, poliziaren bala batek hila
German, poliziaren bala batek hila