Genero indarkeria eta haurren sufrimendua

Genero indarkeria eta haurren sufrimendua: “Haur galdua” –

Gurasook bizi ditugun egoerek haurrengan dute eragin zuzena. Norberak baieztapen hori modu desberdinean bizi du eta, noski, bere bizimoduaren, sinesmenaren eta aukeren arabera kudeatuko du. Egoera txarrak gainditzeko erabaki irmoa hartzen dugunean, interesgarria izan ohi da, sinesmen eta kanpotik esaten diguten horretatik gure eraikuntza egin eta, askotan mingarria bada ere, egoerak aldatzen saiatzea.

Emakumeen kontrako indarkeria etengabeko presioa da. Gure sentimenduak, gorputzak eta espazioak uneoro daude mugatuak. Botere harreman bortitz honen presentzia bizitzaren esparru guztietara zabaltzen da eta erantzuna zein iraultzea espazio guzti horietatik etorri behar da. Beraz, guraso bezala, zer egin? Erantzuna adina buru daude baino gakoetako bat etxeetatik, hezkuntzatik, komunitateetatik iraultze prozesu hauek praktikan jartzea da.

Genero indarkeria eta haurren sufrimendua: "Haur galdua"
Besarkada.

Hau da Haziaken baitan egin nahi izan duguna Oiartzungo herrian bertako 6 eta 12 urte bitarteko haur talde batekin. Genero indarkeria eta haurren sufrimenduaren gaia azaleratu dugu denon artanHaur Galdua marrazki bizidunak sorkuntza prozesuarekin. Dinamikak haurrekin egin dira baina marrazki bizidunak sortzeak komunitate osora zabaltzeko aukera eman digu lanketa herrira zabalduaz. Gaia bere osotasunean gogorra eta sakona da, haurrek segituan identifikatu dituzte patroiak, biolentziak eta sufrimenduak elkarlanean burututako dinamikan.

Botere harreman bortitz hauek, edo bestelako batzuk, ezin dira isilpean, etxean gordeta eduki. Azaleratu egin behar dira irauli ahal izateko, hauek ez baitira gertaera isolatuak, biolentzia hau estrukturala baita eta erantzuna guztion ekarpenen eskutik etorriko da. Gure kasuan hezkuntza ez formala, haurren parte hartzea eta erantzun komunitarioaren testuinguruan kokatzen da eta oinarrizko lanabesak ahozkotasuna, kultur aniztasuna, irudimena, trazuak eta hizkuntza izan dira (ikusi Ipuinak batu dituzten bi aldeak erreportajea). Helburuak ugari daude baina hemen nabarmendu nahiko genukeena emakumeenganako eta bere inguru kuttun hurbilenganako biolentzia matxista normalizatua da.

Ekarpen xumea da artikulu hauetan aurkeztu duguna. Norbera bere inguru eta esparrutik aldaketak eragiten hasteko tenorea da. Eta guraso bezala zer? Hasieran aipatu bezala hamaika gauza egin daitezke baina, zergatik ez etxeetan gizonek beraien pribilegioetan fokua jarri eta horiek zalantzan jartzen hasi? Edo “arruntak”, mingarriak zein zapaltzaileak diren egoeren atzean zer dagoena hausnartu eta aldatzen saiatu? Zergatik ez haurrei bere iritzia eta sentimenduak adierazteko espazioak sortu? Boterean eraikitako harremanak eta sistema aldatzeko garaia da, iraultza horren parte izan nahi al duzu?

Nora Barroso eta Nekane Martiarena

Ekintzaren fitxa orokorra:
“Haur galdua”: Marrazki bizidunak
Sorkuntza prozesua: Laburpen bideoa
Haur galdua kondaira: Oiartzunen ahoz transmititutako istorioa, Sorginen liburuan jasota (Oiartzungo Udala, 2011)
Parte hartzaileak: Oiartzungo haurrak, Haziak, VEDI, Oiartzungo Abaraxka ludoteka
Gaztelerazko bertsioa: ‘Haur Galdua’ marrazki bizidunak gaztelerazko azpitituluekin

.

Testu hau, jatorrian, GURASO.eus atarian argitaratu da.

Genero indarkeria eta haurren sufrimendua: “Haur galdua”

Haziak, disziplina eta entitate anitzeko egitasmoa da, gizarteko partaideen arteko elkarbizitzan harreman desorekatuak eta botere harremanak iraultzea du helburu. Elkar bizitza osasuntsua elikatzeko asmoz barne eraikuntzan zein kontzientzia kolektiboan oinarritutako dinamikak gauzatzen dira. Bertan, hezkuntza formala, hezkuntza ez formala eta herritarren arteko zubiak eraikitzen dira.