Genero-berdintasunean hezi

Genero-berdintasunean hezi –

Genero-berdintasunean heziAzken urteetan, genero-berdintasunaren aldeko gizarte-mugimenduak areagotu dira gizartean. Egoera hori kontuan hartuta, irakaskuntzan funtsezkoa da Haur Hezkuntzatik haurren heziketan genero-berdintasunezko hezkuntza garatzea. Izan ere, haurtzaroan aurreiritzirik gabe daude haurrak eta berdintasunean oinarritutako balioak barneratzen dituzte errazago. Horrenbestez, genero-ikuspegia duen berdintasunezko irakaskuntza ezartzeak eragin eraginkorragoa du haurren garapen eta heziketa prozesuan. Nahiz eta genero-berdintasunerako bidean aurrerapauso handiak eman diren hezkuntza arloan, gizartean egoten diren portaera sexistak erreproduzitzen ditu. Hortaz, helburua izan behar da munduko edozein gizarteko kultura patriarkalak sortutako genero-joera eta estereotipoak deuseztatzea ikasgeletan eta ikasgeletatik kanpo. Izan ere, kultura patriarkalean, emakumea bigarren mailan geratu da, eta gizonek eta emakumeek rol zehatzak dituzte, haietatik espero dena eta egin dezaketena eta egin ezin dutena zehazten baita hainbat jardueratan.

Gaur egun eskoletan ezarri behar den proposamen pedagogikoa teoria feministak egindako berdintasun aldarrikapenari erantzuna emateko garatu behar da. Berdintasunak eta genero-ikuspegiak historikoki gizarteko eremu askotan emakumeen ordezkaritza eskasa eta genero-rolak baztertu eta emakume eta gizonen arteko aukera-berdintasuna sustatzea du helburu. Horretarako, onena izango litzateke hezkuntza curriculumean, zeharka, ikasgeletan irakasgai bakoitzean egiten den jarduera bakoitzean, genero-ikuspegia kontuan hartzea. Horrenbestez, haurretan ohartarazteko mutilak eta neskak eginkizun, betebehar eta eskubide berak dituztela. Hortaz, ikasgeletan garatu beharreko estrategiak premisa hauetan oinarritu behar dira: haurren jolasen, funtzioen edo koloreen artean bereizkeriarik ez egitea, talde-lanetan edo jolasetan hartzen dituzten rolak berdinak izatea; horretarako rol-aldaketa ugaria izan behar da. Gaineratu behar da eskola-materiala berdintasunaren helburuetara egokitu behar dela eta hizkera ez-sexistaren erabilera barneratu     behar du.

Bestetik, genero-berdintasuna ikasgelatik haratago garatu beharra dago. Benetako genero-berdintasuna lortzeko, matxismoa eta sexismoa baztertzeko eta emakumeenganako indarkeria saihesteko helburua izan behar du. Horretarako, ezinbestekoa da gurasoen eta erakunde ezberdinen partaidetza. Adibidez, haurren eskolaz kanpoko jardueretan edo kirol-praktiketan berdintasuna sustatu beharra dago. Ez bakarrik kirol mistoaren bidez, baizik eta emakumeek praktikatzen dituztenak balioan jarriz. Ohartarazi behar da ere genero-berdintasunak kontuan hartu behar dituela bestelako esparruak. Esaterako, etxeko-lanak edo soldata-arrakala. Era horretan haurrak ohartuko dira gizartean gizon edo emakume izateagatik betebehar eta eskubide berak izan behar ditugula eta ez zaizkiela ezarri behar gizarte- eta genero-rol jakin batzuk.

Bukatzeko, haurrak genero-berdintasunean heztea ezinbestekoa da gizonen eta emakumeen arteko berdintasun erreala lortzeko eta hainbat estereotipo desagerrarazteko. Hezkuntza-maila oinarrizkoenetatik hastea funtsezkoa da berdintasunezko printzipioak finkatzeko. Baina funtzio hori ez da bakarrik irakasleena izan behar, hezkuntza-komunitate, guraso eta gizarte osoarena baizik. Haurtzarotik irakatsi behar dira genero-berdintasunezko printzipioak, oraindik ez baitago haurraren eskema mentalean gaur egungo gizartearen ikuspegi patriarkala eta errazagoa da haientzat genero-berdintasunezko ideiak barneratzea; besteak beste, estereotipo edo genero-rolekin amaitzeko.

Genero-berdintasunean hezi

8 pentsamendu “Genero-berdintasunean hezi”-ri buruz

  • Alpargatero 2022-05-06 13:55

    “oraindik ez baitago haurraren eskema mentalean gaur egungo gizartearen ikuspegi patriarkala eta errazagoa da haientzat genero-berdintasunezko ideiak barneratzea; besteak beste, estereotipo edo genero-rolekin amaitzeko”

    Hau da, genero-katekesia txiki-txikitatik txertatu behar diegu beren burmuin bigun eta moldagarrietan, ea desaktibatzen ditugun beren kaxa pentsatzeko eta ideia propioak izateko gaitasuna eskuratu baino lehen, bestela, matxinatu egingo zaizkigu-eta. Izan ere, hala geratzen omen zaie, askotan, institutuetara “heteropatriarkatuaren” aurkako diskurtso haluzinogenoarekin joaten diren aktibistei.

  • Amonamantangorri 2022-05-06 14:14

    Erabat ados.
    Beraz, birpentsatu eta atzera bota beharko dira egun ofizialki indarrean dauden hainbat eskuliburu eta protokolo, non, besteren artean, esaten baita:

    “Talde bateko tutoreak edo irakasle-taldeko beste edozein kideak badira antzematen
    dutenak ikasle batek behin eta berriz izaten dituen JOKABIDEEK adieraz zezaketela haren IDENTITATE SEXUALA ez datorrela bat jaio zenean, bere genitalen arabera, ESLEITU ZITZAION SEXUAREKIN, edo bere sexuaren arabera, gizarteak espero duenarekin bat ez datozen GENERO-PORTAERA batzuk izaten dituela, honela jokatuko da:
    • Irakasleak edo tutoreak HORREN BERRI EMANGO DIO ikastetxeko Zuzendaritza Taldeari.
    • Zuzendaritza Taldeak diskrezioz jasoko du egoerari buruzko informazio osagarria,
    eta informazio hori erkatuko du, tutorearekin eta irakasleekin eta irakasleak ez diren gainerako langileekin.
    • Tutoreak baloratuko du, Zuzendaritza Taldearekin batera, komeni den ala ez
    ADINGABEAREKIN HITZ EGITEA haren egoeraz.
    • Tutoreak, Zuzendaritza Taldearekin batera, adingabearen legezko ordezkariekin batzartuko da, antzemandako egoeraren berri emateko, eta egoera hori erkatu eta baloratzeko”.

    Hau da frankismoko Escuela Nacionalen zebilen homofobia eta misoginia berbera, baina oraingoan diskurtso abangoardiako eta aurrerakoiean bilduta.

  • Alpargatero 2022-05-06 14:34

    Horra hor, Mantangorri, oraingo genero-ideologiaren ezaugarri nagusietako bat; guztiz irrazionala denez, bost axola kontraesan nabarmenenetan erortzea ere; diru publikoaren errape agortezinetik hornitzen jarraitzen duten bitartean, aurrera!

  • Berdintasuna nahi dugu baina gero haur Jaio berriei, neskei soilik, belarritakoak jartzen dizkiegu mutiletatik bereizteko.

  • Amonamantangorri 2022-05-06 15:09

    GENERO ditxosozkoari buruz:

    Erakunde feministetako buruzagi batzuek berek kontatu izan dute, noizbait otu zitzaiela “genero” terminoa noiznahi eta nonahi erabiltzea, itxura neutroagoa eta apolitikoagoa zeukalakoan. Halaxe, Politika feminista > genero-politika, indarkeria matxista/sexista > genero-indarkeria, gizon-emakumeen arteko berdintasuna > genero-berdintasuna eta hola esaten hasi ziren.

    Hura erabaki zutenean, inondik ere ez zitzaien bururatuko, urte batzuk geroago, “GENERO” hitza erabiliko zenik halako “norberaren identitate sortzezko eta inkuestionablea” izendatzeko. Are gutxiago, legeetan eta irakaskuntza-protokoloetan egongo zenik.

    Feminismoarentzat generoa ez da “identitate” edo “adierazmodua”, baizik sistema bat: sexu bakoitzari (BI dira, eta ez dira “esleitzen”!) inposatzen zaion rol, estereotipo, betekizun eta abarren multzoa da generoa. Feministek generoa abolitu nahi dute.

    Beraz, haietako feminista beteranoak orain gomendio bat zabaltzen ari omen dira: EZ esan gehiago “genero”. Gaur egun, termino horrek gauzak argitu baino, ilundu eta nahasi egiten ditu eta.

  • Zer esan nahi gizonezkoa edo emakumezkoa izateak?
    Gai zeharo korapilatsua da, sufrimentu eta ez jakintasun asko dago gai honen inguruan. Argi dago debate hau luzerako doala datozen urteetan agenda politikoa markatuko duela.

  • Amonamantangorri 2022-05-06 18:42

    “Zer esan nahi gizonezkoa edo emakumezkoa izateak?”

    Gizonezkoa eta emakumezkoa dira, hurrenez hurren, homo sapiens sapiens espezieko arra eta eme helduak. Ez da hain korapilotsua.

    Ezjakintasuna dago, bai. Ikaragarria, batez ere korronte ideologiko eta antizientifiko jakin bati ematen ari zaion ospe eta oihartzunarengatik.

    Sufrimendu handia dago, bai, eta egonen. Izan ere, milaka gogo-gorputz frustratu, elbarri eta lur jota espero dira datozen urteetarako.

  • Ze ergelkeria mailatara iristen ari garen ikusita, ni genero, sexu-bereizketa eta gainerakoak ezabatzearen alde; denok pertsona, eta kitto.
    Hortik aurrera, bakoitzak ordain ditzala bere kapritxoak, eta alda ditzala bere gorputzean gustatzen ez zaizkion gauzak, beti ere, adin batetik gora.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude