Ikerketa-erakundeetan genero-berdintasuna bultzatzeko

Ikerketa-erakundeetan genero-berdintasuna bultzatzeko Europako 30 aditu elkartuko dira Bilbon hiru egunez

Bilbao Berrikuntza Faktorian izango da Europako ikerketa-erakundeetan genero-berdintasuna bultzatu eta bermatzeko PLOTINA egitasmoan hiru egunez egingo den topaketa. Europako zortzi herrialdetako hamar erakundetako adituak bilduko dira uztailaren 18tik 20ra, ikerketa garatzen duten erakundeetan berdintasun-planak inplementatzeko metodologia bat garatzea helburu. Elhuyarrek antolatu du topaketa, proiektuaren lantaldean berdintasun-aholkulari izateaz gainera. Topaketaren egoitza Mondragon Unibertsitatearena da, egitasmoaren beste euskal kidearena.

Ikerketa-erakundeetan genero-berdintasuna bultzatzeko2016. urtearen hasieran abiatu zen PLOTINA proiektua (Promoting Gender Balance and Inclusion in Research, Innovation and Training), eta hiru urtez jardungo dute estrategia berritzaile eta jasangarrien bidez, ikerketa-erakundeei neurrira egokitutako berdintasun-planen garapena, ezarpena eta ebaluazioa egiten. Europako zortzi herrialdetako zenbait ikerketa-zentro, unibertsitate, elkarte profesional eta proiektuaren garapenaren jarraipena eta horren zabalkundea egiten espezializatutako kide partzuergo batean elkartu dira horretarako, tartean, Elhuyar, berdintasun-aholkulari gisa.

Europako ikerketa-zentroen dibertsitatea islatzen du partzuergoak, bai eta Europako giro sozial eta kulturalen dibertsitatea ere.

Ikerketa-erakundeetarako berdintasun planak garatzera iristeko, ezinbesteko hiru alor hauek lantzea dute helburu: batetik, generoaren ikuspuntua kontuan hartzen duen kultura-aldaketa bat eragin; bestetik ikertzaileen, eta, batez ere, emakume ikertzaileen, garapen profesionala bultzatzeko ekimenak bideratzea, talentua alferrik gal ez dadin, eta, azkenik, bai ikerketan bai irakaskuntzan ikuspuntuak eta metodologiak dibertsifikatzen direla bermatzea, kasu honetan, genero- eta sexu-dimentsioa eta analisia kontuan hartuta.

Helburu horiek guztiak barne hartuko dituen metodologia garatzeko bidea lau etapa orokorretan banatu dute: partzuergoko kide diren ikerketa-zentro eta unibertsitateen egoera aztertzea; bakoitzerako genero-berdintasunerako plan bat diseinatzea; berdintasun-planeko helburuetara iristeko ikerketa-zentro kideetan ekintzak diseinatu, inplementatu eta ebaluatzea, eta, azkenik, Europa osoko ikerketa garatzen duten erakundeek erabiltzeko moduko baliabide-plataforma bat sortzea, nork bere egoerara egokitutako genero-berdintasuneko planak diseinatu ahal izateko.

Urte honen amaierarako diagnostikoak eginda izatea aurreikusi dute, 2017ko martxorako berdintasun-planak diseinatu ahal izateko. Hortik aurrera, zentro eta erakunde desberdinetan inplementatuko dituzte, eta, hala, aukera izango dute esperientziak partekatzeko, elkarrengandik ikasteko, hobetzekoak identifikatu eta metodologiak egokitzeko eta abarrerako.

Hala, PLOTINAk lagunduko du emakume ikertzaile gehiago egon daitezen, haien ikertzaile-ibilbideak bultzatzen, eta generoaren dimentsioa ikerketaren diseinuan, ebaluazioan eta exekuzioan txertatzen, kalitate eta garrantzi handiagoa izan dezaten, horrek, aldi berean, berrikuntzen bikaintasuna eta gizarte-balioa bultzatzen baitute.

Honako erakunde hauek osatzen dute PLOTINA proiektuaren partzuergoa: Boloniako Unibertsitatea (Italia) proiektuaren koordinatzailea,Warwickeko Unibertsitatea (Erresuma Batua), Mondragon Unibertsitatea (Euskal Herria), Instituto Superior de Economia e Gestao (Portugal), Kemijski Institut (Eslovenia), Ozyegin Universitesi (Turkia), Zentrum fur Soziale Innovation GMBH (Austria), Jump Forum (Belgika), Centro Studi Progetto Donna e Diversity MGMT (Italia), eta Elhuyar (Euskal Herria).

Ikerketa-erakundeetan genero-berdintasuna bultzatzeko

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.

2 pentsamendu “Ikerketa-erakundeetan genero-berdintasuna bultzatzeko”-ri buruz

  • Emakume hutsez osatutako berdintasun-plana bultzatzeko taldea?
    Herrena guztiz. Bermerik gabea

    • Barregarria.
      Hortaz gain, zientziaz ari direla eta, zertan oinarritzen dira zientzietan lan egiten duten emakume kopurua gizonen bera izan beharko litzatekeela sinesteko?
      Zientziak dagoeneko argi erakutsi ditu gizonen eta emakumeen arteko desbertintasun biologikoak badaudela. Adibidez, neskato jaioberriek pampinak eta pertsonen antza duten jostailuak nahiago dituzte, eta mutikoek, berriz, kamioiak eta jostailu mekanikoak.
      Aukera berdintasuna bermatu beharra dago, eta dagoeneko bermatuta dago mendebaldeko herrialde gehienetan. Aukera eman eta gero, nork bere bidea hartu behar du. Erizaintzan, giza baliabide departamentuetan eta abar gizonak gutxiengoa izango dira, gaur eta 20 urte barru. Ingenieritzan eta zeinbait ikerketa arlotan, alderantziz izango da. Hau ez da arazo bat, generoen batazbesteko desberdintasunen ondorioa baizik. “Berdintasuna” (zientzian bai, zabor bilketan ez noski) inposatu nahian lortuko duten bakarra konpetitibidadea galtzea izango da.