Gaztetxeei buruzko lau zertzelada

Gaztetxeei buruzko lau zertzelada

Azken bolada honetan, barra-barra aditzen ari garen albisteen kariaz, autogestioaren legitimitateaz eta okupa mugimenduaren demokraziaz zertzelada pare bat ematea deliberatu dut. Izan ere, zeharo desinformatuak  ikusten zaituztet. Nora ezean. Segur aski medio sektario eta alderdikoiek manipulatuagatik. Panfleto horiek kontsumitu beharrean GARAren gisako medio inpartzial, objektibo eta zorrotzak irakurri izan bazenituzte, autogestioaren ontasun gorenak zein diren jakingo zenituzketen.

Bada, hasteko eta behin, zer da autogestioa? Autogestioa da jendartea zigortzen duen sistema kapitalista kontsumista neoliberal heteropatriarkatu hiltzaile itogarri indibidualista burges androzentrista suntsigarri heteronormatibo adultozentrista inperialista zapaltzaile basati honen hegemoniari, jendarteko indibiduo libre feminista antikapitalista internazionalista intsumiso antimilitarista ekologista iraultzaileok, auzolanean kapitalaren morroiei planto eginez eta bizimodu jasangarri, kooperatibo eta alternatibo bat posible dela erakutsiz, hortzak erakutsi eta herria ahalduntzeko aurrera daramagun egitasmo parte hartzaile eta subiranoa. Edo gure etxean esaten den bezala: norberari sudur puntan jartzen zaiona egitea.

Agidanez, autogestioa demokraziaren gailurrean kokatzen baita. Horregatik du, bitxia bada ere, munduan dauden legitimitate guzien artetiko legitimitaterik legitimoena.Hala, herri batean pertsona bakar bat bada autogestionatzen duena, horrek, erabateko legitimitatea du autogestioa burutzen duen momentu beretik aurrera, herri osoaren gainetik, sudur puntan jartzen zaiona egiteko.  Aski da autogestioaren legitimitateak babesten zaituela esatea gainontzekoen zergen bidez ordaindutakoak debalde jasotzeko; musu-truk.

Gauzak horrela, goazen autogestioaren tontorrik gorenera; euskal gizarteari eta euskal emarteari, alegia, euskal jendarteari, esker ehundutako egitasmo kooperatibo autogestionatu eder eta perfektuenera: Gaztetxea. Hitzak dioen moduan, gazteen etxea baita. Herriko gazte guzien etxea; den-denena, inongo salbuespenik gabe. Hori dela eta, egon ohi da beti gaztetxeko leihoan zintzilik presoen banderola,  eta sarreratik sartu eta ezkerretara, 10×10 neurriko mural eder  bat, herriko preso bakoitzaren aurpegiaren marrazkiaren azpian MAITE ZAITUZTEGU handi batekin, aurrerago, PNV AKATU dotore batez hornituriko sala garbi eta txukuna, zakarretatik ateratako lau besaulki zorritsurekin. Eta haietan gazte batzuk sofan boteak heteronormatibitatearen arau androzentristei buruz hizketan. Pixka bat aurrerago, gela handi bat. Eta barrenean, hiru lagun gutxienez egunkari bateko inprenta baino handiagoa den makina fotokopiagailu baten inguruan hurrengo egunerako kartelak inprimatzen —ematen dutena baino kartel gehiago dira gero!—, eta ondoan, beste bi lagun ALDE HEMENDIK! jartzen duen pankarta bat margotzen, eta kanpoan, gaztetxearen aldean, baratza eder landu emankor bat: lau marihuana landare, perrexil zimel bat eta bi aza-hosto ihar.

Nabari denez, gaztetxea gazte guziak gustura sentitzeko egina da, sentsibilitate oro kontuan hartuz kontzienteki pentsatua. Hori da, zinez, herriko gazte guziak egunero gaztetxean egoteko arrazoia; barra-barra, gainezka egoten da, maiz ezin izaten da sartu ere: gaztetxeek gazte guzien desioak asetzen dituztenaren seinale. Demokratikoa zinez.

Haatik, egon badago herriko friki pare bat gaztetxera etortzen ez dena. Oso gutxi dira, lau katu. Horiek lokala hartzen dute gaztetxera etorri partez, alajaina! Ez esan friki ergel babo mozoloa izan behar ez denik lokala pagatzeko! Zeinek egiten du hori gaur egun, autogestioaren mendean? Kaikua izan behar da, bai, deus pagatu gabe —ez eta ergirik ere!— gaztetxean egon beharrean lokal bat alokatu eta txintxo-txintxo, hilero, kapitalaren morroiei men egiteko. Neoliberalismoaren atzaparretan eroritako mukizu tentelak!

Guk, izan ere, gaztetxeetan, ez da ez dugula deus pagatzen, baizik etekinak ateratzen ditugu, autogestioaren izenean beti ere. Diruz larri gabiltzanean kontzertutxo bat antolatu —bada ez dakit, edozein taldetxo xume: Berri Txarrak, Esne Beltza edo Manu Chao— eta saltzen dugun kalimotxo eta garagardo ekologiko jasangarri naturalarekin aurrezkitxo batzuk lortzen ditugu. Gu baikara gazte mobilizatu bakarrak. Antola ditzatela beste burgestxo desmobilizatu horiek haien lokaletan guk antolatzen ditugun kontzertuak, alajaina!

Horrez gain, mundu guziak jakin badakienez gaztetxe baten diru-sarrera gorenak herriko festetan izaten dira. Lan asko egiten dugulako? Gazte adeitsuenak garelako? Izan zatekeen, baina ez: txosnen monopolioa guk daukagulako. Sistema kontsumista kapitalista burges neoliberal basatiak sustatzen duen konpetentzia librearen aurka baikaude gu. Merkatu libreari sua! Kapitalari sua! Horregatik, komunista onenen gisan monopolioa sustatzen dugu. Herri honetan ez da gaztetxorik egongo Euskal Herriko festaren batean gure gaztetxeetako diru-kutxa gizendu ez duenik kalimotxo txar baten truk. Eta jakina, gure monopolioa kuestionatzen duenari abisutxo bat edo beste ematen diogu, autogestioan hain ikasiak diren mafien pare. Galde iezaiozue Antiguan gure txosnak zikintzen saiatu zen ATAko gazteari, kar-kar.

Begi-bistakoa da, gainera, gure autogestioaren eredu ezin hobea egiatan efikaza dela. Izan ere, zuen sistema kontsumistaren oinarriak kitzikatzen baititu. Hagatik, gu suntsitzea da zuen aterabide bakarra. Hala egin zenuten Kukutzarekin eta hala egin zenuten Kortxoenearekin; peneuvetiar ultraneoliberal krudel basatiak! Eta orain Errekaleor suntsitu nahi diguzue, familia osoak kalean utzi nahi dituzue ez dutelako beste herritarrek ordaintzen dutenik ordainatzen! Faxismoa! Kapitalismo espekulatzaileari sua! Eskerrak egon badagoen zuen sistema ustel horren baitan kosk egiten dizuen EH Bildu koalizio independentista ekologista feminista sozialista internazionalista. Haiek dira gu defendatzen gaituzten bakarrak: Kukutzan egin zuten bezala, eta Kortxoenean egin zuten bezala, eta Iruñean egin zuten bezala, suntsitu zutela Alde Zaharreko Gaztetxe autogestionatua. Gora Asiron, herriaren adiskide leiala! Eta Urtaran akatu, gune autogestionatuen etsai neoliberal sutsua!

Gaztetxeei buruzko lau zertzelada
Gazte ugari, Iruñean, Asironen erabakia goraipatzen.
Gaztetxeei buruzko lau zertzelada Gaztetxeei buruzko lau zertzelada Gaztetxeei buruzko lau zertzelada
autogestioa, Errekaleor, ezker abertzalea, gazteak, Gaztetxeak

23 pentsamendu “Gaztetxeei buruzko lau zertzelada”-ri buruz

  • euskaldun bat 2017-05-28 09:22

    Hau da hau egia sarta! XD

  • euskaldun bat 2017-05-28 09:25

    Gizarte eta emartearen pasartea latza izan da. Hainbeste jendarte eta hainbeste txotxolokeri

  • Eta zer egingo dugu ez bazaigu gustatzen zuek hain maite duzuen sistema petral hau? Isildu eta herritar txintxo izan? Ba ez, lanean jarraituko dugu zuen gizarte eredugarria lurrarekin berdintzeko, ahal dugun neurrian, pitzadura txikiak eginez baino ez bada ere. Zuek jarraitu gezurrak esaten, biolentzia demokratikoa erabiltzen, –gurea ez-demokratikoa da, jakina–, txakurrak bidaltzen, ea inoiz lortzen duzuen disidentzia desagerraraztea.

  • Horrelako idakzi bat hasieratik bukaerara irakurtzea denbora galtzea da, zenbat memelkeri, babukeri, asmakizun…. hori da autogestioa?Ustet idaleak ez dakiela. Kar kar. Tamalgarria ez hurrengoa.

    • Parodia bat zer den ba al dakik? :'(

      • Ez da parodia bat, klixez eta gezurrez betetako propaganda da, kaka-nahastaile.

        • Gezurra da ba autegestioa gainontzeko herritarron kontu egiten dutela? Zer pribilegio klase ote da etxe bat okupatzea? Aurpegia galanta!

          • Zu lakoen problema da uste duzuela denen ekintzen atzean lukurua eta abantaila lortzeko grina dagoela. Zuon mentalitateak ezin du funtzionatu parametro horietatik kanpo, horregatik bertan goxo zaudete zuon miseriaren neurrira eraikitako gizarte honetan.

    • Zer da autogestioa Suagaar? Irrikitan gaude jakiteko!!

  • A ze hitz jario zentzugabea, irakurtzeko oso astuna. Parodia eta txarra, hori bai idazleari bere arazo pertsonalak arintzeko balio badio ba aurrera!!

  • Ze triste, bai tristea, gezurrak esan, jendearen lana doañik iraindu eta estereotipo merkeez kritika krudela egitea. Autogestioak eta gaztetxeek 1000 kontraesan izango dituzte, ditugu, zalantzarik gabe, baina erosotasuna une batez babestu eta siniste duzun horregatik lan egitea beti da txalogarria.

    Nire uste apalean, irainaren bide erraz eta merkea hartu duzu, idazten duzun horrek presentzia/polemika izan dezan, nahiz eta hau tristea izan, bai, tristea.

  • Kukutza:Lan kulturala ta soziala auzi batean, rokodromoa zun, dantza eskolak jatetze veganoa, zirku eskola, musika jotzeko lokala, antzerkia, liburutegia, emanaldientzako gela, kontzertuak, serigrafiazko tailerrak…. denontzako irekia ta gestio parte hartzailearekin.
    Jendeak arropa, liburuak… eramaten zitun ta gero dohainik hartu ahal ziren….
    Egunero ehundaka pertsona joaten ziren Kukutzara zeozer egitera, ta horela 13 urtez egon ziren eraikina txukunduz, ondo kontserbatuz…..
    Ta auzo hortan aktibitatea hoiek guztiak egiteko, Kukutza zegoen bakarrik.
    Errandakoa, memelkeri bat bestearen atzetik.

    • Oso errelato polita, baina dena ez da hain eder bizi hontan. Okupatutako jabetzari ematen zaion erabilera ezin da inoiz legea gainditzeko justifikazio izan. Ez dakit zuri zer irudituko litzaizuken, Suagaar, neroni bihar zure etxean sartu eta liburutegi eta rokodromo ederrenak egingo banitu. Akaso, diozunez, zure etxetik joan eta zure etxean auzo guztiarentzat den liburitegia egiten utziko zenidake, legitimoena denez gero. Eta hala balitzake, munduak horrela funtzionatuko balu, zure legitimitateen arabera, ez luke inork etxerik erosiko, ezpailioke inorrek etxea berea denaren segurtasunik emango. Interesgarria litzateke zure helbidea hemen jartzea, Suagaar, errekaleor/kukutzaren ezpalekoek hurrengo liburutegi aparta non jarri jakin dezaten.

      • Zuk egiten duzu propietate pribatuaren defentsa erabateko eta santifikatua, eta askok ez dugu onartzen ikuspegi hori, nahiz eta legea alde duen, zeren legea eta justizia maiz ez datoz bat, are kontrakoak dira, eta historian ezagupena lortu duten eskubide asko legea borrokatzetik heldu zaizkigu. Ez da gauza bera bizileku lehen eta/edo bakar den etxebizitzaren eskubidea urratzea –zuok txakurren laguntzarekin egiten duzuena– edo espekulaziorako erabiltzen diren orube, pabiloi eta etxeak abandonutik errekuperatu eta herritarrei –nahi duten herritarrei– zerbitzu ez-komertzial bat emateko erabiltzea. Arrazoia ematen dizuen gauza bakarra zipaioak eta gainontzeko polizi jendilajearen indarra alde izatea da, baina balio etikoaren eta justiziaren perspektibatik euli-kaka baino ez zarete.

        • autogestioa, bai noski. 2017-05-29 12:35

          Oso duina da autogestioaren kontu hau.
          Baina nik enpresa bat/taberna/ileapaindegi sortzen badut… zera, nik autogestionatuko dut edo norbaitek egingo du nire izenean???

          Okupazioaren alde daudenek, zer esango lukete haien gurasoen etxe bat, aspaldian joan ez diren horretara, norbait joan eta okupatuko balu?

          • Zenbat holako kasu ezagutzen dituzu? Kaka esplikatu barik, mesedez. Gaztetxeen mugimenduaren aldekoak tipologia jakin bateko eraikinetan sartzen dira, ez inoren gurasoen bigarren etxean. Informa zaitez apur bat eta gero eman iritzia, ez errepikatu loritoek bezala hortik entzundako lelo demagogikoak. Bueno, esan popak ematen dizuna.

        • Aizu, baina zergatik da desberdina etxe partikular batera sartzea eta enpresa baten etxe huts batean sartzea? Enpresari batek ez al du eskubiderik zure balioen taulan? Agian uste duzu enpresariek ez dutela eskubiderik jabetza pribatua izateko. Ondo da, ken diezaiegun jabetza pribatua. Denok enpresen etxe hutsetan jarriko gara, eta horrela denok inposturik paagatu gabe biziko gara sistema hontatik kanpo? Ui, ezin dela? Ba nosko ezetz, batzuk aurogestionatu daitezen beste batzuk beren inpostuak pagatu behar dituzte eta.

      • propietarioa 2017-06-02 14:22

        propietatearen jabe izateak eskubide eta betebeharrak dakartza, ez eskubideak bakarrik. zu pertsona/animalia baten orduradun izanda izaki horrekiko betebehar batzuk dituzu: osasuntsu mantendu, zaindu, elikatu… eta eskubideak ere: hezitzeko era egokiena aukeratu, elkarren konpainiaz gozatu edo extabereen kasuan etekinak atera. Etxeen jabe izateak aldiz ondoko betebeharrak dakartza: etxea baldintza onetan mantentzea, zergetan eguneraturik izatea… Etxe baten jabeak betetzen ez dituen eskubide guztiak gizartearen eta bertako norbanakoen eskubideen kontra doaz (zure kontra ere kapitalismoaren fededun). Espekulazioak prezioak igo eta errua inmigrazio masiboari bota, inpostuak ez ordaintzeagatik dirurik ez dago eta errua pobreena da laguntza gehiegi jasotzeagatik. Okupazioa kapitalismoaren azpiproduktu bat da, baina noski errua okupena da

  • Autogestioa eta okupazioa hitzek ez dute balore kualitatibo propiorik. Lur-jabego baten okupazioa ona edo txarra izan daiteke testuinguruaren arabera. Adibidez, niri ez zait a priori gaizki iruditzen hustutako herri bateko etxaldi bat okupatu, berregin eta erabilpen bat ematea, abandonatutako herri hori berpiztu nahiean. Etzait gaizki iruditzen ere desamortizatuak izan ziren lur-komunal tradizionalak berriro okupatzea, garai bateko forutasunari omen eginez herritarrei itzultzeko asmotan.

    Gaztetxeek potentzial bat izan zezaketen sortu izan balira borondate eta balio gorenen isla gisa, alegia, euskal-gazteria balio eta ohitura on eta sendoetan hornitzeko tresna gisa. Horren kontra, gaztetxeak euskal gazteen endekapenerako eta doktrinamendurako guneak dira, gutxienez nik ezagutu ditudanak: parrandak botatzeko, porroak erretzeko eta talde kaxkarren kontzertuetarako guneak izan ohi dira. Asko jota asmblada batzuk egingo dira gazte-eguneko txoznetako turnoak kudeatzeko edo Ernaiko kartelen pegadak antolatzeko, eta tailerren bat badago betiko tontakeri adoktrinatzaile ezkertiarrei buruz izango dira: feminismoa, beganismoa eta errefuxatuak. Ez dut ezagutu gimnasio edo kirol-gunerik, fundamentuzko liburutegirik edo konferentzia interesgarririk ematen duen gaztetxerik ez eta auzo-lan edo karitate ekimenak aurrera eramaten dituenik. Egongo da baten bat, akaso.
    Panorama degeneratu horren aurrean, nahiago gaztetxeak eraitsiko balituzte, ez dakarte-eta ezer euskal gazteriaren onerako. Endekapen guzti horren zergatia, hein batean, oinarri gisa duen ideologia ezkertiar-degeneratu horretan dago. Euskal gazte indartsu, borrokalari, adoretsu eta konprometituak trebatu beharrean… tira, gaztetxe batera hurbiltzea nahikoa da auzolotsa sentitzeko.

  • Gazteagoa nintzenean gaztetxeak begi onez ikusten nituen batez ere euskara zintzoki bultzatzen zutelako. Okupazioan ez nuen gehiegi pentsatzen.

    Orain ere uste dut euskararen aldeko jarrera dutela eta gainera kontsumismotik at alternatiba eskaintzen dutela. Alde horretatik ondo.
    Baina, aizu, norbaiten jabetza pribatua okupatu nahi baduzu, nik uste BAIMENA beharrezoa dela gutxienez. Hori gabe, izorratu behar.

    Eta azken urteotan ezker ideologia inmigrazio masiboaren alde hain sutsuki aritzeak ezker mugimenduaren aurka jarri nau, beste pertsona piloa bezala. Azken finean inmigrante gehienek euskaraz, okupazioaz, independentziaz, gaztetxeez, “autogestio”az eta ideologia guztiaz inor baino gehiago PASO egiten dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude