Gazteok etxe bat behar dugu orain

Gazteok etxe bat behar dugu orain –

Gazteok etxe bat behar dugu orain
Hiriberri, Aezkoa. Arg: Jialxv

 

Jakin bagenekien egoera kezkagarria zela Nafarroako Pirinioetan eta hori gogorarazi digute Saretzen egitasmoak argitaratutako ikerketaren datuek. Izan ere, azken 20 urtetan biztanleriaren %20 galdu du Auñamendiko eskualdeak, 511 biztanle.

Hamaika arrazoi daude honen gibelean. Ordea, etxebizitzaren gaian atentzioa paratu nahiko nuke. Izan ere, geroz eta etxe huts gehiago dago gure herrietan, aunitz bigarren etxebizitza dira eta bertze aunitz oinordetzan jaso dituzte kanpoan bizi eta herriarekin harremanik ez duten zenbaitek. Aipatu behar da ere, landa turismorako bideratzen diren etxebizitzak geroz eta gehiago direla. Bitartean, herrietan bizitzeko apustua egiten dugun gazteok etxebizitzarako sarbiderik gabe bizi gara; prezio altuak eta alokairuan ia etxerik ez. Honen aitzinean Nafarroako Gobernuak eta Nasuvinsak gazteei zuzenduriko alokairu sozialeko etxebizitzak bultzatu ditu. Ongi etorriak izan daitezela! Hala ere, 500 euro inguruko alokairua ez da etxebizitza soziala eta herrietako gazteok ez dugu lehentasunik etxebizitza horietan bizitzeko. Konponbide gutxi.

Egoera larriaren aitzinean, egiturazkoak diren neurriak beharrezkoak dira, etxe hutsei eta bigarren etxebizitzei mugak jartzea alegia, eta horrekin batera, Pirinioetako herrietan bizi garen gazteon etxebizitza eskubidea bermatzea.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko azaroaren 30ekoa]
Gazteok etxe bat behar dugu orain

Soziologoa. Orain @Artelan_ .ean. #PirinioanLanEtaBizi