Gazte zarete gazte, eta ez gaude konforme

Gazte zarete gazte, eta ez gaude konforme

Maite Berriozabal Berrizbeitiak Bizkaiko Hitzan.

Gaztetasuna desio dugu, baina gazte izateari oharkabean uzten diozu. Onar dezagun, gure ile kolorea urte gehiagotan izango da zurirantz doan zerbait, beste kolore hura baino. Gorputza une oro aldatzen da; eta zabaltzen, zulatzen, biguntzen eta amore ematen pasatuko ditu urterik gehienak. Esperientziak metatu ahala, betetzen eta osatzen den neurri berean gogortzen da burmuina. 23 urte nituenean gaztea nintzen. Orain, 10 urte gehiagorekin zer naiz? Heldua? Ez horren gaztea? Iritzi guztiak onartzen ditut. Ez dakit dagoeneko iritsi ote naizen nire bizitzaren erdira edota aspaldi pasatu ote nuen langa.

Gazteak eszenatokian

Zaharrak ez izaten tematzen gara. Ezin badugu gazte izan, behintzat ez gaitezela zaharrak izan. Ahalegin horretan dabilenarentzat, badira hamaika aukera: Gazte sentitzeko planak, azala leuntzeko kremak, titiak zut mantentzeko titizorro estuak, ipurdiarentzat push up direlako prakak, abdominoplastiak, ile zuri errebeldeak otzantzeko tindagaiak… Gaztetasunaren bila baino, gaztetasun mota baten bila ari gara. Inperfekziorik gabeko gorputz argal edota gihartsuen bila. Argala, baina ez biguna. Altua, baina bizkarrean konkorrik gabea. Buruan ile ederduna, baina argizarizko gorputzduna. Gazteak bakarrik ez, gazte normatiboak izan nahi dugu.

Iruditzen zait antzeko zerbait gertatzen zaigula gaztetasunari egozten zaizkion jarrerekin ere. Gazteak errebeldea behar du izan, indartsua, oztopoei bultza egiteko ilusioa duena, sortzailea, apurtzailea, bizitzaren maitale sutsua, lagunekin planak eginzalea, parrandazalea… Eta ezaugarri horiek denak errenkadan irakurtzean garagardo iragarkietan agertzen diren kostaldeetako iluntzeetako gazte kuadrilla surflari zoriontsuekin akordatzen naiz. Gaztetasun idealizatua desiratzen eta babesten dugu. Apurtzailea den gazteria gustatzen zaigu, baina apurtzen ez duena. Indarra duena, baina sasoiz gelditzen dakiena. Parranda egiten dakiena, baina inoren loa oztopatu barik.

Gazteak desgaztetuta gustatzen zaizkigu. Gaztetasuna goratzen duen jendarte honek, aurrean hartzen ditu gazteak. Garai batean gureak ere baziren, baina, orain traba egiten diguten behar eta nahiak kriminalizatu egiten ditugu. Gazte guztiak sartzen ditugu zaku berean, eta arduragabekeriaz jokatu duten batzuen epaia ezartzen zaie guztiei. “Gazte zarete gazte, eta ez gaude konforme” lemapean heltzen zaizkigu albisteak handik eta hemendik. COVID-19aren pandemia garai honetan ere nabarmena izan da eta ari da izaten gazteengan jarri den zama. Denok dugu zer hobetua. Denok izan gaitezke arduratsuagoak, eskuzabalagoak edota koherenteagoak.

Norbere ikuspegiaren eta bizitzaren joanaren arteko batezbesteko horretan, erabaki dezala bakoitzak non kokatu. Izan zaitezke, gaztea, ez gaztea, ez zaharra edota zaharra. Izan zaitezke errebelde, gaztea izan gabe eta izan zaitezke arduragabe bat zaharretan zaharrena izanda ere. Gaztetasunaren betierekotasunaren bila itsututa gabiltzan honetan, ez dezagun ahaztu azala berrizteak ez duela barrua berritzen; eta barrua gazte mantentzeko trikimailurik onena besteak epaitu edota larrutu aurretik, norberarenak aztertzea dela. Beharbada, horrela, barruko gaztetasuna kanpoan ere igarriko zaigu, batek daki.

Gazte zarete gazte, eta ez gaude konforme

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude